Maila goreneko uretan lehiatzeko prest

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko eka. 11a, 17:21

Tolosako Trianguloa plaza urdinez busti dute eguerdian TAKeko arraunlari eta jarraitzaileek. Tolosaldea Arraun Klubeko Emakumeen Traineruaren aurkezpena egin dute.

2018an abiatutako proiektua da TAK Tolosaldea Arraun Klubeko Emakumeen Trainerua. Eta iaz orain arteko markarik onena bete eta gero aurtengo denboraldian Eusko Tren Ligan lehiatzeko txartela eskuratu zuten. Proiektuak aurrera egiteko ezinbestekoak izan dituzte urte hauetan eskualdeko udalak eta enpresak eta horrela, haiek guztiak, eskertuz hasi dute denboraldiko traineruaren aurkezpena. Etxe barrura begira, Sabino Alijostes, Iñaki Arratibel eta Kike Mokoroari ere txalo zaparrada iritsi zaie bertaratutakoen eskutik.

Arraunlari guzti-guztiak ez dira elkartu gaurko aurkezpen ekitaldian baina talde argazkia osatzeko modua izan da. 

Aurtengo lehian Maialen Amondarain tolosarrak eta Olaia Barriuso Txintxerpekoak burutuko dituzte patroi lanak. Eta trainerua osatuko dute ondorengo arraunlariek: Itsaso Aizpurua (Zizurkil), Itxaso Aramburu (Tolosa), Naroa Becerril (Tolosa), Ane Zelaia (Belauntza), Ane Egües (Elduain), Malen Eskitxabel (Pasai Antxo), Irati Hernandez (Tolosa), Garazi Ormazabal (Tolosa), Naroa Leonet (Tolosa), Arene Lacoste (Donostia), Malen Oyarzabal, Arene Portularrume (Aia), Uxue Zuriarrain (Amezketa), Irene Sierra (Santurtzi), Irati Gurutxarri (Zarautz), Maddi Urdapilleta (Villabona), Uxune Urkia (Idiazabal), Mireia Vicente (Anoeta) eta Garazi Solozabal (Orexa).



Uxue Zuriarrain amezketarrak TAK barruko bere ibilbideaz hitz egin du aurkezpenean: "12 urterekin hasi nintzen eta 20 urte ditut. Gogorra ote den? Udaran egiten dugun lana da ikusten dena, baina gehien kostatzen den lana negukoa da. Neguan gogor entrenatu beharra dago. Aurten beste koska bat gora egin dugu eta maila disfrutatu ahal izateko, neguko entrenamenduak gogorragoak izan dira. Hala ere oso gustura gaude; ametsa zen Eusko Trenen lehiatzea eta ahal dugun onena ematera gatoz".

Zuriarraini jarraika, arraulari berri batek hartu du hitza: Irene Sierrak. Santurtzitik dator bera eta bere lan onena eskaini nahi dio Tolosaldeko traineruari hastera doan denboraldian: "Potente ibiltzen ziren uretan eta giro itzela zegoen TAKek eta Tolosara etortzera animatu nintzen. Hasieratin talde giro ona antzeman dut eta uretan beti %100 emateko prest daude".

Garazi Solozabalen egoera oso bestelakoa da. Etxekoa da bera, Orexakoa. Harrobian hasitakoa eta aurtengo denboraldian lehen mailan lehiatzeko aukera izango du: "Beti lehen traineruari begira egoten gara eta orain hemen nago; disfrutatzera nator, haietaz ikastera". Honek erakusten du TAKek goiko lanaz gain, beheko lana ere egiten duela eta baduela tira egiteko harrobia.

Entrenatzaile paperari begiratuta, aurten estreinatuko da Pasai San Pedroko Ramon Erostarbe. Hitz gutxi eta ekiteko gogoz azaldu da entrenatzailea: "Talde polita da eta lasai gaude. Gure helburua disfruta dezatela da. Oso gogor entrenatzen ari gara, sufrituko dugu, baina lehiarako gogoz gaude Eusko Tren Ligan. Gure helburua noski, maila mantentzea izango da". Eta Kontxari begira, "lehenik klasifikatu beharra dago", esan du Erostarbek. Baina ondoren, "oso estropada berezia da eta disfrutatzekoa".

Erostarbe ez da bakarrik egongo arraunlarien entrenamenduetan; entrenatzaile laguntzaile bezala Manex Balerdi ondoan izango du.

Maila gorenean entrenamenduek aparteko garrantzia dute eta baita egoera fisikoak ere. Kirol medikuntzako arduraduna Iñaki Arratibel da eta horrela azpimarratu du egin beharreko egokitzapena: "Entrenamenduak gogorragoak dira.Asteburuetan estropada luzeak izango dituzte, larunbat eta igandetan eta erresistentzia ñandu behar izan dugu. Aldaketak ezin dira bat-batean egin eta horregatik eskakizun maila berrira gutxika egokitu gara. Larunbatetik igandera azkar errekuperatu beharko dira eta loak eta janak garrantzia izango du horretan".

Behin trainerua eta taldea aurkeztuta zaleak estropadetara gonbidatu dituzte. Lehena Bilboko Bandera izango da uztailaren 2an eta hurrengo egunean, uztailaren 3an, Adegi Bandera.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!