Ikastetxeen karabana abiatuko dute ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 21a, 16:32

Ikasturte osoan zehar, 8:30ean Trianguloa plazatik Tolosako hiru ikastetxeetara doazen bi talde egingo dituzte, ikasleak, bizikletaz zein patinetez, modu arduratsu, ordenatu eta seguruan, udaltzaingoz lagunduta joateko.

Irailaren 16tik 22ra bitartean Europako Mugikortasun Astea ospatzen ari dira Europako hiri eta herri desberdinetan, eta hain zuzen, ospakizun hori oinarri zein aitzakia gisa hartuta, Ikastetxeen karabana ekimena aurkeztu du Tolosako Udalak, udaltzaingoaren zuzendaritzapean garatutakoa.

Ikasturte guztian zehar, Tolosako ikasleak, udaltzaingoz lagunduta, bizikletaz edo patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan ikastetxera joatea da ekimenaren funtsa. Izan ere, haur eta gazte asko dira gaur egun goizero talde txikitan elkartzen direnak bi garraiobide horien bidez mugitzeko, baina modu sakabanatuan eta inolako zaintzarik gabe egiten dituzte joan-etorriak. Hori aintzat hartuta, Tolosako Udaltzaingoak ekimen hau landu du, ikasleen artean mugikortasun eredu jasangarri eta iraunkorren erabilera bultzatzeaz haratago, erabilera hori modu seguruan egin dezaten, guztien segurtasuna eta ongizatea bermatuta egon dadin.

Horrela, Ikastetxeen karabanaren bitartez, bizikleta zein patinetez mugitzen diren ikasle horiek guztiak Trianguloa plazan elkartu nahi dituzte, egunero (baita eguraldi txarrarekin ere), 8:30ean, bertatik, bi multzotan banatuta, herriko hiru ikastetxeetara joateko. Talde bat alde zaharretik Samaniego ikastetxera abiatuko da, eta bestea, San Frantzisko pasealekutik Herrikidera lehenik, eta Laskorain Ikastolara ondoren. Ibilbideak udaltzaingoz lagunduta egingo dituzte beti, eta parte hartzen duten ikasleek, gainera, bide-heziketa formakuntza jasoko dute haien eskutik lehen hamar minutuetan; beraz, 08:40ean abiatuko dira ikastetxerantz. Ostiral honetan irtengo da lehen karabana.

Ikastetxeetarako joan-etorriez haratago, ikasleek egunerokotasunean modu arduratsuan jokatzeko irizpideak eta oinarriak ikastea nahi dute. «Horrela, jarraipena emango diete orain arte udaltzaingoak urtean behin edo bitan ikastetxeekin elkarlanean landutako bide-heziketa tailerrei, heziketa arloan urrats bat gehiago emanez, eta, aldi berean, mugikortasun iraunkor, aktibo eta autonomoa sustatuko da Tolosako ikasleen artean, haien segurtasuna udaltzaingoaren laguntzaren bitartez uneoro bermatuz», adierazi du udalak.

Mugikortasun Asteko ekimen gehiago

Tolosako Udalak, Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du eta hainbat ekintza antolatu ditu ospakizun horren inguruan, modu horretara aldaketa klimatikoaren erronkan aurrera egiten jarraitzeko eta bide horretan mugikortasun jasangarri eta iraunkorra sustatu eta herritar ororen artean, mugikortasun eredu eta aukera berriak bultzatzen jarraitzeko.

Ikastetxeen karabanaren oinarriari jarraiki, gaur, bihar eta etzi mugikortasun arauak lantzen ari dira Tolosako ikasleekin. Garraio desberdinen arteko bizikidetasuna sustatzea, guztien arteko errespetua eta segurtasuna bermatzeko da heziketa saio horien helburua.

Azkenik, mugikortasun eredu iraunkor eta jasangarria sustatzeko lehen urratsetako bat bizikletaren erabilera areagotzea dela jakinik, Gurpilgunea espazioa sortu dute Zumardiaundian hainbat erakundek elkarlanean, eta gaur aurkeztu dute. Bertan, Bizibira Fest festa egingo dute ostiralean, eta larunbatean, berriz, bigarren eskuko azoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!