ELKARRIZKETA

«Inguruko trikitilariak elkartu eta elkar ezagutzeko egun polita da»

Iñigo Terradillos 2022ko urr. 14a, 19:59

Tolosaldeko II. Trikitixa Egunean parte hartuko duten asko trikiti ikasleak izango dira. Horrela izan zen duela hiru urte egin zuten egunean. Ikasleak, batik bat, gazteak izan ohi diren arren, denetarik dago. Horren erakusle, Ataria-k hiru belaunaldi desberdineko sei ikasle batu ditu. Izadi Esnaola eta Laida Gabirondo 9 eta 10 urteko alkizarrak, Iraide Pellejero eta Izaro Iruretagoiena 15 eta 16 urteko alkizarrak, Ekain Yarza 44 urteko amasarra eta Lierni Otamendi Villabonan bizi den añorgarra. 

Panderoa eta soinua ikasten dute, alkizarrek Alkizako trikiti eskolan eta Yarzak eta Otamendik Loatzo Musika Eskolan, guztiek Maixa Lizarribar irakasle dutela. Etxean ikusi edo entzun dutelako, betidanik gustatuta, utzita izan ostean berriro hartzeko gogoa sartuta... arrazoi desberdinek bultzatuta eman zuten trikiti eskolak hartzeko pausoa. Gehienak duela hiru urte egin zen lehen topaketan izan ziren, eta bihar Tolosan izango den Trikitixa Egunean parte hartzeko gogoz daude.

Nolatan hasi zineten trikitia ikasten?

Izaro Iruretagoiena: Txikitatik gustatu izan zait, eta gainera, niretzat denbora-pasa polit bat da.

Iraide Pellejero: Txikia nintzela amak pandero txiki bat erosi zidan. Asko gustatzen zitzaidan. Probatzen hastea pentsatu nuen, eta horrela hasi nintzen panderoa ikasten. Bi-hiru urte utzita izan nuen, eta orain berriro itzuli naiz eskoletara.

Lierni Otamendi: Ahizpak soinua jotzen zuen, eta nik etxean zegoen pandero bat hartzen nuen berarekin bikotea osatzeko. Ahal nuen moduan jotzen nuen. Ez nekien nola egin behar zen, ateratzen zitzaidan bezala egiten nuen. Neure buruari esan nion behingoagatik ikasi egin behar nuela jotzen, eta horrela hasi nintzen eskolan ikasten.

Ekain Yarza: Nire kasa hasi nintzen ni ere hasieran, baina, gero pixka bat gehiago ikasteko gogoa sartu zitzaidan, eta horrela animatu nintzen. Denbora libre pixka bat gehiago ere banuenez, eta Lierni eskoletara joatera animatu zela banekienez, ba ni ere ausartu nintzen. Zortziko taldea gara Villabonan.



Laida Gabirondo: Lehengusuak jotzen du soinua eta gustatzen zitzaidanez ikasten hastea pentsatu nuen. Gustura joaten naiz, eta horregatik jarraitzen dut.

Izadi Esnaola: Txikitan nire amak trikiti kontzertu batera eraman ninduen, eta asko gustatu zitzaidan. Eta, ordutik, ikasten hasi nintzen.

Yarza: Nire sema-alabak, etxean guri jotzen ikusita ziurrenik, beste hainbat gauzen artean, trikitia eta panderoa jotzen hasi ziren, eta gaur egun hor jarraitzen dute.

 

Izaro Iruretagoiena: «Kontzertuetan jotzeak baino gehiago erakartzen naute txapelketek»



Otamendi: Ni ahizparekin hasi nintzen panderoa joz, baina, gerora, senarrak ere soinua jotzen du, beraz, etxean jarraipena eman diogu trikitiari.

Helduen kasuan, ezohikoagoa da trikiti eskoletara joatea?

