ERREPORTAJEA

Zotin sekua dagi errotarriak

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 29a, 07:57
Txuringadiko errota atarian dauden errotarri zaharrak. J. M.

Maiatzaren 8an Gipuzkoako Erroten Eguna egingo dute; aurrez, Larraulen, errotariek eta errotagintza maite dutenek topaketa egingo dute bihar: gaur egun ondare honen inguruko diagnostikoa partekatu eta etorkizunera begirako bide posibleak aztertuko dituzte bertan.

Energia hidraulikoa erabilita laboreen transformaziorako asmatutako egiturak dira errotak, baina giza jarduera hutsetik harago, lurralde antolaketaren eta gizakiak bere ingurunearekin izan duen harremanaren berri ematen digute. Maiatzaren 8aren bueltan egingo duten Gipuzkoako Erroten Egunaren antolatzaileek uste dute gertuko kulturaren ondarea, ondare teknologiko, antropologiko eta etnografikoa hobeto ezagutzeko tresna ezin egokiagoak direla.

Gipuzkoa, eremu natural eta sozial gisa hartzea proposatu du Alex Roteta Nazabalek (Oiartzun, 1973) Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteko kide eta Gipuzkoako Erroten Egunaren bultzatzaileak. «Ezin dugu ondare hau garai bateko begiekin ikusi. Errotak mantendu nahi baditugu irakurketa berritu bat egin behar dugu. Ondare honen inguruko kontakizun berri bat sortu behar dugu denon artean, balioko diguna tokian tokikoa esplikatzeko baina aldi berean herrialdearen azken mendeetako garapen sozial, ekonomiko eta industrialaren berri emateko». Ingurugiroaz edo energiaz mendeetan egin den erabilera aztertuta, teknologiaren garapenari begiratuta edota paisaian eragin diren aldaketetan arakatuta Gipuzkoako azken mendeetako historia azaldu daitekeela uste du Rotetak. «Egungo gipuzkoarrak garai bateko bizimodu eta kulturarekin elkarrizketan jartzeko ondare ezin baliotsuagoa da errota».

Alex Roteta: «Garai batekin elkarrizketan jartzeko ondare ezin baliotsuagoa da errota» 

Azken hilabeteetan Gipuzkoako erroten inguruko diagnostiko bat egin du oiartzuarrak eta horretarako aurreko mendearen amaieran Antxon Agirre Sorondo etnografoak egindako lana hartu du oinarri. Gipuzkoan 700 errota katalogatu zituen eta horietatik 47 baino ez zeuden martxan 80ko hamarkadan. 2022an, herrialdeko ibai eta arro guztiak kontuan hartuta azterketa berritu du Rotetak eta bere kalkuluen arabera 30 dira, gaur egun, martxan dauden errotak. «Martxan egoteak zer esan nahi duen ere zehaztu behar genuke. Osorik dauden errotei erreferentzia egiteko erabiltzen dut hitz hori. Agirre Sorondok duela 40 urte katalogatu zituen 700 errota horien artean, badira erabat desagertuta daudenak, beste batzuk lau pareta baino ez dira, beste batzuk baserri bihurtu eta makineriarik ez dute eta tartean badaude kanala edo antepara mantendu dutenak ere. Dena den, abiatu dugun egitasmorako dena zaigu baliagarri, dena da ondarea. Ondare hori bistaratzen asmatzen dugun neurrian eskuratuko dute errotek balio interpretatibo hori, emango digute garai bateko bizimodu, ohitura eta kulturaren berri».

Rotetak aitortu du ondare elementu «konplikatua» dela errota. Ondarea bera mantentzeak konplexutasun handia du: urak bideratu behar dira, kanala eta botana txukun mantendu, tresneria hondatu gabe eduki... «Belaunaldiak desagertzen diren neurrian ondorengoek heldu behar diote gaiari eta ez da beti horrela gertatzen. Berezko zailtasunei, traba administratiboak gehitzen zaizkie maiz eta jendeak amore ematen du. Horrela errotak poliki-poliki galtzen joaten dira». Dena den, zailtasunak ugariak diren arren, Rotetak martxan jarri duen egitasmoarekin mezu positiboa zabaldu nahi du errotarien artean. «Zailtasunak handiak dira, ahalegin handia eskatzen du errota bat martxan mantentzeak, baina ondare honen balioa jendarteratzen ez badugu, modu positiboan herritarrei ulertarazten ez badiegu zein aberastasun dagoen errota bakoitzaren atzean, jai dugu. Nik ez dut beste modurik ikusten errotak zutik mantentzeko». Premisa horren inguruan aldekotasunak bilatzen jardun du azken hilabeteotan, eta besteak beste, Gipuzkoako Parketetxe Saretik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailetik jaso duen babesa eskertu du oiartzuarrak.

