ELKARRIZKETA

«Desagertu ordez, neguan gorde egiten da eta hibernatu egiten du»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 20a, 11:57

Jon Ander Galarraga biologo alegiarrak ATARIA-rekin hitz egin du zimitz arreari buruz.

Nolakoa dela esango zenuke zimitz arrea?

Chinche parda edo hedionda deitzen zaie. Usain txarra botatzen du. Gurin batzuk ditu eta ipurdi aldetik botatzen du usain txarra, eta euskaraz zimitz arrea deituko genioke. Hemipteroa da, hau da, landare, fruta eta hosto xurgatzailea da. Tronpa moduko bat ateratzen du aurrera eta lastotxo batetik tiraka ariko balitz moduan xurgatu egiten du landare barruko izerdia. Fruta ere zuzenean xurgatzen du.

Pertsona edo animaliei ez die eragiten.

Lasai egon gaitezke. Ez zaigu lepora etorri eta odola xurgatzen hasiko. Belar jalea da eta zuku xurgatzailea. Ez die pertsonei erasotzen, baina gerta daitekeena da etxe barruan hamar agertzea. Hegalariak dira gainera.

Nolakoa da itxuraz?

Patata zomorro klasiko baten itxura du. Hexagono forma du, baina marroi iluna da, eta nahiko arrea. Hegatsen bukaeran marratxo argi batzuk ditu. Kolore argiagoak, laranja-berde batzuk; marratxo txiki batzuk dira. Horiekin bereizten da. Patata zomorro ilun bat izango litzateke.

Nola ugaritzen da?

Ez du intsektu baten ohiko jokabidea. Arrautzatik ia heldua bezala jaiotzen da; ninfa deitzen zaio, hau da, heldu bat baino zerbait txikiagoa da. Ugaltzen da, berriz hostoaren azpiko aldean arrautzak jartzen ditu, eta heldua, desagertu ordez, neguan, etxeetan edo zuloetan gorde egiten da. Hibernatu egiten du, eta hor dugu lehen interakzioa gizakiok. Hau da, gure etxe barruetara sartzen da, eta hemen sortzen da dugun arazoa.

Babes bila?

Goxotasunaren bila sartzen da. Ikerketez diotenez, udaberriak lehorrak direnean, nahiko ondo irauten du. Klima nahiko lehorra behar du bizirauteko. Gure kostalde honetan ere klima aldaketarekin klima lehorragoa da, eta zimitz arreentzat leku egokiagoa bilakatzen ari da. Orduan, udaberria erraz pasatzen du, eta neguan etxe barruetan sartzeko aukera du. Eta gainera ikusi dudanez, heldu batek, 100 kilometro egin ditzake egunean hegan.

Beraz, urte bat baino gehiago iraun dezake bizirik.

Bai. Ugaldu egin daiteke, eta zabaltzeko kapazitate handia duen intsektua da.

Hosto xurgatzaile esatean, zer esan nahi duzu?

Hostoaren azpian kokatzen da, eta hostoaren izerdia xurgatzen du. Landarearen tokirik zaurgarrienera joaten dira, eta normalean hostoak izaten dira. Eta era berean hostoaren azpia aprobetxatzen dute arrautzak jartzeko.

Noiz jartzen ditu arrautzak?

Udaberri aldera hasten da barreiatzen, neguan lozorroan sartuko da, eta gure etxeetan sartzen da. Udaberrian berriz ateratzen da ugaltzeko. Orain hasi da gure etxeetan sartzen, eta hori da intsektu honek duen zelebrekeria. Horrek eragin du intsektu honetaz hitz egitea. Arboletako zuloetan gordeko balitz, ez zen ezer pasako, baina gure etxeetan sartu dela da kontua. Ikusi egin beharko dugu nolako bilakaera duen. Gerta daiteke, agian, udaberri hezea etortzea hurrengoa, eta horren ondorioz, intsektua guretik desagertzea.

Intsektu berri gehiago badira?

Zimitz arrea agertu da gure etxeko balkoian azaldu direlako, baina ziurrenik beste mila intsektu egongo dira aurten agertu direnak, inork ezagutzen ez dituenak eta hortik ibiliko direnak, baina aurreko urtean ez zeudenak. Baina inork ez ditu ikusi eta ez ditu behatu, eta diskretuki pasatzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!