Otamendi: Helduen kasuan, benetan gustatzen zaigulako hasi gara trikiti edo pandero eskolan. Ez da umetan bezala erdi behartzen zaituztela zer edo zer egitera. Orain umeak pixka bat koskortuago daude, eta denbora gehiago daukat eskoletara joateko, baina, hasieran umearekin, txikienarekin joaten nintzen ikastera.

Zuen etxeetan betidanik entzun izan al da trikitia?

Otamendi: Nirean klasikoa entzun dugu. Nire gurasoak abesbatza mundukoak ziren, eta hezkuntza musika klasikoaren inguruan izan dugu. Eta, nik txikitan txistua ikasi nuen. Gurasoekin trikitia ere entzuten genuen, baina, batez ere, abesbatzak, orkestrak eta horrelakoak.

Yarza: Nirean bai. Gu dantza mundukoak gara, eta dantzarekin beti egon da lotua trikitia. Panderoa duela 25 urte inguru erosi nuen, eta etxean nuen, geldi, jo gabe. Gero, tarteka hasi nintzen, Lierniren senarrarekin ere bai, garajean entseatuz.

Iruretagoiena: Gure etxean musika entzun bai, baina, jo ez du inork jotzen. Alkizako festetan, eta, oro har, herri txikietan, festetan beti egon izan da trikitia. Baina, gure familian ez dago trikitia jotzen duenik.

Pellejero: Nire amak esaten zidan lagun batekin trikitiarekin saltsan aritzen zela, baina, horrela ikasi seriotasun batekin, ez.

Esnaola: Nire etxean ez dago trikitilaririk.

Gabirondo: Lehengusuak jotzen du soinua, eta gure birraitonak ere panderoa jotzen zuen.

Jotzea edo entzutea zer nahiago duzue?

Otamendi: Niri, gaur egun, panderoa nola jotzen duten ikustea asko gustatzen zait. Eskuekin egiten dituzten mugimenduei edota ateratzen dituzten hotsei erreparatzen diet.

Yarza: Bai, egia da orain lehen baino gehiago erreparatzen diodala besteen jotzeko moduari.

 

Izadi Esnaola: «Txikitan amak trikiti kontzertu batera eraman ninduen eta asko gustatu zitzaidan»


Iruretagoiena: Agian, lehen musikarekin geratzen ziren, baina ikasten hasten zarenean arreta gehiagoz begiratzen diozu besteek nola jotzen duten.

Zer jotzea gustatzen zaizue gehien?

Esnaola: Kalejira.

Gabirondo: Kalejira, errazagoa delako.

Yarza: Nik fandangoa nahiago dut, azkarragoa delako edo.

Otamendi: Lehen arin-arin-a ez zitzaidan gustatzen, ez nuelako harrapatzen, eta orain, berriz, jotzen ikasi dudanetik, oso gustura jotzen dut.

Iruretagoiena: Trikitiarekin agian fandangoa nahiago dut.

Pellejero: Nik ere fandangoa dut gustukoen.

Gogoan duzue ikasi zenuten lehen abestia?

Esnaola: Bai, Zazpi jauzi.

Gabirondo: Zut.

Yarza: Soinuarekin edo panderoarekin ezberdina da; izan ere, fandango guztiak, esaterako, erritmo berdinekoak dira.

Otamendi: Gogoan dudana da, ahizparekin batera, bertsoetan abesti bera tartekatzen genuela. Beti berdina izaten zen.

Gaur egun dagoen musikatik zer da gehien gustatzen zaizuena?

Otamendi: Amak, Neomak...

Yarza: Niri denetarik entzutea gustatzen zait, gaur egungo musika zein garai batekoa. Gaur egun trikitiarekin egiten den nahasketa asko gustatzen zait, eta lehengo trikitilarien musikara ere askotan jotzen dut.

 

Iraide Pellejero: «Txikia nintzela panderoa jotzen nuen; utzita izan dut, eta berriki hasi naiz berriro»


Otamendi: Badira trikitiaren playlistak gaur egungo musika nahiz garai batekoa nahasten dutenak eta horiek ere asko entzuten ditugu etxean.

Iruretagoiena: Denetarik, Amak, Xabi Solano...

