Tolosaldeak playoff-a jokatuko du

Ataria 2022ko abu. 21a, 12:07

Donostiarraren atzetik sailkatu da Zarautzen jokatu den Euskotren Ligako azken estropadan, eta beraz, eskualdeko trainerua izango da jaitsierako playoff-a jokatuko duena.

Ez da posible izan. Aukerak zituen Tolosaldeak maila mantentzeko. Denboraldian zehar erakutsi dute Donostiarraren aurretik sailkatzeko gai zirela, baina gaur arerio nagusiak estropada bikaina egin du, eta eskualdeko arraunlariek ezin izan diote nahi bezala erantzun. Donostiarrak, gainera, Arraun Lagunak ere gainditu du, eta bigarren postuan heldu da Zarauzko estropada eremuko helmugara. Orio izan da irabazle, 10 minutu eta 56 segundoko denborarekin; Donostiarra 7 segundora heldu da; Arraun Lagunak izan da hirugarren, 13 segundora; Tolosaldeak, laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 14 segundora helmugaratuta.

Gauzak horrela, eta XIV. Zarauzko Ikurrina banderaren bi egunetako denborak gehituta, Orio izan da onena (22:17). Oriotarren atzetik, Arraun Lagunak (22:41), Donostiarra (22:45) eta Tolosaldea (22:48) sailkatu dira. Oriotarrek, duela astebete matematikoki liga irabaztea lortu bazuten ere, gaur jaso dute garaikurra. Bertan izan dira Ohiane Iraola tolosarra eta Nagore Urdapilleta bidaniarra.

Donostiarra ontzian ere bi tolosar izan dira denboraldi honetan. Batetik, Olatz Lopez arraunlaria; bestetik, Nerea Perez patroia. Perezek argi adierazi du estropada amaitu berritan gaurko helburua Tolosaldea gainditzea zela: "Lanak ondo eginez gero, bagenekien aukera handiak izango genituela aurretik geratzeko, eta hala gertatu da. Irteeratik sentsazio oso onak izan ditugu, eta horri eutsi diogu", azaldu du. Denboraldian zehar jarritako beste helburu bat ere bete dutela aitortu du: "Orio eta Arraun Lagunak traineruengandik gertu ibili nahi izan dugu estropada guztietan, eta gaur azkenean, bigarren egitea lortu dugu; beraz, oso pozik gaude".

Playoff-a, Kontxako banderaren ondoren

Irailaren 17an eta 18an jokatuko du Tolosaldeak playoff-a, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. Deustu eta Mugardos taldeak izango ditu aurkari. Horietatik batek lortuko du Euskotren Ligarako txartela. Aurten Tolosaldeak aurkari izan dituen hiru arraun elkarteez gain, Hondarribia, Hibaika, Cabo da Cruz eta Chapela arraun taldeak ariko dira hurrengo urtean Euskotren Ligan. Zazpi dira oraingoz, eta playoff-ean erabakiko da zortzigarrena; izan ere, hurrengo urtean zortzi taldek lehiatuko dute gorengo mailan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!