ERREPORTAJEA

Berriro elkartzeko gogoz

Iñigo Terradillos 2022ko urr. 14a, 19:58

Tolosaldeko Trikitixa Eguna egin zuten lehen aldiz 2019an. Irudian, parte hartzaileak, Tolosako Plaza Berrian. XANTI AZURMENDI

Eskualdeko trikitilari gehienak elkartzea lortu zuten Tolosaldeko I. Trikitixa Egunean, eta asmo horrekin antolatu dute bigarrena; 200 trikitilari inguruk girotuko dituzte Tolosako kaleak.

Eskualdeko trikitilariak elkartu eta trikitiaren bueltan festa egun bat egitea. Horixe da Hauspotuz elkarteak bigarrenez antolatu duen Tolosaldeko Trikitixa Egunaren helburua. Lehenengoan bezala, Tolosa izango dute elkargune trikitilariek, eta goizean hasiko dira soinu eta pandero doinuak zabaltzen. Bazkarian ere trikiti doinuak izango dituzte, eta arratsaldeko kalejira erraldoiak ere festa giroarekin jarraitzea izango du xede.

Manex Torrealdai Hauspotuz elkarteko kideak azaldu duenez, Trikitixa Eguna trikitilariek elkar ezagutu eta elkarrekin ondo pasatzeko «aukerarik aproposenetakoa» da. «Gure instrumentuaren bueltan biltzen gara, gehiena gustatzen zaiguna egiten; hau da, instrumentua jotzen, elkarrekin, bazkari baten bueltan... aitzakia perfektua da ondo pasatzeko». Izan ere, 2019. urtean egin zen lehendabizikoa datorkie burura; «lehen hura hain ona izan zen, hain positiboa izan zen guretzat, gogoa genuela bigarren bat egiteko».

Topaketa aldarrikapen modukoa ere bada trikitilarientzat. «Egun honekin, hemen gaudela adierazten dugu, Tolosaldean trikitilariak badaudela, asko gainera, elkartzen garela eta gauzak egiteko gogoa dugula adierazi nahi dugu», dio Torrealdaik. Hain zuzen, 200 trikitilari baino gehiago elkartu ziren lehendabiziko Trikitixa Egunean, eta kopuru hori berdindu nahiko lukete Hauspotuz elkartetik. «220 trikitilari aritu ginen kalejiran, eta bazkarian gehiago izan ziren; adinari begiratuta, denetarik izaten da, eta aurtengorako nire ikasleen artean parte hartuko duen gaztetxoenak 7 urte ditu, eta badakit kalejiran jubilatu bat ere ariko dela», azaldu du Maixa Lizarribar Hauspotuzeko kideak.

Sortu berria zen Hauspotuz elkartearen lehendabiziko ekitaldi handia izan zen Trikitixa Eguna. Erantzun «oso ona» izan zuen, eta kezka badute hiru urteko etenaldia izan delako. «Dena den, badakigu jende asko egun hori itxaroten ari dela eta aurrekoan bizitakoak errepikatzeko gogoz dagoela», dio Lizarribarrek.

«Oraindik asko du emateko»

Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkartean argi dute hasi zuten proiektuari jarraipena eman nahi diotela. «Martxa onean hasi ginen, eskualdeko trikitilariengana iristeko proiektu interesgarriekin, baina, gero pandemia iritsi zen», gogoratzen du Torrealdaik. Izan ere, Tolosaldekoko Trikitixa Egunaz gain, zonaldeka trikiti egun «txiki» batzuk egiten ere hasi ziren. «Larraul eta Asteasukoa egin genuen, esaterako. Gertutasun hori bilatzen genuen, bertako trikitilariengana iristeko». Elkarteak urtean gisa horretako bi egun antolatzeko asmoa zuen, eta gero Trikitixa Eguna. «Modu horretara lortu nahi genuen trikitilari guztiek Hauspotuz elkartearen berri izatea, guztiek jakitea hor dagoela elkartea behar dutenerako».

«Asko» ematen hasi zen, beraz Hauspotuz elkartea, baina, oraindik «asko» duela emateko dio Torrealdaik. «Ea nolako erantzuna duen Trikitixa Egunak, eta ea hemendik aurrera gure proiektuekin jarraitzeko aukera dugun». Hori posible egiteko euren artean duten «sintonia ona eta gogoa» azpimarratzen dute. «Esfortzu handia eskatzen dute biharkoa bezalako egunak antolatzeak, eta eskertu behar da elkarteko kideek egiten duten lana eta adierazten duten nahia».

 

EGITARAUA

URRIAK 15, TOLOSA

  • 11:30. Trikitilariak elkartuko dira Lopez Mendizabal plazan.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 18:30. Kalejira erraldoia Trianguloa plazatik abiatuta, Alde Zaharrean zehar.

 

Badator 'Hauspo artean'

Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai trikitilariek gidatuta, bueltan da Hauspo Artean trikiti saioa. Bihar 12:00etan eta astelehenean 20:00etan izango da entzungai Ataria Irratian eta Ataria.eus-en, eta hilean behin trikitiaren munduko gonbidatu bat izango dute. Lehen saioan, Ainara Saizar aiarrarekin izango dute solasaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!