ELKARRIZKETA

«Gauza naizen artean eutsi nahi nioke errotari»

Jon Miranda / Nora Urbizu 2022ko api. 29a, 07:58

Larraulgo Txuringadi errota jaiotetxea du eta bizilekua ere bai; baina hori baino gehiago da Zumetarentzat errota: aurreko gizaldietatik datorren egiteko moduari eutsi nahi dio, kosta ahala kosta. Kultur ondarea kontserbatu eta zaintzearen beharraz hitz egin du Joxe Angel Zumeta Etxebestek.

Bihar Larraulen egingo duten Gipuzkoako Errotagintza Topaketan parte hartuko du Joxe Angel Zumeta Etxebestek (Larraul, 1950) beste hainbat errotarirekin batera. Topaketa amaitzeko parte hartzaileek bere etxera egingo dute bisita, Txuringadira.

Usarrabi errekaren bazterrean zenbat errota zeuden bere garaian?

Zelatundik behera datorren errekastoa, zenbat eta beherago joan orduan eta gehiago handitzen da. Hemen bertan hiru errota zeuden, kilometro bateko tartean. Eta gorago joanez gero burdinola ere bazegoen, Olazar izenekoa. Ur eskasia jasan zuten bertan eta 6-8 urteren ondoren itxi egin behar izan zuten. Izan ere, azarotik uztailera arte ez da problemarik izaten urarekin baina badira hiruzpalau hilabete, uda partean, emari gutxikoak izaten direnak. Guk etxean bi errota dauzkagu eta bien artean, segundoan 300 litro behar izaten dute. Ur asko behar da.

Asteasu edo Larraulgo lurretan. Non dago zuen etxea?

Hau lehenago Asteasu zen. 1840. urtean Asteasurengandik banatu zen Larraul eta etxe hau herriko errota bezala hartu zuten. Garai horretan garrantzia handia zuten errotek. Errekan, goitik beherako ordenan honako errotak zeuden hemen: Karien, Txuringadi, Urniategi, Txuloko edo Gorua, Konporta, Betezasti eta Beko errota.

Badakizue noizkoa den Txuringadiko errota?

Nik bildu ditudan dokumentu zaharrenak 1580. urte ingurukoak dira. Oñatiko artxibotik ateratako dokumentuak dira baina lehenagoko aipamenak ere ba omen daude, XIV. mende ingurukoak. Garai batean jabetza kolektiboa zen eta hamar lagunena zen Txurigadiko errota. Nire aitonak, Juan Jose Zumeta Esnaolak hamar zati horietatik sei erosi zituen. 1992 urte inguruan eskuratu genuen jabetza osoa gainerako lau parteak erosita.

Beti egon da martxan?

Bai, gure gurasoen denborara arte behintzat bai. Gure aitak errota ez zuen geldirik ikusi nahi izaten. 35 urte izango dira jendearentzako lana egiten ez dugula. 60ko hamarkadara arte inguruko baserrietarako egiten genuen lan. Ordutik aurrera eta 1985era arte, zerbitzu partikularrak amaitu eta pentsu almazen baterako hasi ginen lanean garagarra txikituz. Pentsuen kooperatiba ere desagertu zen, hark ematen zion lana gehienbat errotari. Pixkanaka itzaltzen joan da. Baina erabat ez da inoiz gelditu. Pentsa, Espainiako gerra ondorenean prezintatuta eduki zituzten errotak, gutxi batzuk eduki zituzten zabalik, eta hala ere ezkutuan egiten omen zuten lan hemen. Gure aitona zenak lau ume izan zituen: artoa bai, errota ere bai eta goseak egon beharra? Gauez egiten aritzen ziren, prezintua askatu eta martxan jartzen zuten errota. Haientzako eta ingurukoentzat egiten zuten irina. Gero kontua zabaldu zen eta aitona harrapatu egin zuten. Zigorra jarri zioten, 10.000 erreal ordaindu behar izan zituen. Aitona zenak negarra egiten omen zuen. Errota hemen etxean eduki eta zer izango zen berarentzako ezin erabili ahal izatea.

«Martxan edukitzeagatik ordaindu egiten digutela uste dute. Guk jarri behar, honek segitzea nahi badugu»

Zuk gogoan al dauzkazu pasarte horiek?

