10 eta 14 urte arteko haurrentzako zientzia- eta teknologia-eskolan izena emateko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 30a, 10:59

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak hartu du bere gain ZTIAM Eskola eta asteazkenetan izango dira saioak.

Aurten ere 10 eta 14 urte arteko gazteek zientzia eta teknologiarekin lotutako eskolaz kanpoko aisialdi eskaintza izango dute eskualdean. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak hartu du ZTIAM Eskola kudeatzeko arduraren lekukoa, eta Elhuyarrek Bizilabe tailerrekin ereindako haziari jarraipena emango dio, Tolosaldea Garatzenen eta Tolosako Udalaren babesarekin.

ZTIAM (STEAM) arloko hezitzaile baten laguntzarekin, zientzia eta teknologian oinarritutako jarduerak gauzatuko dituzte haurrek, proiektu erakargarriak osatuz: testu eta bloke bidezko programazioa landu, simulatzaile baten bidez soldatzen ikasi, robot kolaboratzaile bat akzioan ikusi, 3D inprimagailu bidezko inpresioan lehen urratsak eman, mekanika kutsuko maketa erreal bat sortu... Ikerlarien lanak ezagutu eta enpresak ere bisitatuko dituzte.

Ezagutza teorikoak praktikan jartzea da xedea, ingeniaritza erronkei edota arazo teknologikoen konponbideei sormena aplikatuz. Modu horretara, gazteak gizarteko etorkizuneko erronkei aurre egiteko ahalduntzea da xedea.

Urriaren 19tik aurrera

Ikasturtea urriaren 19an abiatuko da eta maiatzaren 26ra arte, asteazkenetan izango dira jarduerak, Lanbide Heziketa Institutuan bertan. LH5 eta 6. mailakoek, hau da, 10-12 urte artekoek, 17:15etik 18:45era bitarte izango dituzte eskolak; 12 eta 14 urte artekoek (DBH 1 eta 2), berriz, 19:00etatik 20:30era.

Izena emateko tolosaldeagaratzen.eus webguneko izen-emate formularioa bete edo mendizabal@tolosaldea.eus helbidera idatzi beharko da. Kuota 10 eurokoa da hilabetean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!