Gehigarria: komertzio txikia

Aroma eta zaporez beteriko txokoa

Ataria 2022ko api. 15a, 09:59

Iban Arruti eta Unai Garmendia Belate pasealekuan dagoen Benta-Aldea 2n.

Jatetxeaz gain, denda ere badute Benta-Aldean. Hau, ordea, Tolosako Belate pasalekuan dago, eta eskualdean ateak zabaldu zituen lehen ardotegia da. Ardoa protagonista bada ere, beste hainbat alkoholdun edari eta bertako produktuak erosteko aukera ere eskaintzen dute. «Gama guztiak saltzen saiatzen gara, produkzio txikienetik handienera, denei garrantzia bera emanez».

 

Duela 50 urte Fermin Garmendiak herriz herri ardoa saltzeari ekin zion. Bere pasioa zela ikusirik, duela 35 urte bere familiarekin batera Bodegon Benta-Aldea irekitzea erabaki zuen Anoetako industrialdean. Bertan, tripa betetzeko, deskantsatzeko edota hainbat produktu eskuratzeko aukera eskaintzen dute. Izan ere, jatetxea, ostatua eta biltegia dituzte, eta azken horretan hainbat edari eta jaki saltzen dituzte. Euren lana hedatzeko asmoarekin Tolosan bigarren denda bat zabaltzea erabaki zuten, eta hala egin zuten Unai Garmendiak eta Iban Arrutik.

Benta-Aldea 2

Hain zuzen, 2013an zabaldu ziren lehen aldiz Benta-Aldea 2 dendako ateak Tolosan. Herrian aurkitu daiteken lokal zaharrenetakoa den arren, berezia ere badela kontatu dute Benta-Aldea 2n: «Esaten dute bere garaian gaseosak egiten zituen gizon baten lokala zela, eta horregatik, gure produktuak saltzeko lokal aproposa izango zela pentsatu genuen. Izan ere, paretak harrizkoak dira, eta ezaugarri honi esker, hezetasunak eta tenperatura aldaketak ez du hainbesteko eragina produktuetan. Ardoa mantentzeko hori oso garrantzitsua da».

Gama guztietako ardoak eskaintzen dituzte bertan; izen ezagun eta handietatik hasi eta izen ezezagun eta txikiagoetara bitarte. Izan ere, upategi txiki askokin lan egiten dute, eta horregatik, supermerkatu askotan ez dauden ardoak ere Benta-Aldea 2-ko apaletan aurki daitezke. Gainera, bezeroek urte osoan zehar dendan dituzten botila guztien eskaintza bereziez gozatzeko aukera dute; botilak bakarka edo kutxatan erosiz.

Ardoa dendako protagonista nagusia bada ere, txakolina, sagardoa, likoreak, whiskiak edota bestelako alkoholdun edarien eskaintza zabala dute, eta tragoarekin batera tripa betetzeko jakiak ere ez dira falta. «Bertako produktuei garrantzia ematen diegu, baina Nafarroa, Errioxa eta Andaluziatik ekarritakoak ere baditugu. Gehienbat ardoarekin batera hartzeko egokiak iruditzen zaizkigunak ditugu dendan: gazta, olioak, hestebeteak eta kontserbak, besteak beste», aipatu dute.

Gertukotasuna

Ardoaren mundua ezagutzen ez duen pertsona batek nahiko lan izan dezake botilaren aukeraketan, baita produktuen konbinaketan ere. Izan ere, dendako apaletan edozein marka eta preziotako botilak aurki daitezkeela argi utzi dute Benta-Aldea 2n: «Hiru euro eskas balio duten ardo botilak ditugu, baita berrehun eurotik gora balio dutenak ere». Horregatik, bezeroekin gertukotasuna beharrezkoa eta ezinbestekotzat dute bertan, haiei gidatu, informatu eta laguntzeko helburuarekin.

Horretarako, atetik igarotzen diren bezero guztiei aholkularitza pertsonala eskaintzen dietela kontatu dute. «Adibidez, norbaitek produktu desberdinez osatutako pakete bat prestatu nahi badu, bere gustuak kontuan hartuta hori osatzen saiatuko gara, berak erabakitako aurrekontura egokituz. Bezeroak nahi duen merkatura gidatzen laguntzen diogu, ez baitago merkatu bakar bat», esan dute.

Pakete pertsonalez gain, opari poltsak ere prestatzen dituzte. Ardo botilak ez du hutsik egingo, eta bertan beti izango du leku bat. Gainera, oparia jasoko duenak ardoarekin batera bertako hainbat produktuez gozatzeko aukera ere izango du.

Etxeko zerbitzua herriz herri

«Bezero heldu asko ditugu, eta bere garaian etxeko zerbitzua martxan jartzeko ideia izan genuen arren, azkenean, pandemia hasi zenean zerbitzua eskaintzeari ekin genion», kontatu dute.

Egun Tolosaldeko hogeita zortzi herrietan egiten dute etxez etxeko zerbitzua Benta-Aldea 2 dendakoek, eta bezeroek erosketa egiteko aukera desberdinak eskaintzen dituzte; helbide elektronikora (info@bentaldea.com) idatzi dezakete, dendako telefonoetara deitu dezakete —943 50 66 38 (Tolosa), 943 65 40 79 (Anoeta) edo mugikor zenbakira 607 81 32 74— edota Tolosako Belate Pasealekuko 1. zenbakian dagoen dendara edo Anoetako industrial gunera gerturatu daitezke. Unean etxera eramateko eskaera egin behar dute eta bezeroek dendan edo etxetik ordaintzeko aukera dute.

BENTA-ALDEA 2

  • Helbidea: Belate pasealekua, 1. zenbakia, behea, Tolosa
  • Telefonoak: 943 50 66 38 (Tolosa), 943 65 40 79 (Anoeta) eta 607 813 274 (Unai Garmendia)
  • Webgunea: Bentaldea.com
  • Helbide elektronikoa: info@bentaldea.com
  • Facebook: @Benta-Aldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!