Asuncioneko 13 medikuk dute soilik euskara-gaitasuna egiaztatuta

Ataria 2022ko eka. 21a, 16:00

Uemak egin duen Tolosaldeko osasun zerbitzuari buruzko azterketak erakusten du Asuncion klinikako langileen erdiak duela egiaztatuta hizkuntza-gaitasuna; zentroak dituen 79 medikuak soilik hartuta, Osakidetzan ez dago hain egiaztatze maila apala duen ospitalerik.

Uemak Tolosaldeko osasun zerbitzuari buruzko azterketa osatu du, eta ondorioztatu du langileen %59k dutela euskara-gaitasuna egiaztatuta. Osakidetzakoak diren langileen %77k du egiaztatuta hizkuntza-eskakizuna, eta Asuncion klinikakoak diren langileen %53k. Azken honetan, sendagileen kasua nabarmenagoa da, bertan dauden 79 medikutatik soilik 13k baitute egiaztatuta hizkuntza-gaitasuna.

Pasa den urteko ekainean aurkeztu zituen Uemak Eusko Legebiltzarrean, kide dituen udalerrietako osasun-zerbitzuei buruzko azterketa. Osakidetzako eta Osasunbideko lanpostuak aztertu zituen, eta ikusi postu horietako bakoitzean ari diren langileek zer hizkuntza-eskakizun daukaten egiaztatuta. Azterketa horrek, ordea, hutsune bat zuen, Tolosaldeko datuak ez baitziren ageri. Uematik azaldu dutenez, "Asuncion klinikak ematen du osasun-zerbitzu publikoa eskualde horretan, Osakidetzarekin daukan itunaren bidez, baina ikerketa hartan ezin izan zen Asuncioneko lanpostuen egoera aztertu, zuzendaritzak ez baitzion informazio hori eman Uemari". Bada, Eusko Legebiltzarrak egindako eskaeraren ondoren, datu horiek helarazi ditu Asuncion klinikak orain, eta Tolosaldeko osasun-zerbitzuari buruzko azterketa osatu ahal izan du Uemak.

Analisia egiteko informazio ofiziala erabili du Uemak. Osakidetzako lanpostuei dagokienez, Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrari bidalitako informazioa erabili da, hau da, lanpostu guztien zerrenda, eta momentu horretan bakoitzean zegoen langileak egiaztatuta zeukan hizkuntza-eskakizuna. "Asuncioneko postuei dagokienez, postu bakoitzak zer hizkuntza-eskakizun daukan zehaztuta ez dagoenez, lanpostu-klase bakoitzak Osakidetzan daukan hizkuntza-eskakizuna aplikatu zaie Asuncion klinikako postuei, eta alderatu da langileetatik zenbatek daukaten eskatutako gaitasuna", esan dute.

Emaitza orokorra

Tolosaldeko osasun-zerbitzuan denera 532 lanpostu daude, eta horietako gehienak, 377, Asuncion klinikari eta Belateko zentroari dagozkie (%71); Osakidetzako zerbitzukoak 155 postu dira (%29). Bada, emaitza orokorrak erakusten du Tolosaldeko osasun langileen %59k daukatela postuari dagokion gaitasuna egiaztatuta.

Osakidetzari begiratura, iaz egindako azterketak erakutsi zuen eskualdeko langileen %77k dutela egiaztatua postuari dagokion hizkuntza-eskakizuna. Batez bestekotik behera daude bost arlo: pediatria (%50), zuzendaritza (%70), erizain laguntzaileak eta zeladoreak (%75), teknikariak (%75) eta erizaintza (%76). Batez bestekotik zertxobait gorago daude administrariak (%79), eta familia-medikuek daukate Osakidetzan hizkuntza-eskakizunen betetze-mailarik handiena (%86).

Asuncion klinikatik jaso dituzten datuek argi utzi dute Osakidetzakoa baino "okerragoa" dela egoera, langileen %53k baitu egiaztatua postuari legokiokeen hizkuntza-eskakizuna. Ehuneko hori Osakidetzaren ospitaleekin alderatu du Uemak: "Arabako eta Bizkaiko ospitale gehienek baino ehuneko hobea du Asuncionek, baina Gipuzkoako ospitale guztiek baino apalagoa".

Analisi xeheagoa egiteko, Asuncion eremuz eremu aztertu dute. Errehabilitazio-zerbitzuak du euskara-gaitasuna egiaztatutako langileen ehuneko handiena: bostetik lau pasatxo (%82); kasu gehienetan, gainera, hirugarren hizkuntza-eskakizuna daukate, EGA. Zerbitzu hauetan ere gehienek dute gaitasuna egiaztatua, nahiz eta ehunekoa jaitsi egiten den: administrazioan, garbitzaileetan, teknikoetan, erizain laguntzaileetan, sukaldean eta erizainetan. Txanponaren beste aldean daude zeladoreak, zuzendaritza eta medikuak: horietan, langile gehienak daude eskakizuna egiaztatu gabe.

Medikuen kasua azpimarratu du Uemak. Izan ere, 79 sendagile daude Asuncion klinikan, eta horietatik 13k dute hizkuntza-gaitasuna egiaztatua; gainerakoei dagokienez, lau medikuk lehen hizkuntza-eskakizuna dute lortua, eta 62k, batere ez. Zerbitzu guztietan da gutxiengoa hizkuntza-eskakizuna lortutako sendagileen ehunekoa, etxeko ospitalizazioan izan ezik: bost mediku daude, eta hiruk badute erreferentziazko hizkuntza-gaitasuna. Gainerakoetan, nabarmen txikiagoa da ehunekoa: kanpo-kontsultetan, hamasei medikuetatik bost dira; larrialdietan, hemezortzitik hiru; eta ospitaleratzean, 21etik bi. Gainerako zerbitzuetan, berriz, ez dago hizkuntza-gaitasuna egiaztatuta daukan medikurik.

Uemak dio sendagileak soilik hartuta, Osakidetzan ez dagoela hain egiaztatze-maila apala daukan erietxerik: "apalena Arabako ospitaleak du, %33rekin, Asuncionen bikoitza. Areago, Gipuzkoako ospitaleetan, hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dute gehienek: Donostia Ospitalean, adibidez, %55ek, Asuncionetik 40 puntu gora".

Osatutako azterketa Tolosaldean kide dituen udalei bidali die Uemak, eta baita Osasun Sailari eta Eusko Legebiltzarrari ere, "nork bere politiketan kontuan har dezaten osasun-zerbitzuaren egoera zein den".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!