Arripilletan ari dira 36ko gerrako arrastoak aztertzen

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 14a, 19:59

Aranzadik koordinatuta, Aduna, Asteasu, Zizurkil eta Larraulgo udalen babesaz, auzolandegietan lanean ari dira sei boluntario

Aranzadi zientzia elkarteak Saseta Defentsa Sistema deiturikoa ikertzen jarraitzen du eta auzolandegiak antolatu ditu horretarako. Uztailaren 24ra bitartean sei boluntario ariko dira indusketetan lanean, 36ko gerraren testuinguruan Aiztondo bailarako mendietan eraiki zen defentsa sistemaren arrasto arkeologikoak ikertzen. Aurten ikerketa Zizurkilgo lurretan dagoen Arripilleta muinoan zentratuko dute.

2019an Aranzadiko kideek aukera izan zuten Arripilletan bi zundaketa eta kata bat egiteko. Orduan topatutako informazioa abiapuntutzat hartu eta aurten osatu egin nahi dute duela hiru urte egindako lana. Iaz, berriz, Arripilletatik gertu, Azarolatxiki muinoan, Ezkeltzuko lurretan egin zuten indusketa eta aurkikuntza garrantzitsuak egin zituztela nabarmendu du Manex Arrastoa auzolandegiko koordinatzaileak: «Sei bat metroko lubakia topatu genuen eta beste inon baino material gehiago aurkitu. Dokumentuek inguru hauetan borroka handiak izan zirela diote eta badirudi aurkitutakoak berresten duela hipotesi hori».

Azarolatxikiko defentsa postua eta Arripilletakoa, biak daude Belkoain mendira begira. «Pentsatzen dugu ordurako etsaiek hartua izango zutela Belkoain eta korrika eta presaka osatutako lubakiak izan zirela hemengoak. Presaka egindakoak izateak ez du esan nahi, ordea, zentzurik gabe egindakoak direnik», esan du Arrastoak. Puntu estrategikoan kokatuta dago Arripilleta eta Belkoain mendiaz gain, bertatik Andatzara doan bidea ikusi daiteke, Zarateko Benta, Zarate Aitz eta baita Andazarrate ere. «Candido Saseta militarra aritu zen sistema guztia gidatzen eta hark karrera militarra zuen. Altxamendua gertatu zenean oporretan zen Hondarribian eta komandantzia militarraren agindupean jartzeko aurkeztu zuen bere burua, etsaiari aurre egin eta gudariekin batera defentsa sistema altxatzeko».

Hain zuzen egitura horietan jarri nahi dute azpimarra aurten: «Julien Blanco arkeologo zuzendariaren helburua da sakonki ezagutu ahal izatea horrelako defentsa postu baten egitura eta antolaketa». 2020an auzolandegirik antolatu ez zenez, Blancoren zuzendaritzapean talde txikiago batek bailarako muino ezberdinetan 34 prospekzio egin zituen datu arkeologiko argigarriak bilduz.

AZKENEKO AUZOLANDEGIA

Adunako Udala Aranzadirekin harremanetan jarri eta Belkoain eremuan egin ziren lehen indusketak 2013. urtean. Hurrengo urtean batu ziren proiektura Zizurkil eta Asteasu eta 2018an, berriz, Larraulgo udalerria. Udal horiek babestu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Saseta Defentsa Sistemaren inguruan antolatu diren auzolandegiak eta egin diren ikerketak. Karlos Almorza eta Javi Buces historiagileek Saseta defentsa-sistema: Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburua kaleratu zuten 2016an. Arrastoaren esanetan, publikazio horretan lan arkeologiko batzuei erreferentzia egiten zitzaien arren, nagusiki, dokumentu eta testigantzetan oinarritu ziren egileak ikerketa egiteko. «Liburu horretan esandakoa, urte guzti hauetan auzolandegien bitartez egin den lan arkeologikoarekin osatu daitekeela uste dugu. Oraindik badago lana egiteko. Datuak interpretatu eta ondorioak atera ondoren, kontakizun bat osatu beharko da, 36ko abuztu bukaera eta iraila hasiera artean, hemen gertatutakoaz». Proiektuak jarraituko du, beraz, baina Arrastoak aurreratu duenez auzolandegiek ez: «Uste dugu eman dutela eman beharrekoa» .

Azkeneko aldiz, beraz, sei boluntario izango dira Saseta Defentsa Sistema ikertzen uztailaren 24ra bitartean. Asteasuko Lizardi etxean ostatu hartu eta goizero igoko dira Zizurkilgo lurretan dagoen Arripilletara indusketa lanak egitera. Arratsaldeak bestelako gauzetarako baliatuko dituzte. Atzo, adibidez, Arrastoak eta Blancok hitzaldia eman zuten Larraulen eta larunbatean bailarako herritarrentzat bisita gidatu bat antolatu dute. Hitzordua Peuskaten egin dute 10:40ean eta handik igoko dira oinez Arripilletara.

AUZOLANDEGIKO PARTE HARTZAILEAK

«Klasean arbelean ikusten duguna kontrastatzeko aukera daukat»

EKAI ARANBURU - IRUÑEA, 20 URTE

NUPn Historia eta Ondare ikasketak burutzen ari da. Historiaurreko irakasleak gomendatuta eman du izena Aranzadiren auzolandegietan. Aiztondo bailarara iritsi aurretik, Irulegin izan da Burdin Aroko herrixka bat industen.

«Klasean arbelean ikusten duguna errealitatean kontrastatzeko aukera daukat», dio Aranburuk. Ez du historiako garai jakin baterako interes berezirik, baina arretaz begiratzen dio 36ko gerra garaian Aiztondo bailaran gertatutakoari.

«Etsaien posizioari begira dagoen lubakiaren bi ertzak ateratzen saiatuko gara». Giroa lagun, lanerako eta ikasteko gogoz dago Aranburu.

«Zerbait espero eta ez topatzea baino nahiago dut espektatiba gabe bilatzen jardun»

NEREA URRUTIA - ANDOAIN, 21 URTE

Historia ikasketak burutzen ari da EHUn eta bigarren urtea amaitu du. «Teoria desmitifikatzeko izena ematera animatu ninduten klase kideek eta horregatik apuntatu naiz», dio Urrutiak.

Andoaindarra izanik, ezaguna ditu parajeak eta Arripilletatik bere herria ikusten ez duen arren, gertu sumatzen du. «Zerbait espero eta ez topatzea baino nahiago dut espektatiba gabe bilatzen jardun». Oraingoz, metal detektagailuarekin bala zorroak topatu dituzte.

Urrutiak dio Arripilletatik itsasoa ikusten dela eta handik dagoen brisarekin beroak ez omen duela hainbeste erasaten. Bera gustura ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!