ERREPORTAJEA

Jaiotza tasa eta zahartzaroa, kezka iturri

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 17a, 07:58
Jaiotza tasa eta zahartzaroa, kezka iturri. E.M.E.

Eustat estatistika institutuak eman ditu aurtengo lehen hiruhileko datuak eta jaiotza tasa beherantz doa; eskualdeari argazkia ateratzeko Abaltzisketa, Amasa-Villabona eta Baliarraingo udalekin hitz egin du Ataria-k.

Eustat estatistika institutuak 2022an urtarriletik martxora bitartean jaio diren haurren berri eman du. 3.287 haur jaio dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta epe horretan iaz %1,1 haur gehiago jaio ziren. Beste behin emaitzek erakutsi dute jaiotza tasa beheranzko joeran doala. Gipuzkoan egin du gehien behera; zehazki %8 jaitsi da, eta epealdi horretan iaz baino 101 haur gutxiago jaio dira.

Igoera erakusten duen datua amen batez besteko adinaren igoera da. 40 urte edo gehiago dituzten amak %12,6 izan dira, eta iazko lehen hiruhilekoan %9,8 izan ziren. Horrez gain, Eustaten datuen arabera, Gipuzkoatik kanpoko herritartasuna duten amen zenbatekoan ere igoera izan da. Gipuzkoan ama izan diren %28,5 da.

Jaiotza tasak beherantz egin arren, Tolosaldeak azken urteetan hazten jarraitu du. 2016ean 47.009 pertsona bizi baziren, 2021eko datua 48.489 biztanlekoa da; 24.224 gizon eta 24.265 emakume. Eskualdeari begiratuz, hiru herri hartu dira adibidetzat: Abaltzisketa, Amasa-Villabona eta Baliarrain. Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren datuen arabera, 2016 eta 2020 urte arteko datuak begiratuta, Abaltzisketan eta Amasa-Villabonan biztanleriak behera egin du. Abaltzisketan 2016an 330 pertsona bizi baziren 2020an 312 ziren, eta Amasa-Villabonan, berriz, 5.882 izatetik 5.864ra jaitsi dira. Baliarrainen, aldiz, 2016an 131 bizi ziren eta 2020an, 153. Hiru herriren kasuan, jaiotza datuei begiratuta egoerarik beltzean Abaltzisketa dago. 2016an bi haur jaio ziren eta hurrengo bi urteetan haur bana; 2019an berriz bi haur, eta 2020an ez zuten jaiotzarik izan. Baliarraien kasuan, 2016an bi, eta hurrengo urteetan, lau, bat, bat eta berriz ere, lau haur jaio ziren. Amasa-Villabonaren kasuan ere urtez urte jaiotza tasak beherakada izan du: 56, 46, 42, 34 eta 37 haur jaioz.

Baliarrain, urte zailak begi-bistan

Andoni Olano da gaur egun Baliarraingo alkatea, eta udal ordezkarien artean egiten dituzten bileretan, «demografia ez bada garrantzitsuena, garrantzitsuenetakoa da», esan du. Azken urteetan haur dezente jaio da: «Igoera dezentekoa izan da, baina ondorena ikusten dugu ez dela hain erraza izango, edo joera hori mantentzea behintzat».

Herriko gazteak herrian bertan geratzeko aukera izateak sortzen die «kezkarik handiena». Kezka hori herriko udal ordezkariez gain, herritarren artean ere zabaldua dagoela onartu du.

Herri txikietako kezketako bat eskola txikiak edota haur eskolak irekita mantentzea izaten da. Kolokan izan zutela haur eskola, baina azken urteetan erraz mantendu dutela aitortu badu ere, «orain dauden guraso gehienek jada bi edo hiru haur badituzte, eta zaila izango da haur gehiago jaiotzea eta haur eskola irekita mantentzea», kontatu du Olanok, eta gehiago esan du: «Ixteko zoria nahiko gertu ikusten dugu».

