"Tolosaldean ez daukagu bermatuta euskarazko osasun arreta"

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 22a, 12:51

Galtzaundi Euskara Taldeak esan du herritarren eskubideen "urraketa larriekin" ahalik eta azkarren amaitzeko plan integral baten beharra dagoela. Asuncion klinika Osakidetzaren sare osoko zentrorik erdaldunena dela medikuei dagokienez nabarmendu du.

Galtzaundi Euskara Taldearen ustez, "urgentziazkoa eta guztiz kezkagarria" da Tolosaldeko osasun zerbitzuan euskarak duen egoera. "Uemak berriki egindako azterketak bistaratu du herritarrek genuen pertzepzioa zuzena zela: Tolosaldean ez daukagu bermatuta euskarazko osasun arreta eta are gehiago, etengabe hizkuntza-eskubideen egiturazko urraketak jasaten ditugu". Euskara taldeak uste du, Euskal Herriko eremu euskaldunenetakoa izanik, bertako biztanleei bideratutako osasun zerbitzu publikoek guztiz bermatu beharko luketela eskualdeko biztanle orok euskarazko asistentzia jasotzea osasun zentro guztietan.

Uemak Tolosaldeko osasun zerbitzuari buruzko azterketa eman zuen argitara atzo, eta bertan ondorioztatu du langileen %59k dutela euskara-gaitasuna egiaztatuta. Osakidetzakoak diren langileen %77k du egiaztatuta hizkuntza-eskakizuna, eta Asuncion klinikakoak diren langileen %53k. Azken honetan, sendagileen kasua nabarmenagoa da, bertan dauden 79 medikutatik soilik 13k baitute egiaztatuta hizkuntza-gaitasuna.

Hala, Galtzaundik azaldu du Tolosaldeari %74ko derrigortasun-indizea dagokiola osasun zerbitzuen hizkuntza eskakizunei dagokionean, hau da, osasun arloko lanpostuen %74k izan beharko lukete hizkuntza eskakizuna betetzeko data jarrita. Gaur egun, ordea, %60an dago betekizun hori. Hala ere, esparru batzuetan egoera hobea bada ere, are nabarmenagoa dela hutsune hori pediatrian eta medikuen kasuan azpimarratu dute: "Eskualdean pediatrian dauden zortzi lanpostuetatik erdietan bakarrik daude hizkuntza-gaitasuna egiaztatutako langileak, etxean soilik euskara jaso duten haur asko dauden bitartean Tolosaldean; haurrek medikuarekin ongi ez ulertzea eta behar bezala adieraztea eragozten die horrek etxeko txikienei".

Sendagileen kasuan, Asuncion klinikako medikuen %16,5ek bakarrik dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta, eta euskara taldeak nabarmendu duenez, datu horrek adierazten du Asuncion klinika dela Osakidetzaren sare osoko zentrorik erdaldunena medikuei dagokionez. "Egoera horiek, hizkuntza-eskubideen urraketa nabarmena adierazten dute".

Euskara taldearen arabera, egoerak "argi" erakusten du Tolosaldeko osasun zerbitzuak esku-hartze "berezia eta urgentea" behar duela. "Ez da onargarria eskualdeko biztanleek jasotzen duten arreta hizkuntzaren ikuspegitik, eta argi dago egoera hau birbideratzeko plan integral baten beharra dagoela, ahalik eta azkarren herritarren eskubideen urraketa larri horiek amaitzeko".

Hala, Galtzaundi Euskara Taldeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Asuncion klinikari eskatu die egoeraren berehalako analisia egin, eginbeharreko aldaketen plana diseinatu eta berehala esku hartzeko. Osakidetzan martxan dagoen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eskualdeko osasun sare guztian inplementatu behar dela diote, "baita Asuncion klinikan ere, eskualdeko biztanleei osasun arreta bermatzeko akordioa baitago". Gainera, planaren jarraipena nork eta nola egingo duen definitzeko beharra ikusten du euskara taldeak. "Osasun arreta euskaraz jasotzea gure eskubidea da eta guztiz normalizatuta egon beharko luke dagoeneko Tolosaldean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!