Tolosaldeko lurrak zeharkatzen ari dira mendi korrikalariak

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko uztailaren 9a

Ehunmiletako eta Goierriko Bi Handiak probako korrikalariak bidean dira. Beasaindik 515 korrikalari abiatu ziren atzo Ehunmilak Ultra Trail-a osatu asmoz. Berriro ere Beasaingo helmuga zeharkatu bitartean, kilometroak eta kilometroak ibili beharko dituzte, tartean Tolosaldeko lurretan barrena. Amezketako kontrol gunera sartzen lehena Javi Dominguez izan da.

Amezketan antolakuntza taldeaz gain, herritarrak ere bazituen zain Javi Dominguez Ledo gasteiztarrak. Fresko sartu da korrikalaria anoa gunera, gainontzeko korrikalarien denborei gehiegi erreparatu gabe eta gutxieneko geldialdia eginez hidratatzeko, 05:45ak aldera. Hau da, 11:46:29 denbora markatuz Amezketan bertan.

Tolosako Usabal kiroldegian berriz, 06:00ak inguruan, korrikalarien familiak zain ziren bai kanpoan eta baita harmailetan ere animoak emateko. Mendi korrikalariak tantaka iristen joan dira eta arropak aldatu, jatekoa hartu, behar zuenak masajea hartu eta berriro ere bideari ekiten zioten.

Ehunmilak Ultra-Traila, Goierriko Bi Handiak eta Marimundumendi Maratoia, unean-unean jarraitu daitezke Ehunmilak.com webgunearen bitartez. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!