«Ni ez naiz inoren ordezkari», dio Rotetak. Aipatu du Ihurrita Errota Sustatzeko Elkartearen izenean baino ez duela hitz egiten eta jaiotetxeko errotan bizi izan duten esperientzia beste errotari batzuentzat baliagarri izan daitekeela pentsatuta garatu duela Gipuzkoako Erroten Egunaren egitasmoa. «Duela lauzpabost urte sortu genuen elkartea familiakoen artean eta gure ingurunean ekarpentxoa egiten saiatzen gara. Guk alde batetik arto pixka bat ereiten dugu eta arto ekoizleren bat etortzen bada, martxan dugun errotan artoa irintzeko aukera ematen diegu. Arto-irina ere eskaintzen dugu. Eta gero bisitaldiak antolatzen ditugu: Oiartzungo ikastolatik umeak etortzen dira errota ikustera, auzoko festetan ekitaldi bat egiten dugu, herrian dauden beste pare bat errotekin elkarlanean egun bereziak antolatzen ditugu eta egin izan ditugu ekitaldiak etxe ondotik pasatzen den eta Arditurriko minara doan bidegorrian». 

Alex Roteta: «Errotak mantendu nahi baditugu irakurketa berritu bat behar dugu» 

Orain arteko ikuspegi malenkoniatsu eta tristeari buelta eman nahi dio Rotetak eta jai giroan, ilusioz, errota mundura jendea erakarri. «Gure esperientzia oso positiboa da, polita eta aberasgarria suertatzen ari da eta gerturatzen diren herritarrei errota erakusten diegunean asko estimatzen dituzte gure azalpenak». Oiartzungo Ihurritan azkeneko urteetan probatu duten bidea edo antzekoa beste errotetan lantzeko aukeraz arituko dira bihar Larraulen, Gipuzkoako Erroten Egunaren aurre lanketa gisa antolatu duten errotarien topaketan. Proposamen honen inguruan arituko da bertan Roteta: «Ez da hainbeste kuantitatiboki errota hauek eman dezaketena, zeren 30 errotek ematen dutena ematen dute, baina kualitatiboki uste dut oraindik aberastasun handia gordetzen dutela. Oraindik ere gauza asko esplikatu daitezke erroten bitartez eta Gipuzkoari buruzko gauza asko uler daitezke. Uste dut ondare hau babestea, bultzatzea eta sustatzea garrantzitsua dela. Hortik joko nuke nik». 

Irudiak garbitzeko joera

Bihar Larraulen egingo duten Gipuzkoako errotarien topaketarekin batera, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte datozen egunotarako. Maiatzaren 3an, San Telmo Museoan, 19:00etan, Gipuzkoako Errotak. Atzo eta gaur hitzaldia eskainiko du Rotetak berak, Alvaro Aragon historiagilearekin batera. Ondoren, maiatzaren 8an eskainiko dituzte ekimenak tokian tokiko erroten inguruan. 40 jarduera prestatu dituzte Gipuzkoako 33 herri ezberdinetan. Gehienak, bisitaldi edo ibilaldi gidatuak dira eta errota askoren ateak zabalduko dituzte datorren asteburuan. Hitzaldi eta erakusketak ere izango dira tartean. «Tokian tokiko ekitaldi horiek antolatzeko bertako erakundeen lankidetza bilatu dugu. Gehienetan udalek esku-hartu eta babestu dute ekitaldia. Gure ustez, bertako ondarea merezi duen ondarea izanik, lehenik eta behin bertako erakundeen babesa behar du», esan du Rotetak. 

Udalen lankidetzaz gainera, errotarien arteko elkarlana ere sustatu nahi dute Gipuzkoako Erroten Egunaren harira. «Iaztik hona, egitasmo hau bultzatzen hasi ginenetik, bi edo hiru errota berreskuratu dira. Martxan ez zeudenak edo ia desagertzeko bidean zeudenak berpiztu dira, elkarlanaren bitartez. Antzuolan badago, adibidez, Akinabei errota izenekoa, dotore askoa. Bertako errotaria joan den urtean hil zen eta haren ondorengoek ez zekiten oso ondo zer egin errotarekin. Erakundeen laguntzarekin eta gainerako errotarien babesarekin eutsi diote, lortu dute. Beste adibide bat Zaldibiako Kanpain errotarena da. Aramako Ibares errotako Ramon eta Mikel Cobos Zaldibian bertan izan dira eta hura egokitzeko laguntza eman dute. Zizurkilgo Akezkoerrota berreskuratzeko lanetan ere parte hartu dute».

