Gurpilgunearen inaugurazioarekin abiatu dute Mugikortasun Astea

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 21a, 15:59

Tolosako Zumardiandian kokatu dute espazioa, eta erabilgarri egongo da astearte, ostegun eta ostiraletan. Zumardia elkarteak dinamizatuko du gunea, boluntarioen lanari esker.

Mugikortasun eredu jasangarri bat sustatzeko bizikletaren erabilera aldarri hartuta, martxan da Gurpilgunea espazioa; gaur aurkeztu dute Tolosako Zumardiandian. Erabiltzen ez diren bizikletak eta horien piezak berreskuratu eta norbere bizikletak konpontzeko aukera eskainiko du. Horretarako, konponketarako tresna ugari izango dira erabiltzaileen eskura.

Lan horretan laguntzeko eta zalantzak argitzeko Zumardia Elkarteko boluntario talde baten laguntza izango dute bertaratzen direnek. Are gehiago, tarteka oinarrizko mekanika eta konponketa tailerrak antolatuko dira, trebatzeko. Ez hori bakarrik, salerosketarako eta elkartrukerako gune ere izango da, eta hori errazteko dinamika bat jarriko du martxan.

Bazkideentzat bakarrik

Bazkideek baino ezingo dute erabili espazioa, baita bertako tresneria eta aholku zerbitzua ere. Bazkidetzak 15 euroko kostua du urtean, eta izena emateko info@zumardia.eus helbidera idatzi behar da. Aste honetan, ateak zabalik izango ditu arratsaldetan, nahi duen orok espazioa bera eta zerbitzuen eskaintza bertatik bertara ezagutzeko. Gero, astearte goizez (10:00-12:00) eta ostegun eta ostiral arratsaldetan (17:00-19:00) egongo da zabalik, oraingoz.

Boluntarioen lana ezinbestekoa izango denez, beste edonor lan horretan laguntzeko prest balego, Zumardia elkartearekin jar daiteke harremanetan. Jende gehiagoren laguntza jasoz gero, ordutegia zabaltzeko aukera aztertuko dute.

Erreferentziazko gunea

Edu Otxotorena, Zumardia Elkarteko kide eta Gurpilguneko arduradunak azaldu duenez, «bizikleten berrerabilpenerako erreferentziazko gune» izan nahi du espazio berriak: «Natura, hezkuntza eta kirola dira Zumardiaren balio nagusiak, eta proiektu honek bete-betean egiten du bat balio horiekin, modu jasangarriagoan mugitzea, hondakinak gutxitzea eta horretarako gizartea heztea dituelako xede Gurpilguneak». 

Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren hitzetan, ekonomia zirkularra, ingurumena eta gizarteratzea ditu oinarrian proiektuak: «Tolosaldearentzat, hain zuzen, etorkizunerako zutabe estrategiko direnak».

Ildo beretik mintzatu da Olatz Peon, Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria: «Konpontzea eta berrerabiltzea, hondakin bihurtu aurreko urrats garrantzitsua da, eta hori guretzat lehentasunezkoa da hondakinen politikan. Tolosan horrelako espazio bat herritarren eskura jartzea urrats bat gehiago da jasangarritasunaren alde egiten ari garen lanean».

'Bizibira fest', ostiralean

Mugikortasun Astearen barruan, beste bi hitzordu izango dira asteburuari begira. Ostiralean, Tolosa eta Ibarra arteko Bizibira Fest bizikleta martxa ospatuko da, 17:00etan, Intujai taldeak dinamizatuta. Hiru abiapuntu izango ditu: Ibarrako San Bartolome plaza, eta Tolosako San Juan Plaza (Arramele ermitaren alboan) eta Herrikide ikastetxea (hau 17:10ean abiatuko da). Azken honek, Laskorain Ikastolako ikasleak jasoko ditu Usabalen.

17:30eatik aurrera, Zumardiandian bilduko dira guztiak, eta bertan, festa bat egingo dute. Bertan, jolasak eta tailerrak egingo dituzte haurrentzat, eta horrez gain, berrikuntza modura, Oriako Limousin Txirrindularitza Eskolako kideek bizikleta gainean trebetasuna lantzeko zirkuitua edo ginkana jarriko dute.

Larunbatean, berriz, bigarren eskuko azoka ospatuko da, leku berean. Bizikleta eta materialen salerosketa egingo da. Horiek aurrez utzi ahalko dira gaur, bihar eta etzi, 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatean bertan, 09:00etatik 10:00etara.

Lotura honetan irakurri daiteke guneari buruzko informazio osagarria.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!