Beste urte batez, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan TOLOSALDEKO A TARIA -k. Irailaren 18ra bitarte nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean lehiaketarako egindako aplikazioaren bidez bidali beharko dira eta parte hartzeko lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.
Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 21ean hasiko da bozketa eta irailaren 28ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak eta horien egileak urriaren 7an jakinaraziko ditu ATARIA-k, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.
Parte hartzaileek sari bikainak irabazi ahalko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak. Epaimahaiaren saria jasotzen
duenak Nekatur Nekazalturismo Elkartearen eskutik Opari Bonu Orlegia izango du opari, bi lagunentzako bi gaueko egonaldiaz gozatzeko aukerarekin, gosari eta guzti; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Orexako ostatuan lau lagunentzako otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean Tolosako Richard Argazkilariak dendak eskainitako Instax Mini 11 kamera zozkatuko da.
Bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2022ko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.