Pasa den larunbatean, IV. Ondarroako Bandera irabazi zuen Orio Orialki traineruak; Euskotren Ligako hamaikagarren estropada puntuagarria zen. Zazpi puntuko aldea zuten oriotarrek Donostia Arraun Lagunak bigarren sailkatuarekiko, hiru jardunaldiren faltan; beraz, eskura zuten liga. Hurrengo egunean, VII. CaixaBank bandera irabazi zuten oriotarrek Castron, eta bertan, matematikoki ligako irabazle izan ziren.
Ohiane Iraola tolosarra eta Nagore Urdapilleta bidaniarra traineru horiko arraunlariak dira. Iraola jada beteranoetako bat da, hamaikagarren denboraldia egiten ari baita; Urdapilletak, berriz, aurtengoa du lehena. Entrenatzaile berria ere izan du aurten Oriok; hain justu, iaz Tolosaldea traineruarekin ETE Ligatik Euskotren Ligara igoera lortu zuen Patxi Frances donostiarra izan da horitxoen prestatzailea.
Pasa den igandean, egun handietan bezala, harrera egin zieten herrian Orioko arraunlariei, eta udaletxeko balkoira atera ziren asteburuan irabazitako banderak astindu eta herritarren txaloak jasotzeko.
Ezinezkorik ez Tolosaldearentzat
Gauzak horrela, eta oriotarrek garaipena poltsikoratu badute ere, bi estropada geratzen dira Euskotren Liga amaitzeko. Biak ere, Zarautzen jokatuko dira. Bihar izango da XIV. Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia; etzi, berriz, bigarren jardunaldia jokatuko da. Bi estropada puntuagarri izango dira; hori bai, bandera bakarra egongo da. Bi egunetako denborak batu ondoren, markarik onena duen ontziak eramango du etxera.
Bi aukera, beraz, Tolosaldea ontziarentzat. Une honetan, bi puntu ateratzen dizkio Donostiarra Ur Kirolak taldeak sailkapen nagusian. Jokatu dituzten hamabi estropadetan, bost aldiz geratu da aurretik eskualdeko trainerua. Asteburuko bi estropadetan ere gauza bera egin behar dute TAK-eko arraunlariek, iraileko hirugarren asteburuan maila mantentzeko playoff-a jokatu nahi ez badute.
Orain arteko estropadetan gertatutakoa ikusita, ziurrenik, Orio eta Arraun Lagunak traineruen artean erabakiko dira lehen bi postuak; hirugarren eta laugarren postuak, berriz, Tolosaldea eta Donostiarraren artean. Beraz, argi dago zein den lortu beharreko emaitza: bi egunetan Donostiarraren aurretik geratzea. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa.