Udako koloreak harrapatzeko prest

Ataria 2022ko uzt. 22a, 11:46

2021eko udako argazki lehiaketako Jon Mintegiagaren Nenufarea urtegian argazkia

Urteroko legez, aurten ere antolatu dugu Udako Argazki Lehiaketa. Eskualdeko herritarrek, irailaren 18a baino lehen bidali beharko dituzte udan zehar ateratako irudiak; irailaren 21ean hasiko da bozketa, eta urriaren 7an jakinaraziko ditugu saridunak

Beste urte batez, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan Tolosaldeko Ataria-k. Gaurtik hasi, eta irailaren 18ra bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bidez bidali behar dira eta lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.

Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 21ean hasiko da bozketa eta irailaren 28 bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak eta horien egileak irailaren 30ean jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.

Parte hartzaileek sari bikainak irabazi ahalko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak:

Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Nekatur Nekazalturismo Elkartearen eskutik Opari Bonu Orlegia izango du opari, bi lagunentzako bi gaueko egonaldiaz gozatzeko aukerarekin, gosari eta guzti; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Orexako ostatuan lau lagunentzako otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean Tolosako Richard Argazkilariak-ek eskainitako Instax Mini 11 kamera banatuko dugu.

Parte hartzaileek kontuan hartzeko informazio gehiago

Webgunean ez ezik, Ataria-ko artxiboan ere gordeko dira irudiak, eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen utziko dio Ataria-ri, euskarri inprimatuan edo interneten, betiere, egilearen izena adieraziz.

Bestetik, bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2022ko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!