Iritsi da Ehunmilak mendi lasterketaren asteburua

Asier Imaz 2022ko uzt. 7a, 19:59

Ehunmilak mendi lasterketa eta horrekin batera Goierriko 2 Haundiak mendi lasterketa egingo dira aurten, bi urteko etenaren ostean.

Eskualdetik igarotzen diren bi proba horiek Beasaingo Arrastaka mendi taldeak antolatzen ditu, eta herri horretan hasi eta bukatzen dira. Marimurumendi mendi maratoia ere antolatzen dute, baina hori ez da Tolosaldetik igarotzen.

Asteburuan zehar gauzatuko dira probak. Ehunmilak probaren 11. aldia izango da, eta bihar 18:00etan emango diote hasiera. Korrikalariek gehienez 48 ordu izango dituzte ibilbideak dituen 168 kilometroak eta 11.000 metroko desnibel positiboa egiteko. G2 Haundiak probak 88 kilometro ditu eta 6.000 metroko desnibel positiboa.

Oso azkar agortu da aurtengo izen ematea. Arrakasta gehien Goierriko Bi Haundiak proba du, eta 515 korrikalarientzako dortsalak bost minututan agortu ziren. Marimurumendi maratoiko 265 dortsalak agortu ziren ondoren, eta azkenik, Ehunmilak probako 515 dortsalak, pare bat egunetan. Aurreko edizioan bezala, 2019koan hain justu, plaza guztiak bete dira. «Gustura gaude dortsal guztiak agortu direlako», esan du Iñaki Mozo antolakuntzako kideak. «Ikusten duzu pandemia egoera pasatzen ari dela, eta oraindik ere jendea gogoz dagoela gure natur ingurune hauetan aurrera eta atzera ibiltzeko. Korrikalarienaz gain, nabarmendu beharra dago boluntarioen kopurua, guztira 1.600 baitira asteburu osoan laguntzen aritzen direnak».

Kopuruei dagokionez, Europatik eta AEBtik datozen korrikalarien kopurua zerbait jaitsi da. Aurtengoan 23 izango dira, eta horietatik hamazazpik Ehunmilak proban parte hartuko dute. «Aurrean ibiltzeko aukerak etxe ingurukoek eta Espainiako estatuko korrikalariek izango dute ziurrenik», esan du Mozok. Faboritoen artean, Ehunmilak probarako gizonezkoetan Jabi Dominguez eta Felipe Artigue aipatu ditu Mozok, eta emakumezkoetan Elena Calvillo eta Leire Martinez.

Ehunmilak probari dagokionez, eskualdera Zelatun eta Herniotik sartuko dira korrikalariak. Gero Tolosara jaitsi eta hortik Amezketara egingo dute, ondoren Larraitzera igo eta Txindokiko lepotik Aralar zeharkatzeko. Azkarrenaren gutxi gorabeherako ordutegiaren arabera, Tolosatik larunbateko 03:00ak inguruan pasako dira eta Amezketatik 05:15ak aldera. Tolosako Usabal kiroldegian egongo da anoa puntu garrantzitsuenetako bat, eta Amezketan ere korrikalariek izango dute indarrak hartzeko anoa puntua.

G2 Haundiak lasterketako parte hartzaileak bihar 23:00etan aterako dira eta Zaldibiatik pasa ondoren, Larraitzera larunbateko 00:40ak aldera iritsiko dira azkarrenak, ondoren Txindokiko lepo aldera igotzeko. Giro berezia sortzen da Larraitzen, zale ugari elkartzen baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!