ERREPORTAJEA

Zahartutako jaiotzak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 17a, 07:59
Jaiotzarik ezean, ezin adindu. I.S.A.

Azken urteetan behin eta berriz aipatzen den gaia da jaiotza tasa beheraka doala, eta Tolosaldean ere joera horixe du; hala eta guztiz, ia jaiotzak baino gehiago kezkatzen ditu adituak zahartzaroak.

Jaio. Bizi. Hil. Hori da pertsona baten ibilbidea bizitza honetan. Jaio ezean, ez da bizirik, eta noski, ezin hil. Herri batek bizirik iraungo badu bistakoa da haurrak behar dituela. Herri txiki edo handi, haurrak izateko gazteek bertan bizitzeko hautua egin behar dute, bertan bizi ahal izateko etxebizitzak behar dituzte, baliabideak izan,... gurpil zoroa izan daiteke. Eta gurea bezalako eskualde batean, eta zenbait herri txikiren kasuan, jakintzat eman, urte batzuetan haur gutxi batzuk baino ez direla jaioko edota ez dela inor jaioko onartu. 

Azken urte edota hamarkadetan gizartea asko aldatu da, eta Tolosaldean ere bai. Guraso izateko erabakia hartzea aldatu da, edo atzeratu. Jaiotza izan daiteke kezka, baina jaiotza bezainbeste edo gehiago kezkatzen ditu Tolosaldea Garatzen garapen agentzian zahartzaroak. Biztanleria zahartzen ari da. Garapen agentziako gerentea da Joxe Luis Urdangarin, eta demografiari begiratzen ote dioten galdetuta: «Datuak aztertzen ditugu, epe ertain-luzera begira balio digutelako jakiteko zein behar datozen, eta horren arabera lanketak abiatu ahal izateko». Eta azpimarra jarri du: «Piramide demografikoa jada ez da piramide bat, puntu bat da. Eta horrek joko arau guztiak aldatu ditu».

Zahartutako jaiotzak. E.M.E.

Joxi Imaz Soziologoa eta EHUko irakasle ibartarraren esanetan, orokorrean, jaiotza tasa ez da kezka iturri jendartean, eta «alarma egoera» kendu beharko litzaioke gaiari. Esaterako, 90eko hamarkadan jaitsiera izan zela ekarri du gogora, eta gero berriz ere jaiotza tasak gora egin zuela; «krisi ekonomikoak» tarteko izan daitezkeela azaldu du.

«Eskualdea bera ere zahartzen ari dela ikusten dugu, nahiz eta ez den Gipuzkoa bezain beste zahartzen ari», zehaztu du Urdangarinek. Eskualde gazteenetakoa dela adierazi du, «baina horri begira, beste lekuetan bezala gu ere ari gara zahartzaroaren ekonomian sartzen, eta nolabait ere orain arte ireki gabeko lan ildo berriak irekitzen».

Jaiotza tasaren jaitsieretako giltzarri nagusietako bat emakumearen rol aldaketa izan daitekeela esan du Imazek, batez ere, lan mundura saltoa eman ostean. «Jada rol bakarra ez da ama izatearena. Bere sexualitatearen eta ugalkortasunaren kontrol handiagoa du. Kontrazepzio metodoak eta abortua daude, eta nik hori positiboki baloratzen dut», dio.

Baina beste faktoreetako bat ere aipatu nahi izan du. «Gaur egun, ikasketen epealdia luzatu egin da. Unibertsitateko gradu bat edo goi mailako modulu bat egitean amaitzen dituzte ikasketak gazte askok, eta horrek 20-25 bat urte izatera luzatzen du epealdia. Gero lan mundurako jauzia legoke, eta beste garai batzuetan baino luzeago da», argitu du. Gainera, «lan eskaintza prekarioak, zatikatutako lan eskaintzak,... beste bost urte pasatzen dituzte, eta 30 urtera iristen dira. Gaur egun hori da haurrak izateko adina».