Esnaola: Amak taldearen Erabili nazazu kantua gustatzen zait asko.

Edozein abesti jo al daiteke trikitiarekin?

Otamendi: Bai, moldatuz gero edozein jo daiteke.

Iruretagoiena: Niri gustatzen zait nahastea, beti trikitia jo beharrean, trikitiarekin abesti bat moldatzea.

Otamendi: Gaur egun nahiko zabalduta dago kanta mota asko jotzea trikitiarekin.

Ze trikitilarirekin gustatuko litzaizueke jotzea?

Yarza: Nik Imuntzorekin joko nuke gustura.

Otamendi: Nik lehengo horietako batekin, mugimendu azkarrekin jotzen zuten haiekin, Zumarragako Trikitixa, kasu.

Ze leku edo plazatan joko zenukete gustura?

Otamendi: Zelatunen edo Aisterrazun. Trikitirako ohikoak diren bi plaza dira.

 

Laida Gabirondo: «Lehengusuak soinua jotzen du eta birraitonak panderoa jotzen zuen»


Iruretagoiena: Behin joan ginen soinuak hartuta Zelatunera, eta jo genuen bertan.

Esnaola: Alkizako plazan.

Jotzen al duzue beste instrumenturik?

Esnaola: Txirula eta gitarra ere hasi naiz jotzen.

Otamendi: Nik txistua jotzen dut.

Talde batean jotzea gustatu al litzaizueke?

Iruretagoiena: Talde batean jotzea gustatuko litzaidake, baina, kontzertuak eta ematea, ez hainbeste. Edo, kontzertuak agian herri txikietan bai, baina handiagoetan ez. Momentuz behintzat ez nau erakartzen horrek.

Pellejero: Talde batean joko nuke gustura, baina, une honetan jendearen aurrean jotzearen ideiak ez nau gehiegi motibatzen. Agian, probatu ez dudalako da, eta behin probatu ondoren gustatzea ere posible da.

Otamendi: Taldeetan-eta aritu eta kontzertuak ematearena agian urrun xamar ikusten dut. Baina, kantu bazkarietan-eta parte hartzen dugu. Villabonako bi elkarteetara joaten gara, beraiek eskatuta, eta horietan jotzen dugu trikitia.

Yarza: Oilasko biltzen ere trikiti doinuak izaten dira, eta hor parte hartzen dugu.

Gabirondo: Niri ez zait gustatzen talde batean trikitia jotzeko ideia.

 

Ekain Yarza: «Trikitia tarteko bada, beti sortzen da giroa. Horrelako topaketak inguruko trikitilari guztiak biltzeko aitzakia dira»


Esnaola: Talde batean elkartu trikitia jotzeko bai, gustatzen zait hori, baina, momentuz kontzertuak eman gabe.

Txapelketetan parte hartzeko ideia?

Iruretagoiena: Ba, agian kontzertuena baino gehiago erakartzen nau txapelketa batean parte hartzeak. Probatuko nuke.

Pellejero: Nik ere gustura probatuko nuke txapelketa batean lehiatzeko esperientzia.

Otamendi: Nik ez. Subjektibitate puntu handia duten txapelketak ez zaizkit asko gustatzen. Ez naiz lehia horren oso zalea.

Yarza: Niri txapelketak ikustea gustatzen zait. Izan ere, txapelketa batean maila altua egoten da normalean. Gainera, gauza berriak ere izaten dira beti. Gero, nork irabazten duen-eta ez zait hainbeste interesatzen.

Otamendi: Ikuskizun bezala agian bai. Baina, zein den bestea baino hobea erabakitze hori ez zait gustatzen. Dantzan ere berdin. Dantza munduan asko ibilia naiz. Dantza emanaldiak ikusiko nituzke, baina nork hobeto dantzatzen duen horretan subjektibotasunetik asko duela iruditzen zait. Nork erabakitzen du abesti bat bestea baino zailagoa dela edo batek besteak baino hobeto jo duela soinua edo panderoa? Epailearen gustuak ere sartzen dira hor.

