Aurten, Euskotren Ligan lehiatu da Tolosaldea trainerua, hau da, lau traineru onenen artean dago, eta beraz, espero dute bihar sailkapena lortzea. "Ezin dugu huts egin", esan du Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko entrenatzaileak. "Atera behar dugu eta arraun egin, baina espero dugu lehen zazpi ontzien artean egotea".
Denboraldi hasieran Erostarbek azaldu zuenez, bere ideia eskifaiako arraunlari guztiek Kontxako Banderan parte hartzea zen, eta asmo hori bera mantentzen du. "Sailkatzen bagara, Euskotren Ligan egin dugun denboraldi bikainaren ondoren, behintzat arraunlari guztiek izan dezatela Kontxako estropadan parte hartzeko saria. Urtero ez dira arraunlari guztiak aterako Kontxan, eta behintzat aurten izan dezatela aukera hori. Ligan master bat egin dute, eta orain falta dena, Kontxa eta play-offa, doktoretza da. Masterra oso ondo gainditu dute, eta orain, batez ere, disfrutatu egin behar dute. Beraientzako gozatua izan behar du".
Orio eta Donostia Arraun Lagunak dira faborito nagusiak bandera lortzeko aurten ere. "Gainera, Kontxako Banderan ez dute mugarik kupoekin, nahi dituen arraunlariak atera ahal dituzte, ahal duten talde indartsuenak, eta horretara joango dira", esan du prestatzaileak. "Guk pentsatzen genuen ligan urrutiago egongo ginela, eta azkenean beraiengandik hamar-hamaika segundotara izan gara, eta hori dagoeneko lorpen handia da". Sailkatuz gero, presiorik gabe joango direla gaineratu du. "Bi estropada horiek disfrutatu egin behar dituzte. Ondoren iritsiko da Euskotren Ligan mantentzeko estropadak, eta hor presioa beste bat izango da".
Euskotren Ligan laugarren amaitu du Tolosaldeak, eta horregatik jokatuko dute irailaren 17 eta 18an play-offeko estropadak. "Helburu nagusia liga gorenean disfrutatzea zen, eta liga ezagutzea. Eta play-offeko estropadetan dena ondo badoa, datorren urtean lehia gehiago izatea, aurreneko postuen bila joatea", esan du Erostarbek. Azken estropada arte izan zen Tolosaldea borrokatzen laugarren postuan ez geratzeko. "Pena bat izan da", esan du entrenatzaileak. "Lehenengo asteburuan, Bilbon, oso urduri atera ziren, eta lehen asteburu hori gero arrastaka eraman dugu denboraldi osoan zehar. Azken estropada arte egon gara aukerekin, eta azken horretan pena bat izan zen nola hasi ginen, justu olatuak harrapatu zigulako, eta ontzia gelditu zigun, eta horrek estropada osorako zigortu zigun".
Play-offetako estropaden aurretik, baina, Kontxako Bandera izango da, eta aurten gainera zaleak bertan izateko aukerarekin. "Espero dut lehen izaten ziren moduko Kontxako estropadak izango direla, dena jendez gainezka", esan du Erostarbek. "Espero dut ere Ligan baino Tolosaldeko zale gehiago ikustea. Ligan batez ere arraunlarien senideak izan dira, eta sekulakoa izan da nola animatu duten, eta orain Kontxako estropadetan urdinez jantziko diren jende gehiago ikusi nahiko genuke, arraunlariek babes gehigarri hori jaso dezaten".