Elkarrizketa

«Ea errepikatu ahal dudan pista estalian lortutakoa»

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 29a, 19:59

Joseba Larrauri atleta irurarra denboraldi bikaina egiten ari da, markak hobetuz eta dominak eskuratuz. Bi astera du hurrengo erronka nagusia.

Bere denboraldi onena egiten ari da Joseba Larrauri (Irura, 2002) Tolosa CF-ko atleta. Asteburuan absolutu mailako Espainiako Txapelketan bi probetan aritu zen. 100 metrokoan 10.62 egin zuen, Tolosa CF-ko marka ezarriz eta Gipuzkoako 23 urtez azpikoa berdinduz. Horrez gain, Real Sociedad taldearekin 4x100 metrokoetan parte hartu zuen eta brontzezko domina irabazteaz gain, Gipuzkoako marka ezarri zuten 40.44 markarekin.

Nola joan da izan berri den Espainiako Txapelketa?

Oso pozik nago lortutakoarekin. Nire helburua marka pertsonala hobetzea zen, eta hori lortzearekin batera, Gipuzkoako 23 urtez azpiko marka berdindu dut. Bestalde, 4x100 metroetako marka eta postua ez genuen espero, eta oso kontentu. Espero nuena baino hobeto.

100 metroetan 10.62raino iristea espero zenuen? Eta noraino iristea espero duzu?

Entrenamenduak ondo ateratzen ari dira, eta entrenatzailearekin hitz egiten biok badakigu denbora hobea egin dezakedala. Gauza batzuk zuzendu behar dira oraindik, baina 10.60tik behera egiteko aukera ikusten dugu.

Postuei dagokionez nola izan zen 100 metroko proba?

32 atleta ginen proba horretan, eta nik 30. denbora onena nuen, eta azkenean 19. postua lortu nuen. Ez nintzen finalerdietara pasa, baina lortutako markarekin oso kontentu geratu naiz.

Atzera begiratuta, denboraldiko beste emaitzarik nabarmenduko zenuke?

Denboraldi hasieratik lehiaketak oso ondo hasi ziren, nire markak hobetuz denbora guztian. Donostian, esaterako, Gipuzkoako absolutu mailako errekorra lortu nuen 200 metroetan, 21.53 markarekin, eta gero, absolutu mailako Espainiako Txapelketan pixka bat jaistea lortu nuen, 21.45 eginez. 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, berriz, brontzezko domina lortu nuen 200 metroetan. Pista estalian izan dira aipatutako emaitza horiek.

Zure proba onena berez 200 metroak izanik, nolatan ez zenuen asteburuan proba horretan parte hartu?

Absolutu mailakoan bi probetan bakarrik hartu daiteke parte, eta entrenatzailearekin hitz eginda, eta erreleboetan parte hartuko nuenez, 100 metroak egitea pentsatu genuen, absolutu maila ez delako nire esanguratsuena. Gero, hemendik bi astera, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 200 metrokoan parte hartuko dut.

Eta txapelketa horretan zein da zure asmoa?

Ea errepikatu ahal dudan pista estalian lortutakoa, baina marka hobetzearekin kontentu egongo nintzateke.

Zer marka duzu, bada, aire librean 200 metrokoan?

21.44 da nire marka, Durangon lortutakoa, Euskadiko Txapelketan absolutu mailan bigarren postua lortu nuenean. Gipuzkoako absolutu mailako marka 21.34 da, eta hori hobetzea da erronka.

Zer gertatu da horrelako denboraldi ona lortzeko?

Egindako lan konstantearen emaitza da. Astero lana egiten, entrenatzen, zaintzen... horrela lortzen dira emaitzak. Ez dago beste sekreturik.

Erlazionatuak

John Cabang, laugarren 110 metro hesietan

Tolosaldeko Ataria 2022 eka 29

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!