ELKARRIZKETA

«Lau urteko lanaren aintzatespena da, esfortzuaren errekonozimendu bat»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 3a, 07:58

Maddi Dorronsoro eta Janire Otamendi. J. ARTUTXA

Pasa den urteko udan, 2013tik 2017ra bitarte, unibertsitatean egindako lanen dokumentuak biltzen aritu ziren Maddi Dorronsoro eta Janire Otamendi; memoria ariketa horrek saria izan du, biek ere, espero ez zutena.

Berez, 2017an amaitu zituzten lau urteko ikasketa graduetan egindako lanengatik lortu dute Unibertsitate Ministerioaren errekonozimendua Maddi Dorronsorok (Berrobi, 1997) eta Janire Otamendik (Abaltzisketa, 1997). Aintzatespenaren berri, ordea, azaroan jaso zuten. Sari honen garrantziaz, bakoitzak egindako ibilbideaz eta datozen urteetarako aurreikuspenez hitz egin dugu beraiekin.

Nola izan zenuten sariketa honen berri eta zer egin behar izan zenuten?

Maddi Dorronsoro: Uztailan mezu bat jaso genuen, Unibertsitate Ministerioak antolatu ohi duen lehiaketara aurkezteko aukera genuela esanez; gure unibertsitate-ikasketetako promozioetako kalifikazio onenak lortu genituen ikasleak izan ginelako egin ziguten proposamena. Orduan, zenbait dokumentu bildu eta horiek Ministerioari aurkeztu behar genizkion, ziurtagiri modura, hala nola, kalifikazioak, unibertsitatean egondako urteetan egindako ikerketa lanen edo proiektuen txostenak nahiz hizkuntza-titulazioak.

Harrigarria egin zait dokumentu horiek graduatu eta handik bost urtera eskatzea. Ez genekien lehiaketa bera existitzen zenik ere, eta beraz, sorpresa handia izan zen guretzat. Hala ere, lehiaketa publikoa zen, eta beraz, garrantzitsua zen horiek aurkeztea, baldintza horien arabera ematen zituztelako gero puntuak. Azaroan jaso genuen emaitza eta hor jakin genuen sarituak izan ginela.

Dokumentuak biltzeko lana ez zen erraza izango, ezta?

Janire Otamendi: Ez. Izan ere, unibertsitatean egondako lau urteetan egindako lanak eta lortutako emaitzak aurkeztu behar genituen. Memoria ariketa bat izan da guretzat. Gogoratu egin behar genuen urte haietan egindakoez, eta badaezpada ere, bidali aurretik, datak ondo jarrita zeudela begiratu behar genuen.

 

Janire Otamendi: «Ingeniaritzak, eguneroko arazoei aurre egiteko pentsamendu mota bat garatzen lagundu dit»



Dorronsoro: Nire kasuan, gainera, une horretan Italian nengoen boluntario modura lanean. Amari zenbait mesede eskatu nizkion: «Ez dakit nongo karpetan dagoen dokumentua atera, eskaneatu eta bidali iezadazu», esan nion behin baino gehiagotan. Hortaz, hemendik eskerra eman nahi dizkiot berari ere.

Zuen kasuan, azaldu dizue zergatik eman dizkizuen sariak?

Otamendi: Guri eman diguten puntuazioaren zati bat bataz besteko kalifikazioari dagokiona da; bestetik, tituluak lortzeagatik edo proiektu nahiz lan desberdinak burutzeagatik eman dizkigute puntuak. Horrela, guztira zenbat puntu lortu ditugun jakin ahal izan dugu; lehiaketara aurkeztutako beste ikasleek zenbat puntu lortu dituzten ere ikusi ahal izan dugu, eta gerora, kalkuluak eginda jakin dugu saridunak izan garela.

Zer sentitzen da horrelako sari bat jasotzean?

Otamendi: Lau urte horietan egindako lanaren aintzatespena da saria, esfortzu guztiaren errekonozimendu bat. Poz handia sentitzen da; are gehiago, saria jasotzea espero ez duzunean. Aurreko urteetan saria eskuratu zuten ikasleek zein puntuazio lortu zituzten ikusten aritu nintzen ni; hori dela eta, ez nuen uste saria lortzeko aukera izango nuenik.

Dorronsoro: Nik ere ez nuen espero. Pentsatu nuen Espainiako Estatu osoan hiru sari bakarrik banatzen zituztela, eta beraz, ezinezkoa izango zela horietako bat lortzea. Hala ere, ikasketen arabera, multzo ezberdinetan banatzen dituzte ikasleak, eta horietako bakoitzean banatzen dituzte hiru sari. Orduan, pentsatu nuen aukera txikiren bat egon zitekeela, eta noski, merezi zuela paper zaharrei hautsa kentzen hastea.

Nire kasuan, sentsazioa arraroak izan da. Bost urte beranduago sentitu dut orduan senti nezakeen poza. [Barreak]. Gure ingurukoak ere komunikabideetan agertu garelako izan dute guk lortutakoaren berri. Horietako askori ere arraroa egin zaie sari hau orain ematea. Denborarena ez da txantxetako kontua. Pentsa! Baliteke ikasleren batek bost urte hauetan bere helbide elektronikoa aldatu izana, eta beharbada ez da lehiaketaz jabetu. Badirudi meritua kentzen ari naizela neure buruari, baina ez da hala; oso eskertuta nago sari hau lortu izanagatik.

