Koronabirusa

Bihartik aurrera ez da derrigorrezkoa izango maskara toki itxietan

Ataria 2022ko apirilaren 19a

Osasun zentroetan maskara erabili beharko da.

Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan eta garraio publikoan.

Maskara toki itxietan erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzten duen dekretua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Bihar sartuko da araua indarrean, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Hori bai, ospitaleetan edota adinekoen egoitzetan eta, oro har, osasun zentroetan eta farmazietan maskara erabiltzen jarraitu beharko da, eta baita garraio publikoan ere.

Lantokien kasuan, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuen eskumena izango da aurrerantzean musukoa erabili ala ez erabakitzea. Dena den, maskara erabiltzea gomendatu du Espainiako Osasun Ministerioak 1,5 metroko segurtasun-tartea eta lan-eremuaren aireztapen egokia bermatu ezin denean.

Ikastetxeetan, ikasleek ez dute maskara erabili beharko, baina irakasle zaurgarriei maskara erabiltzea gomendatzen zaie.

Bestalde, jendea pilatzen den gainerako leku itxietan musukoa janzteko gomendioa emango dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!