Ez bereziki. Gerora jaiotakoa naiz. Ni mutil kozkorra nintzela guardia zibilak etxera etorri eta sukalderaino sartzen zirela. Hori gogoan dut. Beren ibilbidea izaten zuten eta bisitatu beharreko puntuak ematen zizkieten. Gero nagusiei hemen egon zirela frogatzeko papera sinarazten ziguten. Etorri eta kontutan egoten ziren. Beren kapa handiarekin etortzen ziren eta jolaserako fusilak uzten zizkiguten. Nik ez nuen eskutan hartu nahi izaten ere, beldurtu egiten nintzen.

Zer kontatzen zuten zure aurrekoek errotaren inguruan?

Aitak ez zuen gauza asko kontatzen. Isila zen. Osabak, nire aita pontekoak, gehiago kontatzen zuen, istorio gehiago zituen gogoan. Esate baterako, kontatzen zuen nola mutil koskorrak zirela irina partitzen ibiltzen ziren baserriz baserri. Gailetak-eta ematen zizkietela esaten zuen. Izan ere, alea ekarri eta hemen zain egoten ez baziren, umeak bidaltzen zituzten baserrietara irinarekin. Hemen ez dut gogoan jende asko egon izana irina jasotzeko zain.

Zer eman dizu zuri errotan jaiotzeak?

Ni hemen jaio nintzen eta ez daukat damurik. Batzuk baserrian jaiotzen dira, eta beste batzuk kalean. Niri halaxe tokatu zait eta errotako semea naiz. Niri, oro har, lan asko eman dit eta gaur egun mantentzeak ere lanak ematen dizkit. Botana garbitu, kanala bideratu, urei eutsi... Usterik gutxiena duzunean sortzen zaizkizu eginbeharrak. Beti badago zer edo zer.

Lana bai, baina estimazioa ba al duzue?

Ez. Errotariak fama txarra izan du. Lapurraren fama izan du. Baserritarrak alea ekartzen zuen eta zati bat kentzen zitzaion, saria, alegia, %10. Baserritarrak ehun kilo ekartzen bazituen hamar kilorekin geratzen zen errotaria. Baliteke kasuren batean, hamabi kilorekin edo hamabostekin geratzea. Batzuetan merezita ere bai. Udazkenean artoa sorotik atera bezain pronto ekartzen zuten baserritarrek errotara, artean ondo ihartu gabe. Erdi hezea edo erabat hezea egoten zen alea. Errotan ezin pasa geratzen zen, masa bezala egiten zen. Aita zena errietan aritzen zen. Errota altxa eta garbitu beharra zekarren horrek. Zer-nolako lanak! Iluntzean, artoa hartu ekonomika txapa gainean ihartzen jarri behar izaten zuten. Horrekin zer esaten duzue? Lapurra dela errotaria? Ezin ordainduzko lanak hartzen zituzten gure aurrekoek.

«[Artzai Onaren katedralaz] Hura bezalaxe hau ere monumentua da, baina hau erreka bazterrean dago»

Estimazio gutxi eta laguntzak ere urri.

Errotak mantenu lan handia du. Bateko botana garbitzea dela, kanala, zirrikituak eta fugak azaltzen zaizkizu askotan eta haiek osatu behar izaten dira, konpondu. Urari eutsi ezinik borroka batean ibili behar izaten dugu. Sorpresak nonahi agertzen zaizkizu. Luizi handia izan genuen guk duela denbora bat, bi arbola erori zitzaizkigun eta kanala puskatuta geratu zitzaigun. Kalte handia izan zen hura. Eskoilera egin behar izan genuen, hamabi bat metrokoa. 15.000 euroko aurrekontua zuten lanek eta 4.000 euro pasatxoko diru laguntza baino ez ziguten eman. Gainerakoa gure patrikatik jarri behar izan genuen, bestela errota gabe geratuko ginen. Errota martxan edukitzeagatik ordaindu egiten digutela uste dute. Guk jarri behar, honek segitzea nahi badugu.

Zu hemen jaioa zara eta eutsi egin nahi diozu.

Gauza naizen artean eutsi nahi nioke. Horrela ezagutu dut eta odolean sartua daramat. Baserritar bat animaliekien duen grina hori bera dut errotarekin nik. Etortzen den jendeak estimatu egiten du hau ikustea eta martxan edukitzea. Animoak ematen dizkidate eta hori eskerrak. Askotan esaten diet, «eskerrak zuek etortzen zareten, zuei eskerrak daukat errota martxan, zuek etorriko ez bazinate geratuta egongo litzateke». Errota kotxe zaharra bezala da, aldian behin arrankatzen ez baduzu, hortxe geratzen da betirako geldi. 

Nondik jasotzen dituzu bisitak?