Hain zuzen, maiatzaren 7an egingo dute Zizurkilen, eta Maiatza Saltsan ekimenaren barruan, Akezkoerrotara bisita. Horrekin batera, erromeria eta talo tailerra ere antolatu dituzte. Herriko Hernandorena elkartekoek zuzenean parte hartu du errotaren berreskurapenean eta lanketa bat egin dute, ez bakarrik Akezkoerrotan, baita garai batean martxan egon ziren erroten inguruan ere. «Ariketa horiek denek balio dute», nabarmendu du Rotetak. Azterketa historikoek bezala, zaharberritze eta berreskurapen lanek. Asteasuko Urniategi errotaren aztarnak aipatu ditu oiartzuarrak adibide gisa. 2014an Burdina taldeak Asteasuko Udalaren laguntzaz zaharberritze lanak egin zituen bertan. Ondare historikoa ezagutarazteko eta egindako lanak aurkezteko ekitaldia egingo dute Urniategin, datorren maiatzaren 8an.

Tolosara ere eramango dituzte ekitaldiak Gipuzkoako Erroten Egunean. Rafa Gorrotxategi museoan bisita gidatua eta txokolate tailerra egingo dituzte. «Errotak ez dira artoa ehotzeko bakarrik eta Gorrotxategik museoan badu errota txokoa ere. Eskuzko metateak ere badauzkate eta horiek guztiak ikusteko aukera izango dugu», dio Rotetak. Gainerako ekitaldiak martxan jartzeko dauden eskualdeko errotetan egingo dituzte, nahiz eta Ihurritako Errota Sustatzeko Elkarteko kidearen esanetan jakin badakiten Tolosaldean ere badirela errota gehiago hurrengo asteburuko egitarauan sartuko ez direnak: «Antolatzaileak ez gara iritsi errota guztietara. Gazteluko, Elduaingo eta Orendaingoak hor daude eta Amezketako Ugarten ere bada beste errota partikular bat. Zoritxarrez ez dira sartu aurtengo egitarauan, baina batek daki, agian urtero errepikatzeko modukoa izan daiteke Gipuzkoako Erroten Eguna eta hurrengo urteetako egitarauetan sartu daitezke». Rotetak aipatu duenez, Frantzian, adibidez, azkeneko hamabost urteetan antolatu izan dute horrelako egun bat eta tokiko ondarea jendeari erakusteko ekitaldiak antolatu izan dituzte».

Akezkoerrota, Zizurkilen. HERNADORENA KULTUR ELKARTEA 

Maiatzaren 7an Zizurkilgo Akezkoerrotan egingo dute ekitaldia, eta gainerako herrietan maiatzaren 8an, igandearekin izango dira bisitak. Altzoko San Salvador-Bekoa errotan, Pello Zabala gunea kokatu berri duten Amezketako Ieraregibizkar errotan eta Larraulgo Txuringadiko errotan. Biharko Larraulgo topaketan, herriko bertako ondarea erakutsi eta Gipuzkoako erroten diagnostikoa egitearekin batera, hamaiketako batean bilduko dira errotariak eta ekimenean parte hartuko dutenak eta ondoren bisita egingo dute Txuringadira. Larraulgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dute topaketa eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, 35 lagun baino gehiagok eman dute izena. Biharkoak balioko du Gipuzkoako Erroten Eguneko beroketa lanak egiteko.

 

Tolosaldean Erroten Eguna


Maiatzak 7, larunbata

  • ZIZURKIL. Akezkoerrotara bisita, erromeria eta talo tailerra.

Maiatzak 8, igandea

  • ALTZO. San Salvador Bekoa errotara bisita gidatua.
  • AMEZKETA. Ieraregibizkar errota gune turistiko-kulturala erakusteko bisita.
  • ASTEASU. Urniategi errotaren aztarnak berreskuratzeko 2014an egin ziren lanen aurkezpena.
  • LARRAUL. Txuringadiko errotara bisita gidatua.
  • TOLOSA. Rafa Gorrotxategi Txokolatearen Museora bisita eta txokolate tailerra.
Erlazionatuak

«Gauza naizen artean eutsi nahi nioke errotari»

Jon Miranda / Nora Urbizu 2022 api 29 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!