Tolosaldeak sailkatze estropada txukuna egin eta hirugarren denbora onena egin du, Donostia Arraun Lagunak eta Orioren ondoren geratuz. Euskotren Ligako hiru traineruek, beraz, aise lortu dute datozen bi igandeetan estropadan arraun egiteko txartela. Euskotren Ligako beste traineruak, Donostiarrak, txartela berez izaten du, antolakuntzak horrela erabakita.
Pozik agertu da Maialen Amundarain Tolosaldea traineruko patroia, ETBri egindako adierazpenetan, hirugarren denbora onena lortu ostean: "Beti izaten duzu sartzeko esperantza hori, baina badaezpada beldur puntu hori ere izan behar duzu. Hirugarren denbora onena egitea pasada bat da". Euskotren Ligako play-offetan aurkari Deusto eta Tiran izango dituzte, eta gaurkoan alde dezentekoa atera die Tolosaldeak. "Ikustea segundo batzuk atera dizkiogula, lasaitasuna eman baino gehiago, esperantza puntu bat ematen du", esan du Amundarainek. Kontxako Banderako bi igandeetan "disfrutatzera" aterako direla azaldu du patroiak.
ETE Ligako lehenengo biek lortu dituzte beste bi txartel, Hondarribiak eta Hibaikak. Galiziara joan dira beste bi txartelak, bertako ligaren lehen bi traineruentzat, Cabo eta Chapela. Ondarroak egin du zortzigarren denbora, eta beraz, estropadatik kanpo geratu den lehen ontzia izan da. Igandean izango da Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta 11:00etan hasiko da emakumezkoena. Horrela izan da gaurko sailkapena:
1. Donostia Arraun Lagunak 10.46,36
2. Orio 10.50,46
3. Tolosaldea 10.57,88
4. Hibaika 11.09,46
5. Cabo da Cruz 11.10,70
6. Hondarribia 11.11,74
7. Chapela 11.17,32
8. Ondarroa 11.25,36
9. Zarautz 11.26,44
10. Deusto 11.27,24
11. Zumaia 11.31,18
12. Tiran 11.33,44
13. Mugardos - A Cabana 11.37,70
14. Hernani 11.43,88
15. Rianxo 11.45,06
16. Castropol 12.01,26
17. Castro 12.20,60
18. Perillo 12.27,34
19. Portugalete 12.38,44