Azken Mugako lasaitasuna

Asier Imaz 2022ko ira. 8a, 07:59

Paz Treuquil Catalan bere artelana eskuan duela Azkaraten, Balerdi mendiaren magalean.

Bedaio eta Azkarate artean, Zarateko lepoan, Ama Lurrari loturik artearen adierazpen desberdinak sustatzen ari dira. Asteburuetan, irailaren 24ra arteko egitarau zabala antolatu dute.

Paz Treuquil Catalanek lasaitasuna aurkitu du Azken Mugaren unibertsoan. «Joaten zaren lekuan lasai egotea bezalakorik ez dago, hori da balio duen bakarra, eta hori ez da erosten edo saltzen. Ez dago ordaintzerik». Valdibian jaio zen Paz Treuquil Catalan, Maputxe Herrian. Milaka urtetako jakintza islatzen dute bere arte lanek. Egun, Kantabrian bizi da. Abuztuaren 27an, ordea, Azkaratera iritsi zen, Azken Mugarekin batera. Bertan egongo da irailaren 9ra arte, sorkuntza lanetan.

‘Land Art’

Azkarate eta Bedaioren arteko mugan, Zarateko lepoan, Azken Muga jaialdiaren zazpigarren edizioa ospatzen ari dira. Irailaren 24ra arte 200 artista elkartuko dira bertan, 40 jarduera baina gehiagotan. Aralar mendilerroaren babesean ospatzen den artearen eta kulturaren jaialdia auzolanean ateratzen dute aurrera. Lan horretan dabiltza buru-belarri Anjel Navas eta Uxue Lasa, Gillermo Olmorekin eta Migel Zeberiorekin batera.

Naturak eta arte lanek bat egiten dute Azken Mugan, Uxue Lasa eskultorearen esanetan. Land Art mugimendua horixe dela zehazten du billabonatarrak, «lurraren artea». Eskultoreak, antzezleak, margolariak, musikariak,… eta abar elkartuko dira Zarateko lepoan ondorengo egunetan, paisaiarekin bat egiteko asmoz. Helburua, artearen adierazpen desberdinak Ama Lurrari uztartzea dela adierazi du Uxue Lasak.

Anjel Navas tolosarrak aurtengo berrikuntzen inguruan hitz egin du. Energiaren gaia indarra hartzen eta mugak gainditzen ari da azken denboran, eta Azken Mugak, zazpigarren edizio honetan, errealitate horri ere lekua egin nahi izan diola esan du Navasek. Besteak beste, igande honetan tibetar katiluekin meditazioa egingo dute, Gaspi tolosarraren gidaritzapean. Irailaren 17an, aldiz, Temaskala antolatuko dute. Denentzat irekia izango dela azpimarratu du Anjel Navasek.

Erritu zaharra da Temaskala. Leku itxi batean jende multzo bat elkartzen da, eta sendabelarren eta beste landare batzuen lurrunen artean hausnarketa egiten dute.

Aurkezpen eguna

Gertueneko ekitaldia, ordea, ostiral honetakoa izango da. 19:00etan ‘Mariren sabelean’ liburua aurkeztuko du Guillermo Piquero kantabriarrak.

Hitzaldi horretan, Paz Treuquil Catalanek Azkaraten sortzen ari den arte lana aurkeztuko du: «Margolana da, baina ardi-larruz egina. Ama Lurraren mundu-ikuskera adierazten dut bertan. Ingurune hauetan, basoaren erdian nago, eta basora etortzeko gonbidapen bat ere bada; sentimenduetatik haratago azaltzeko beharra. Erdian erditzeko gaitasuna dago, emakumea zuhaitz bilakatuta, bere emetasun eta artasunarekin. Udazkenean irtengo den herensugea ere irudikatu dut, urtaro honetako koloreen sortzaile. Ura ere ekarriko du, eta ur horrekin gure herrian ere ezaguna den ikur bat marraztu dut: lauburua».

EGITARAUA
  • Irailak 9, ostirala
    • 19:00. 'Mariren sabelean' hitzaldia. Guillermo Piqueroren eskutik.
    • 20:30. Mapping, Irene Zarranz Pagola eta Xabier E. Goñirekin.
  • Irailak 10, larunbata
    • 18:00. Iker Pirisen kontzertua.
    • 20:30. Garoa Saria. Dokumentala eta sari banaketa. 
  • Irailak 11, igandea
    • 16:30. 'Gaspi'rekin meditazioa basoan, tibetar katiluekin.
    • 18:00. Abraham Cupeiroren kontzertua. Eguraldi txarra eginez gero Altzoko elizan izango da emanaldia.
  • Irailak 16, ostirala
    • 21:00. Zinea. Film laburrak
  • Irailak 17, larunbata
    • 12:00. Temaskala.
    • 16:00. Bertso-saioa.
    • 18:00. Kilimak taldearen kontzertua.
    • 20:00. DJ Aritz Icepun.
  • Irailak 24, larunbata
    • 17:00. Kontzertua: Et Incarnatus Orkestra &Gorka Hermosa. Eguraldi txarra eginez gero Arribeko elizan.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!