Urte historikoa

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 22a, 07:56
Reala 2021-2022 denboraldia ospatzen Reale Arenan. REAL SOCIEDAD

Batzuetan neurriz kanpo erabili ohi da «historikoa» adjektiboa. Oraingoan arrazoitua dela esan daiteke. 2004-2005eko denboraldian sortu zuen Realak emakumezkoen taldea, eta bigarren mailara igotzea lortu zuen zuzenean. Hurrengo denboraldian Espainiako Ligaren lehen mailara igo zen, eta bertan hamaseigarren denboraldia egin du asteburuan bukatu berri denarekin. Orain arte ligan lortutako postu onena bosgarrena izan da, 2015-2016 denboraldian eta aurrekoan. Denboraldi honetan bigarren postua lortu du, eta lehendabizikoz Txapeldunen Liga jokatzeko eskubidea lortu du. Hori bai, atarikoa jokatu beharko du, baina sailkapenean hirugarren geratu denari aurretik beste neurketa bat gehiago jokatzea egokitzen zaio.

Realak urte historikoa egin du, beraz, eta horren errudun nagusietako bat Natalia Arroyo entrenatzaile kataluniarra da. Arroyoren bigarren denboraldia izan da bukatu berri dena, eta iaz erakutsitako maila koska bat gehiago igo du. Jokalariei ere, noski, eman behar zaie bere meritua, are gehiago denboraldia hainbat aldaketekin hasi zelako. Jokalari ugarik utzi zuten taldea eta Realarentzat urte zaila izango zela uste zen, baina taldeak konfiantza handiz jokatu du, bigarren postu hori lortuz.

Jokalarien artean bi dira eskualdekoak: Nerea Eizagirre tolosarra eta Izarne Sarasola ibartarra. Protagonismo berezia izan du Eizagirrek, taldean izandako aldaketak direla-eta bera izendatu baitzuten kapitaina. Sekulako denboraldia egin du, nortasun handia erakutsiz eta hamasei golekin taldeko bigarren golegilea bihurtuz. Sarasolarentzat urte ahaztezina izango da, lehen taldean debuta egin duelako, eta Realaren urte historikoaren parte izan delako. Orain Txapeldunen Ligaren atarikoa jokatzea tokatuko zaie, eta beste pauso bat eman nahiko dute, lehiaketaren ligaxkan sartuz. Espainiako Ligan erakutsitako maila berretsi nahiko dute Europako talde onenen aurka, baina oraingoz ondo merezitako oporrak izango dituzte.

Erlazionatuak

«Nire ametsa egia bihurtu da»

Imanol Garcia Landa 2022 mai 22 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!