Emakumea eta lana

20-24 urteko emakumeek baino haur gehiago izaten dituzte, egun, 40-44 urteko emakumeek: «Datu berri bat da. Aldaketa eman da, eta ez dakit hobea edo okerragoa den, baina eman diren aldaketen ondorio da», argitu du Imazek. Horren atzean, besteak beste, «emakumearen rol aldaketa, eta gazteen artean dauden lan baldintza eta soldata eskasak daude», dio eta guzti horrek haurrak izateko adina atzeratzea ekarri du soziologoarentzat.

«Arrazoi subjektibo eta kulturalak daude» esan du. «Gazte garaia luzatu nahi dugu, parrandak, bidaiak, guretzako denbora,... eta eragile kultural horien artean dago indibidualismoa. Bizitza beste era batera antolatzen da», nabarmendu du. «Jada ez da bakarrik bikotean bizitzen. Gero eta jende gehiago bizi da bakarrik. Gero eta bikote gehiago daude batera bizi ez direnak, eta horrek ugalkortasuna zailtzen du», gaineratu du Imazek.

«Emakumeek oso zaila dute lan munduan sartzea, gainera okerren ordaintzen diren lanpostuak dituzte, enpleguaren behin-behinekotasuna, egonkortasun handirik gabe, eta gainera etxeko lanen banaketa ere oraindik ez dago berdinduta», zerrendatu ditu Imazek, eta «tentsio horrek haur gutxiago izatera eramaten gaitu». Faktore guzti horiek kontuan hartzen ditu Imazek, eta horiek eraman dute Euskal Autonomia Erkidegoa Europako ugalkortasun txikienetarikoa duen herrialdea izatera.

Indibidualismoaren gorakada

Soziologoek ikerketak egiten dituztenean, Imazek argi dio: «Gizarte honetako baloreak ikertzen ditugunean post-materialez hitz egiten da. Oinarrizko beharrak zenbat eta beteago izan, beste gauza batzuetan pentsatzen hasten gara; hau da, gure nahi pertsonaletan eta guzti horri azken urteetako indibidualismo prozesua gehitu behar zaio, eta geure buruan gehiago pentsatzen dugu familian edota konpromisoetan baino».

Baina haurrak izatea erabakitzen duten familietan «zaintzaren krisia» bizi dezaketela jarri du mahai gainean. Haur gutxiago daudela bistakoa da, baina haur horietako askok «ordu asko» hezkuntzako instituzio edota bestelako ekimen ezberdinetan pasatzen dituztela adierazi du: «Ez eskolan bakarrik, ludoteka, udalekuak, musika edo kirol eskoletan,...».

Indibidualismo prozesuaz hitz egiten du Imazek, eta guzti horrek gizarteari «erronka» batzuk jartzen dizkiola esan du. «Gero eta indibidualago den gizartean, duela urte batzuk pentsaezinak ziren gertaerak ematen ari dira, eta Europa mailan eta baita Euskal Herrian ere bakardadea goraka doa».

Azken aldian maiz entzuten da haurrak falta direla, baina Imaz soziologoarentzat bada irtenbidea: «Milaka pertsona Europara etortzeko deseatzen daude, eta jendea falta bada edota haurrak falta badira, nire ustez erraza da». Immigranteen kasuan, gehienean, belaunaldi gazteak eta ugalketarakoak izaten direla dio, «eta normalean iristen direnean jaiotze tasa igo egiten da».

Tolosaldea Garatzen garapen agentziari zuzen-zuzenean eragiten dion eta azken urteetan indartzen ari diren beste alor bat migrazioarena dela esan du Urdangarinek. «Migrazioa batzuk arazo moduan ikusten dute, baina aukera moduan ikusten dugu guk». Hor lana egin beharra dutela ikusten du garapen agentziako gerenteak: «Horrelako alternatibak landu beharko dira». 

