Erreportajea

Desertuko berotik ihesi datoz

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 26a, 07:59

Zortzi ume iritsi dira Tindufeko kanpalekuetatik Tolosaldera; horietako sei zortzi urtekoak dira eta eskualdeko beste hainbeste familietan pasako dituzte bost aste; beste bi ume helduago ere etorri dira.

Larunbat eguerdian iritsi ziren Saharako umeak Tolosaldera. Bezperan atera ziren Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetatik eta bidaia luze baten ondoren iritsi ziren Loiuko aireportura, «nekatuta baina pozik», nabarmendu zutenez. Zortzi urteko sei umek, beste hainbeste familietan pasako dituzte ondorengo bost asteak, bostek Tolosako familietan eta batek Alegiako familia batean. Maiatzak 20 elkartearen ekimenari esker, osasun arta behar duten 12 eta 14 urteko beste bi mutiko ere iritsi dira eskualdera eta beste familia batean pasako dute uda.

Oporrak Bakean programari esker, larunbatean 217 haur saharar iritsi ziren Hego Euskal Herrira. Programaren koordinatzailea den Eli Eizagirrek nabarmendu du 1979an sortutako ekimena dela eta «biziraupen» programa bezala jarri zutela martxan: «Udan beroagatik ume asko hiltzen ziren kanpalekuetan eta egoera horretatik babesteko erabaki zuen Fronte Polisarioak martxan jartzea». Tindufen, desertuaren erdian daude sahararren kanpalekuak eta aurtengo uda inoizko beroena izaten ari dela aipatu du Eizagirrek. «Nafarroako gure kide batek 22 egun pasa ditu bertan eta esan digu 65 gradu arteko tenperaturak neurtu direla zenbait egunetan. NBEk, 55 gradutik gorako tenperaturak neurtuz gero, hondamendi gune izendatzen du eremu hori eta jendez husten du. Sahararren kanpalekuekin, ordea, ez zaio horrelakorik interesatzen, eta ondorioz, ofizialki termometroak ez dira behin ere 55 gradutatik igotzen».  

Umeak bero horretatik babesteko jarri zen martxan programa, baina horrekin batera, hemen egiten duten egonaldian mediku azterketak egiten zaizkie eta elikadura osasuntsu bat bermatzen zaie haurrei. Aurten etorri diren ume gehienak 8 urtekoak dira, lehen aldiz datoz, beraz, Euskal Herrira. Ana Trapero Tolosaldeko Oporrak Bakean programaren arduradunak larunbatean Loiuko aireportuan jaso zituen eskualdera zetozen haurrak: «Lehen aldia zutenez, asko urduri zeuden, baten bat negarrez ere aritu da, baina haien hizkuntzan egiten zieten begiraleei esker lasaitu dira. Kontuan hartu behar da oso txikiak direla eta erabat arrotza zaien mundu batera datozela».

Arazo burokratikoak tarteko, ohikoa baino hiru aste beranduago iritsi dira dira Saharako umeak Euskal Herrira. «Luze jo du. Hemengo harrera familiak, hangoak, eta umeak beraiek ere, urduri zeuden eguna noiz iritsiko», esan du Traperok. Umeek kanpalekutan geratutako senitartekoei onik iritsi direla jakinarazteko aukera izan zuten larunbatean. 

Hiru harrera familia berri
Oporrak Bakean programari esker Tolosaldera etorri diren sei umeei harrera egin dieten familietako erdiak berriak dira eta beste erdiak esperientzia du proiektu honetan. Aitziber Malkorrak, urte askotako etenaren ondoren berriro ere ume bat hartzeko erabakia hartu du aurten: «Duela 21 urte Mohamed hartu genuen etxean sei udatan, eta eten baten ostean, berriro animatu gara».
Etxean jasoko duten umearen martxara moldatzeko asmoa dute Malkorrak era bere familiak. «Bizikletan ibili, igerilekura joan, Araitz bailaran ditugun aitona-amonak, lehengusu eta lagunak bisitatu... Ea elkarrekin uda eder bat pasatzeko aukera dugun». Etxeko hizkuntza euskara dutenez, etorri berriarekin euskaraz hitz egiteko hautua hartu dute familian. Egokitzapenak, ordea, bi aldetakoa izan beharko duela uste du Malkorrak: «Seme bakarra dugu eta badut kuriositatea ikusteko nola moldatzen diren elkarrekin, nola sortzen diren harremanak bien artean. Lasai xamar nago, niretzat ez baita esperientzia arrotza». 

Dena den, barrenak mugitu zaizkio Malkorrari hasiera horiek gogoratuta. Berak ere ederki ezagutzen du sahararren borroka: «Kosta da ederki ume hauek ekartzea. Burokrazia asko luzatu da. Harremanak ozpinduta daude antza, eta beti zaurgarrienek ordaintzen dute, hona etortzekoak diren umeek, alegia», esan du Malkorrak. Eizagirrek ere gogoratu du, 2020ko udazkenetik gerran daudela sahararrak eta horrek tentsioa areagotu egin duela. «Autodeterminazio eskubidea du Mendebaldeko Saharak. Espainiako estatuak alde batera utzi zituen bere garaian eta orain berriro utzi ditu. Guk, beraien alboan jarraituko dugu. Espero dugu aurtengo Oporrak Bakean azkena izatea, eta hurrengo udan, gu joan ahal izatea Mendebaldeko Saharako hondartzetara bisitan». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!