Bearzana frontoian abiatuko da Lau eta Erdiko Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 3a, 12:19
Argazkia: Baiko Pilota.

Eskualdeko lau pilotarik parte hartuko dute. Asteburu honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako partidak: Artola-Elezkano II.a (Amasa-Villabonan), Urrutikoetxea-Peña II.a, Jaka-Elordi eta Dario-Agirre.

Ostiral honetan hasiko da denboraldiko lehen txapelketa: Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) Lau eta Erdikoa. Hilabete eta erdi iraungo du, azaroaren 20an jokatuko baitute finala, Bilbon, Miribillako pilotalekuan. Gaur aurkeztu dute txapelketa, Miribillan bertan. Aldaketa gutxi daude aurreko lau eta erdikoaren aldean. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriz ere, enpresa bakoitzetik seik. Horietatik lau eskualdekoak dira: Jokin Altuna Aspe enpresako pilotaria, eta Erik Jaka, Iñaki Artola eta Jon Ander Peña Baiko enpresakoak. Aspetik, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria, Danel Elezkano, Aitor Elordi eta Dario Gomez ere ariko dira; Baikotik, berriz, Unai Laso, Mikel Urrutikoetxea, eta Asier Agirre izango dira beste pilotariak. Aurrelariak dira guztiak. Azken urteetako ohitura da hori: Alvaro Untoria izan da maila nagusiko lau eta erdia jokatu duen azken atzelaria; 2016an aritu zen.

Ostiral gauean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Amasa-Villabonan: Elezkano II.a-Artola. Behar Zana Pilota Taldeak, iaz bete zuen 75. urteurrena dela eta, goi mailako jaialdia antolatu du, Amasa-Villabonako Udalarekin batera, eta jaialdiari hasiera emateko, txapelketako partida jokatuko dute.

Larunbatean, berriz, bi partida jokatuko dituzte Zallan (Bizkaia): aurrenekoan, Urrutikoetxea eta Peña II.a ariko dira, eta bigarrengoan, Jaka eta Elordi. Azkenik, igandean, Lekunberrin (Nafarroa) Dario eta Agirre ariko dira final-zortzirenetako azkeneko partidan.

Azken urteetako sistema bera

Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Laso, Ezkurdia eta Peio Etxeberria, hurrenez hurren. Urrutikoetxea-Peña II.a eta Dario-Agirre partidetako garaileek Altuna III.a eta Peio Etxeberria izango dituzte aurkari A multzoan; hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Elezkano II.a-Artola eta Jaka-Elordi neurketetako garaileak, berriz, Lasorekin eta Ezkurdiarekin ariko dira B multzoan.

Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 5ean eta 6an jokatuko dira finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 20an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, 13an, hirugarren eta laugarren posturako partida izango da. EPEL-ek ez du oraindik zehaztu non jokatuko den.

Ezingo da partidarik atzeratu. Hala, final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio partida lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazle. Finala ere ez da atzeratuko, eta iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du.

Caixabank Masters Txapelketa

Atzo jokatu zuten Nafarroa Arenan Caixabank Masters Txapelketako finala Ezkurdia-Mariezkurrena II.a eta Altuna III.a-Imaz bikoteek. Nafarrak nagusi izan ziren partida osoan zehar, eta azkenean, garaipena eskuratu zuten: 22-15. Joseba Ezkurdia izendatu zuten txapelketako jokalari onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!