Tolosaldeko ospitale publikoa

Suhiltzaileen pareko aparkalekua lehenetsi da ospitale publikoa kokatzeko

Ataria 2021ko eka. 2a, 12:02

Tolosako Udalak ospitale publikoaren kokagunerako azterketa amaitu du, eta Iruña etorbidean dagoen kamioien aparkalekua dela egokiena ondorioztatu du. Bizilagunekiko eragina, lurraren jabetza eta mugikortasuna nabarmendu dituzte kontuan hartutako irizpideen artean.

Tolosako suhiltzaileen parke pareko kamioien aparkalekua. Iruña etorbideko eremu hori lehenetsi du Tolosako Udalak, Tolosaldeko ospitale publiko berrirako kokagunearen azterketa amaitu ondoren. Olatz Peon Tolosako alkateak gogoratu du 2020ko azaroan abiatu zutela ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko kokalekuaren azterketa. «Azterketa horrek bi fase izan ditu, eta azken faseak lau eremu lehenesten zituen. Orain arte bezala, erabakia herritar guztiekin partekatu nahi dugu». Zuzenean inplikatuak izan daitezkeen auzotarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan egon direla adierazi du, azterketaren eta bere ondorien berri emateko.

Jaurlaritzako ordezkariak ezken fasean izandako lau eremuak ikustera ere etorri direla azaldu du alkateak, eta bilerak egin dituztela udal teknikariek bertako teknikariekin jaurlaritzan, «koordinazioa erabatekoa izateko». «Udalaren eta tokikoaren ikuspuntutik eremuaren egokitasuna mahai gainean jarri dugu, eta jaurlaritzak, Osasun saileko ikuspuntutik, bere irizpideak jarri ditu mahai gainean».

Azken erabakia, planeamenduarena, udalarena dela aipatu du Tolosako alkateak: «Horregatik, erabaki bat dugu mahai gainean, Iruña etorbideko kamioien aparkalekua (Iurreamendi auzoan). Aztertutako eremu guztietatik eskualdeko titulartasun publikoa izango duen ospitale publikoa eraikitzeko egokiena da».

Egoitz Sorozabal hirigintza zinegotziak gogora ekarri du, lehen fasean  Tolosako hamabi eremu aztertu zituztela. «Horretarako, hamaika balorazio irizpide kontuan izan genituen, eta puntuazio altuena jaso zuten lau eremuak San Blasekoa, Usabalgoa, Santa Luziakoa eta Iurreamendikoa izan ziren». Behin txosten tekniko hori esku artean, Osasun sailarekin harremanetan egon direla esan du Sorozabalek; «Hartu eman horietan argi geratu zen eremuak egokiak zirela eta ospitalea eraikitzeko baldintzak betetzen zituztela. Osasun sailaren iritziz, Iurreamendiko eremua oso egokia izan zitekeen».

Bukatu berri duten bigarren fasean irizpide «zehatzagoak» izan dituztela kontuan azaldu du hirigintza zinegotziak: «Bizilagunekiko izango lukeen eragina aztertu dugu batetik, eta alde horretatik, San Blas eta Usabalgoak ziren eragin handiena izango luketenak. Bestetik, lurraren jabetza eskuratzeko prozesua hartu dute kontuan, eta ikuspegi horretatik, San Blas, Usabal eta Santa Luzia jabetza pribatukoak dira, eta Iurreamendi, aldiz, zati handi batean publikoa da».

Nabarmendu duen beste irizpidea mugikortasunarena izan da. «Zentzu bikoitz batetik, Tolosaren ikuspegitik eta Tolosaldearen ikuspegitik, alegia. Gainera, puntu horrek ez du azpiegitura berririk behar, esaterako, biribilgunea». Horiek, eta gainerako irizpideak kontuan hartuta, ospitale berria eraikitzeko kokaleku egokiena hori dela «garbi» geratu dela esan du Sorozabalek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!