Biztanleria zahartzen ari dela bistakoa dute Baliarrainen; [...] jaiotzearena kezka handiagotzat dute

Kezkak, ordea, irtenbide errazik ez du: «Plan orokorrarekin hasi behar dugu, baina luze jotzen dute prozesu horiek». Herri mailan aukera ezberdinak aztertzen hasita daude: «Etxe berriak egin behar diren edo dauden baserriak, dauden bezala beharrean zatitu eta etxebizitza gehiago egin prezio aldetik modu hobean izateko, eta horrela herriko gazteak bertan geratzeko aukera izan dezaten». 

Aldi berean, onartua dute datozen urteak ez direla hain emankorrak izango: «Ikusi egiten da. Urte gutxi barru gazteek etxe beharra izango dute, eta plan orokorrak ere bere denbora beharko du, eta lur sailen jabeekin-eta hitz egin beharko litzateke erosteko eta gazteak ate joka izango ditugu». 

Baliarraingo Udalaren nahia garbia da: «Herrian bizitzen geratu nahi duenak behintzat aukera izatea nahi dugu». Biztanleria zahartzen ari dela bistakoa dute Baliarrainen, eta badute kezka, baina gaur-gaurkoz, jaiotzearena kezka handiagotzat dute. 

Abaltzisketan, herri mailako kezka

Demografia udal ordezkarien kezka izateaz gain herri osoarena ere badela kontatu du Jon Zubizarreta alkateak. «Eskola ireki zen urte haietan boom bat egon zen, eta urte batzuk badira bost eta sei haur jaiotakoak, baina hori pixkanaka gelditzen joan zen». Eta jarraitu du: «Etxe berririk ez dagoelako ere izango da, eta horri pandemiako urteak gehitzen badizkiogu... familia berririk ia ez daukagu, eta bada kezka iturri». Baina, berri onak ere aurreratu ditu alkateak, eta herri txikietan berri horiek azkar zabaltzen direla eta, «bi-hiru haur enkargatuta» dituztela dio. 

Abaltzisketako Udalaren helburu nagusiena ere herriko gazteak herrian bertan bizitzen geratu ahal izatea dela esan du. «Horiek dakite herriko berri, eta horiek ez dute herri txiki batera egokitu beharrik. Ez da berdina herri handiago batetik etortzea». «Bertakoek alde ez egitea nahi dugu», azpimarratu du. Baina horretarako etxebizitzaren beharra aipatu du, eta «betiko kontuak». «Egoera dagoen moduan dago, eta orain dela urtebeteko aurrekontuek ez dute ezertarako balio, dena izugarri igo da. Bakarren bat planen bat egiten ari bazen guztia atzeratuta dago, momentu honetan ezin delako etxebizitza proiektu batean sartu», zehaztu du. Azken urteetan, «berdin gabiltza eta ez dugu batere aurreratu», adierazi du etsipen puntu batekin.

Abaltzisketako Udalaren helburu nagusiena herriko gazteak herrian bertan bizitzen geratzea da

«Gazte batek etxebizitza nahi bat edukitzeko baldintzarik ez dago», azpimarratu du Zubizarretak, eta haurrak izatea gero etorriko litzatekeela gaineratu. Jaiotza tasen jaitsiera orokorra dela jakitun badira ere, herriko egoerak kezkatzen ditu. 

Kontrapuntuan dago zahartzaroa, eta biztanleria gero eta zaharragoa da herri txikietan ere, baina txikia izanik herritarrak «nahiko kontrolpean» dituztela esan du. «Momentu honetan ardura sortzen digun herritarrik ez da; guztiek dute ia egunero joaten zaien familiako kideren bat». Baina gai hau ere hizketagai badutela azaldu du: «Gero eta zaharrago gaude, eta honek ere beste gastu eta behar batzuk ekarriko ditu».