Eskola umeak etortzen dira Asteasutik, Villabonatik eta Donostiatik ere bai. Urtean 200 ume inguru pasako dira. COVID-19agatik azkeneko bi urteetan ez dugu bisitarik jaso. Dena den, gaztetxoak etortzen direnean nik poza sentitzen dut. Ekartzen duten alaitasuna eta jolasteko gogoa gustatzen zaizkit. Zerbait ikasita joango dira, gerorako zer edo zer geratuko ahal zaie.

Bi errota dauzkazue Txuringadin, bata bestearen alboan. Ohikoa al da hori?

Ez. Ez da askotan izaten. Azpeitian eta Zerainen ere ikusi izan ditut, baina leku gutxitan izaten dira horrelakoak. Urak bi ardatz mugitzen ditu. Garai batean, errota batean garia eta bestean artoa ehotzen ziren. 1929an energia sortzeko eskaera egin zen: errota bat alea ehotzeko geratu zen baina beste ardatzarekin instalazio bat jarri zuten. Ura nahikoa dagoenez, errota martxan dagoela hari begira zeudela, bitarte horretan aitonak-eta pentsatu zuten bestelako eskulanetan aritzeko tresneria moldatzea. Energia hidrauliko hori erabilita, makineria mugiarazten zuten: makinen hortzak zorroztekoa, egurrarentzat zepilladora, egurra mozteko zintazko zerra, taladroa, dinamo txiki bat eta sagarra txikitzeko matxaka jarri zituzten. Sagardoa egitekoa kenduta daukagu, baina gainerako tresnak badabiltza oraindik ere. Aitonak egin zituen lan batzuk irauten dute oraindik ere, baita aitak egindakoak ere. Aitak etxetik kanpora egiten zuen lan, eta handik ateratzerakoa, astebukaeratan eta horrelakoetan aritzen zen errotan.

Hiztegi propioa badu errotak.

Bai, errekatik jasotako hura kanaletik guk botana deitzen diogun lekura etortzen da. Beste batzuk horri antepara deitzen diote, aldaperoa ere bai. Eta horrekin batera, beste hitz asko daude, turtukia, adibidez. Uraren etorrerak turtukia mugiarazten du eta horrekin batera errotarriaren ardatza. Gure etxean, errotak burdinazko turtukia du, maneiatzeko errazagoa delako eta bere garaian errotak lan asko egiten zuelako. Beste errotak egurrezko turtukia du. Hori ere, urarekin errazago izorratzen da eta aldiro aldatu behar izaten da. Horri ere kontu egin behar zaio.

Errotak galbidean daudela esango zenuke?

Bai. Esaten dute Gipuzkoan duela ehun urte 600 errota zeudela. Pentsa zenbateko galera izan den urte gutxitan. Gutxienez diru sail bat gordeko balute errotarientzako, errotak martxan mantendu ahal izan ditzagun. Gastuak kubritzeko behintzat. Hainbeste diru eta gehiago gastatzen dute beste lan batzuetan. Orain jakin dut Donostian Artzai Onaren katedrala zaharberritzeko ez dakit zenbat milioi euro gastatuko dituztela. Eliza berria da, ehun urte pasatxo ditu eta ez du zentzurik hori berritzeak. Hura bezalaxe gureak ere monumentuak dira, baina katedrala Donostian dago, eta gu berriz, erreka bazter honetan, isilik. Mendeetan martxan egon diren fabrika hauek erortzeko puntuan daude.

Zer iruditzen zaizkizu Gipuzkoako Errota Eguna bezalako egitasmoak?

Uste dut interesantea izango dela biharkoa eta baita datorren asteburukoa ere, gutxienez errotariak bildu eta bizirik jarraitzen ote dugun jakiteko. Elkarrekin eskaera batzuk egitea errazagoa egingo zaigu, ez dakit gero inora iritsiko ote diren gure erreguak. Erakundeak daude alde batetik, baina Ura agentziak ere oztopo ugari jartzen dizkigu. Zailagoa ikusten dut traba horiek gainditzea, baina nola edo hala saiatu behar dugu. Segitu nahi duenari behintzat aukera eman beharko liokete jarraitzeko. Bestela, bere horretan geldi utzita, errotak hondatu egiten dira. Galbidera doaz.

Erlazionatuak

Zotin sekua dagi errotarriak

Jon Miranda Labaien 2022 api 29

Joxe Angel Zumeta, Txuringadiko errotaria

Tolosaldeko Ataria 2022 api 29 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!