Tolosaldeko etxeetan ere aurkitu du babesa zimitz arreak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urriaren 20a

Asian du jatorria zimitz arreak, baina Tolosaldean ere bizi da; klima lehorrak erraztu egiten du bere bizirautea.

Asiar jatorria du zimitz arreak —Halyomorpha halys—, baina dagoeneko eskualdeko herrietara eta etxeetara iritsi da. Jada Ameriketako Estatu Batuetan, Zeelanda Berrian, Australian eta Erresuma Batuan bizi da, eta Herrialde Katalanetan, esaterako, 2016az geroztik dago. Ez dela gauza berria dio Jon Ander Galarraga biologoak. «Gurean orain gehiago agertzen ari dela ematen du», dio, baina ez duela Gipuzkoari edota Tolosaldeari dagokion datuen edo ikerketen berririk azaldu du.

Globalizazioan jarri du azpimarra biologoak: «Itsasontzietan bidaiatzen du, eta hori intsektu askorekin gertatzen da. Egurraren gainean doa, barrualdeetan ezkutatu egiten da babesa aurkitzeko... eta horrela mundu guztian zehar bidaiatzen du». Globalizazioak intsektu, fauna eta floran ere eragin zuzena duela esan du.

Klima aldaketari lotuta, ez dela tenperatu igotzea soilik azpimarratu du: «Horregatik gauza asko ari dira gertatzen; oso lasai gaude, baina honelakoak gero eta ohikoago bilakatuko dira».

«KEZKA PUNTU BAT»

Aurrez aipatu moduan, Herrialde Katalanetan 2016az geroztik ugaritzen ari den intsektua da, eta iparralderantz doala esan du: «Klima aldaketa dago, gure isurialde honetan klima epelagoa eta lehorra bihurtzen ari da, eta zimitz arrearentzako egokiagoa da». Garraio bidez zabalpenean lagundu egiten diogula nabarmendu du, eta berari egoki datozkion eremuak topatzen ari dela argitu du.



Beldurra aipatu du, eta asiar liztorra datorkiola burura: «Sagarrondoei eragiten die. Sagarrak xurgatzen ditu, sagarraren azala hondoratuta bezala azaltzen da, eta sagar bati asko erasotzen badio, sagarra desitxuratu egiten du».

Ez du alarmarik piztu nahi izan, baina «kezka apur batekin» hitz egin du biologoak: «Sagarrondoak erasotzen ditu, eta gure ikono den fruitua da». Edozein fruta arbola izan daitekeela argitu du, eta baita hostoak ere; «Ameriketako Estatu Batuetan sagarrondoekin egin dituzte ikerketak, eta sagarrei asko eragiten diela ikusi dute».

Landareak inguruan dituzten etxeetan gehiago agertzen dira, baina nahiz eta kalean bizi, zuhaitzez inguratuta bada, etxe horietan ere agertu daitezkeela azaldu du Galarragak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!