Amasa-Villabona, demografiari begira

«Derrigor begiratu behar diogu herriko demografiari», adierazi dute Amsa-Villabonako Udaletik. Izan ere, «herriaren etorkizuna asko baldintzatzen duen elementuetako bat da». Jaiotza tasa txikia izateak hezkuntzan eragin zuzena duela esan dute, eta, aldiz, «gizartea gero eta zaharragoa izateak ere zuzenean arazoak sortzen dizkigu: dependentziari lotutako zerbitzu gehiagoren beharra, leku falta egoitzetan edo eguneko zentroetan, etxez etxeko zerbitzuaren eskaria igotzea,...». Aurreko bi udalek egin moduan, etxebizitzaren gaia jarri du mahai gainean Amasa-Villabonako Udalak ere: «Etorkizunean herrian egongo den etxebizitza beharra ezagutzeko, eta horri erantzungo dion hirigintza plangintza osatzeko, ezinbestekoa da datu demografikoak kontuan izatea».

Jaiotza tasa baxuak kezkatzen dituela aitortu dute, «herriaren etorkizuna guztiz baldintzatzen baitu». «Azken hamarkadetako migrazioari esker, jaiotza tasa nolabait mantendu da, baina bizi dugun krisi egoera honetan, aurreikuspena jaiotza tasa hori are gehiago jaitsiko dela da. Honek hainbat esparru garrantzitsu kolokan jartzen ditu; momentu honetan dugun hezkuntza eskaintza mantendu ahal izatea; hau da, batez ere, 0 eta 2 urte arteko haurrentzako haur eskolaren kasuan edota aisialdi eskaintzan».

Ondo dakite jaiotza tasa baxuaren fenomenoa ez dela beraien udalerrian soilik gertatzen ari, Euskal Herrian eta Europa osoan gertatzen ari den fenomeno zabala dela, baina ez zaie «erraza» suertatzen egoerari erantzun bat ematea. «Honek erakunde publiko nagusienen inplikazioa eskatzen du, udalek baino ahalmen askoz ere handiagoa duten administrazioek, jaiotza tasa indartzeko politika aktiboak jarri behar dituzte martxan, adibidez haurrak izaten dituzten gurasoei laguntza ekonomiko garrantzitsuak ematen edo abantaila sozialak eskaintzen».

Galdera luzatu dute: «Udalaren aldetik zerbait egin daitekeen?». Erantzuna ere bota dute: «Agian bai, adibidez, Villabonako Seaska haur eskolara haurrak eramatea doakoa izan dadin neurriak hartu ditugu legealdi honetan. Baina dituen eskumen eta baliabide eskasak direla eta, ez dugu uste udal batek har ditzakeen neurriek egoerari buelta emateko ahalmenik izan dezaketenik».

Beste aldera begiratuta, berriz, «gure gizartearen zahartze prozesua ere oso kezkagarria da dudarik gabe», esan dute udaletik. Gainera, ez daukala atzerabueltarik diote: «Pertsonen bizi-itxaropenaren hazkundeari lotuta dago». Udalarentzat «kezka iturri handia da», aitortu dute; izan ere, «zahartzaroarekin lotutako gero eta behar handiagoak izango ditugu, batez ere, osasun eta gizarte zerbitzu publikoen eskaria nabarmen haziko baita».

Dependentziari lotutako zaintza lanak, zahar egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza zerbitzuak, adinekoiei zuzendutako aisialdi zerbitzuak, nahigabeko bakardadeari aurre egiteko sistemak, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko egin beharreko inbertsioak... zerrendatu dituzte. «Gero eta gehiago beharko ditugu, eta honek erakunde publikoen gastuak eta inbertsioak biderkatzea ekarri beharko luke». Egoera «oso kezkagarritzat» dute, eta zerbitzu guzti hauek eskaini eta zabaldu behar dituzten administrazioen; hau da, kasu honetan, udalen finantziazioan «desorekak eta arazoak sortzeko arrisku handia» ikusten dute. Azken hiru urteetako adibidea jarri dute: «Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailaren aurrekontua %38 handitu dugu, baina, hala ere, zailtasunak ditugu dauden beharrei behar bezala erantzuteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!