Gobernuen aldetik gabezia sumatzen du Imazek, eta ez dutela «plan zehatzik» esku artean eta «kontserbatzaileak eta epe motzerako pentsatuak» direla kontatu du: «Eragin handirik ez duten planak dira. Laguntzak igotzen dituztenean ere ez du ematen bikote gazteen artean planak aldatzen direnik haur gehiago izateko». Argi dio, «sakonagoa da arazoa». «Alde batetik haurrak falta direla esaten digute, eta bestetik, ez gara gai itsasoan noraezean dabiltzan 150 pertsona hartzeko». 

2016 eta 2020 urte artean izan diren jaiotzak Tolosaldean, herriz herri. DATUAK: TOLOSALDEA GARATZEN.

2016 eta 2020 urte artean izan diren heriotzak Tolosaldean, herriz herri. DATUAK: TOLOSALDEA GARATZEN.

Epe ertain-luzera begira lanean

Tolosaldea Garatzen eskualdera begira aritzen da lanean, eta demografiak epe ertainera eta luzera begira «gure analisietan eragiten du», azpimarratu du, eta horri gehitu: «Gure azken plan estrategikoan ere argi geratu da, eta baldintzatzen du».

Bost-sei urtean behin egiten du Tolosaldea Garatzenek plan estrategiakoa edo diagnostikoa gainera, eta «hortik abiatu genuen zahartzaro ekonomia, eta beste alor batzuetan ere enfokea aldatu egin dugu horrek eraginda».

«Europa gu baino zaharragoa da, eta han jada honekin ari dira lanean, eta hemen orain hasi gara», nabarmendu du Urdangarinek. Begirada hemendik 10-15 urtera jarrita ari dira lanean. «Zer behar egongo den ikusi behar dugu, eta ez daukagu garatuta inondik inora ere datorren horri erantzuteko baliabiderik; ez dago ezer».

Zahartzaroaz hizketan hasita badaude ere, «hemendik 15 urtera mundu guztiak eskuak burura eramango ditu esanaz 'Nolatan ez gaude prest?'», kontatu du. Bilakaera horri begira ari dira lanean, eta lanketa hori egiten ari direla, eta beste ate edota ildo batzuk ere jorratu beharra dituztela jabetuta. Esaterako, demografiak lan merkatuan bertan zein eragin duen ikusten dute: «Momentu honetan guztiok langabezia gora eta behera gabiltza, baina hemendik 10-15 urtera ez da langabeziarik existituko». Desoreka aipatu du: «Lan eskaintza eta lan eskariak ez dute bat egingo. Hori izango da arazoa». Eta garbi du: «Lana, mundu guztiarentzako egongo da. Hori seguru».

Hogeita zortzi herri biltzen ditu garapen agentziak, eta «haurrik jaiotzen ez den herrian kezka badute, baina gu garapen agentzia moduan, ez gaituzte horretarako eragile moduan ikusten», esan du. «Herri bakoitzak egiten duen irakurketa partikularragoa da, eta herri bati neurrira erantzutea oso-oso zaila da».

Bukatzeko jasangarritasunean eta ekologian jarri du azpimarra Imazek: «Ez dakit Euskal Herrian hemendik aurrera beti hiru milioi biztanle izatea eskatzea bidezkoa ote den». Mundura begira jarrita zalantza egin du jasangarria ote den hainbeste milioika pertsona bizitzea ere, eta galdera luzatu du ekologikoa ote den «daramagun bizitza estilo eta kontsumoarekin». «Munduan pertsona gutxiago bizitzea ez da izango inongo tragedia, eta alderantziz, ekologikoki jasangarriagoa izango da mundua eta baita Euskal Herria ere pertsona gutxiagoarekin» baieztatu du. Eta gaineratu du: «Euskal Herriko biztanleak ez direla soilik zuriak izango onartu behar dugu; arabiarrak, asiarrak, afrikarrak,... hau da, beste arraza batekoak izango dira, eta beste izen batzuk izango dituzte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!