Zenbat denbora eskaintzen diozue trikitiari?

Otamendi: Gutxi. Astearen arabera izaten da. Garajean egiten ditugun entsegu horiek izaten badira, orduan pixka bat.

Yarza: Tarteka bai, beti ere daukadan denbora librearen arabera. Elkartean-eta elkartzen garenean orduan ere jotzen dugu.

Iruretagoiena: Etxean dezente jotzen dut. Ikasten ari naizenean tartetxo batez arnas pixka bat hartzeko ere jotzen dut. Oso baliagarria da horretarako.

Pellejero: Lehen gutxi, baina, orain berriro hasi naizenez gehiago ari naiz.

 

Lierni Otamendi: «Ahizparekin hasi nintzen panderoa joz, eta gerora, senarrak ere soinua jotzen duenez, etxean jarraipena eman diogu trikitiari»



Gabirondo: Egunean 15 minutuz edo.

Esnaola: Tarteka 25 bat minutuz edo aritzen naiz etxean.

Tolosaldeko Trikitixa Eguna antolatu du Hauspotuz elkarteak biharko Tolosan. Bigarren aldiz egingo da. Lehenengoan parte hartu al zenuten? Zer moduz pasa zenuten?

Iruretagoiena: Ni izan nintzen lehenengoan, eta oso ondo pasa nuen. Giro oso polita zegoen. Trikitilari eta pandero jotzaile asko elkartu ginen, eta hori asko gustatu zitzaidan.

Pellejero: Ni, bertan zegoen giroarekin geratzen naiz. Gure artean oso giro polita zegoen, eta ederki pasa genuen.

Otamendi: Bazkalosteko unea izan zen politena niretzat. Poteoa eta kalejira ere primerakoa izan zen.

Yarza: Egia esan, soinua tarteko bada beti sortzen da zer edo zer, beti sortzen da giroa. Kalean aritzea oso polita izan zen.

Egun horretan jotzea nola izaten da. Gozatzen al da?

Otamendi: Bai. Gustura aritzen gara. Bat hasten da, eta besteek jarraitu egiten diogu. Panderoarekin alde horretatik, ez dago arazorik; izan ere, pieza guztiak dakizkigula esan daiteke. Soinuarekin, berriz, ahal duzuna egin behar duzu.



Hauspotuz elkartea sortu da berriki, trikitilariak elkartu eta eskualdean trikitiari bultzada emateko, besteak beste, biharkoa bezalako egunen bitartez. Zer iruditzen?

Otamendi: Elkar ezagutzeko balio du, eta biharkoa bezalako egunak egiteko. Oso ondo dago.

Yarza: Inguruko trikitilari guztiak biltzeko aitzakia da.

Iruretagoiena: Azken batean, etxean jotzen duen jende asko dago. Bakarrik jotzen du jende askok, eta modu honetan beste trikitilariekin jotzeko ere aukera duzu. Gainera, jendea ezagutzen duzu eta lagun berriak egiten dituzu.

Otamendi: Duela hiru urteko trikitixa egunean 200 pertsona baino gehiago elkartzea lortu zen, eta hori Tolosaldea mailan izateko kopuru oso polita da. Gainera, bazkaltzen jende gehiago batu zen, gaztetxoen gurasoak-eta, esaterako. Hauspotuz elkartearen lehen ekitaldi handia izan zen hura, eta primerakoa izan zen.

Yarza: Hortik abiatuta gorantz joatea zen asmoa, hau da, indartzen joatea. Gero, ordea, pandemia iritsi zen, eta azken hiru urteetan ez da egin topaketarik. Etenaldi handia da, eta horrelakoetan giroa hoztu egiten da. Dena den, gu duela hiru urteko egun hori errepikatzeko gogotsu gaude, eta ea hartan animatu ez zen jendea ere ikusten dugun bihar.

Erlazionatuak

Berriro elkartzeko gogoz

Iñigo Terradillos 2022 urr 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!