John Cabang, laugarren 110 metro hesietan

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 29a, 20:00

Eskualdeko hainbat atleta izan ziren absolutu mailako atletismoko Espainiako Txapelketan.

Tolosa CF taldekoak bost atleta izan ziren. Joseba Larrauri irurarrak 100 metrokoan 10.62 egin zuen, Tolosa CF-ko marka ezarriz eta Gipuzkoako 23 urtez azpikoa berdinduz. Horrez gain, Real Sociedad taldearekin 4x100 metrokoetan parte hartu zuen eta brontzezko domina irabazteaz gain, Gipuzkoako marka ezarri zuten 40.44 markarekin. Nora Ituarte ibartarrak 200 metrotan 24.89ko marka egin zuen. Horrez gain, 4x100metroko proban Atletiko San Sebastian taldearekin aritu zen, 46.64ko markarekin laugarren postua lortuz. Maria Felisa Okomo tolosarrak pisu jaurtiketan 13,01 metroko marka eginez 9. postua lortu zuen. Iratxe Martin tolosarrak , ohitura duen bezala, 400 metro hesietan 1.01,49ko marka egin zuen. Julen Martinek 110 metro hesietan parte hartu zuen. Oso ondo ari zen baina 8. hesia gogor jo eta gero desorekatu eta ezin izan zuen lasterketa ondo bukatu. Azkenean 15,10ko marka egin zuen.

Real Sociedad taldearekin bi atleta aritu ziren txapelketan. John Cabang irurarrak laugarren postua lortu zuen 110 metro hesietan, eta finalerdietan egindako 13,88ko denborarekin 23 urtez azpiko Euskadiko errekorra ezarri zuen. Ander Martinez de Rituerto tolosarrak pertika jauzian min hartu zuen lehenengo saltoan eta nekez saltatu zuen 4,80 metroko lehen altuera, 13. postua eginez.

Atletiko San Sebastian taldeko Maria Lasa irurarrak 800 metroetan parte hartu zuen, eta 2.09 egin zuen finalaurrekoetan. Bere markatik gertu ibili arren ez zuen finalera pasatzea lortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!