Eta orain, zertarako balio dezake sariak edo zertan lagundu zaitzakete?

Dorronsoro: Batetik, curriculuma aberasteko, noski. Bestetik, diru-kantitate bat irabaztea ere suposatzen du. Hala ere, martxa honetan bost urte barru jasoko dugu ordainsaria. [Barreak]. Baina bereziki, oraingoz behintzat, propaganda egiteko balio izan du. Zenbait komunikabidetan agertu dira gure izenak, eta unibertsitateko irakasleen zorion mezuak ere jaso ditugu.

Maddi Dorronsoro: «Ezagutzen dugun errealitatea ez da unibertsala, eta modu asko daude gauzak sinisteko, ulertzeko edota egiteko»


Otamendi: Hori da. Lehen genituen kontaktu horiek berreskuratzea eragin du; aldi berean, baita gu geu gogobetetzea ere. Sari hau lortzeak ez du aparteko ezer esan nahi, ez gara ez hobeak ez txarragoak. Aldiz, lortutakoaz jabetu eta kontziente izan behar dugula iruditzen zait.

Zu Janire, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzan graduatu zinen. Gustura ibili zinen?

Otamendi: Zalantza handiak izan nituen ikasketak aukeratzerako garaian. Azkenean, baina, ingeniaritzaren aldeko hautua egin nuen, eta oso gustura aritu nintzen. Jende oso ona ezagutzeko aukera izan nuen, bai ikaskide modura, baita irakasle modura ere. Masterra ere egin nuen, eta orain doktoregoa egiten ari naiz; beraz, bada gustuko dudan ikasgaia.

Azken urteetan akaso gauzak aldatu diren arren, oraindik ez da oso ohikoa emakume batek ingeniaritza-ikasketak egitea.

Otamendi: Aitortu beharra dut oso emakume gutxi aritu zirela nirekin batera ikasgelan. Irakasleei zegokienez ere, emakumezkoak nahiz gizonezkoak genituen. Baina ni ez nintzen kontziente horretaz. Kanpotik begiratuta, eta kontatzen hasita, orduan bai ohartzen nintzela oso gutxi ginela. Aurten, doktoregoa egiten ari naizela eta, ingeniaritza industrialaren kasuan, unibertsitateko maila ezberdinetako ikasgelatan egoteko aukera izan dut, eta ohikoa baino emakume gehiago zeudela jabetu naiz; batzuetan ia erdiak ziren emakumeak. Harritu egin nau, eta baita poztu ere, eboluzio bat egon denaren erakusgarri delako.

Sari hau irabazi ondoren, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolatik deitu ninduten. Ingeniaritza ikasketak egin dituen emakume batek horrelako sari bat irabazteak, ondorengo belaunaldiei eragin diezaiekeela iruditzen zitzaielako, horiek kontzientziatzeko. Nik bertan ikasi nuen, eta asko poztu ninduen kezka horri heldu ziotela jakin nuenean.

Gustuko duzun ikasgaia dela aipatu duzu. Baina zertarako balio izan dizu zuri ingeniaritzan graduatzeak?

Otamendi: Ikasten duzun guztiak izaten du eragina zure bizitzan, bai esperientzien aldetik, baita ezagutzaren aldetik ere. Ingeniaritza ikasteak, egunerokotasunean arazoak planteatzeko garaian, pentsamendu mota bat garatzen lagundu dit, pixka bat haratago joaten, ingeniariek dugun buru karratu horren barruan. [Barreak].

Zientziak oso gustuko ditut, eta kuriositate handia izaten dut gauzek nola funtzionatzen duten jakiteko. Orain, egiten ari naizen doktoretza tesian, bio-ingeniaritzan aplikatutakoan, hainbeste entzuten den inteligentzia artifiziala erabiltzen ari naiz. Horri esker, ohartu naiz ikasten ari naizen teknikak alor desberdinetan erabili daitezkeela.



Saria jaso berritan, honakoa adierazi zenuen: «Zenbait urtez ikasten egon ondoren, jabetu naiz bai enpresa munduko, bai ikerketa karrerako lan baldintzak ez direla oso onak, eta hori nahiko frustragarria da». Zer dela eta?

Otamendi: Horrenbeste urtez ikasten aritu ondoren, ez dakizu zerekin egingo duzun topo. Lehen urteetan izaten dituzun lan baldintzak akaso ez dira zuk espero zenituen bezalakoak, ez behintzat zuk nahiko zenituzkeenak bezain onak. Hori da frustragarriena nire ustez.

Dorronsoro: Oraindik gaztea bazara eta esperientziarik ez baduzu, ikasketa ugari pilatzea ezinbestekoa dela sinestarazten dizute. Askotan klixe bat da, baina gero bete egiten da. Urte luzez ikasten aritu ondoren, esperientzia eskatzen dizute, baina hori ezinezkoa da. Hasieran entzun besterik ez duzu egiten, baina lan mundura jauzi egiten duzunean, jabetzen zara benetan hala gertatzen dela.

Otamendi: Normala ere bada. Nik ez dut esaten enpresa batera sartzen zarenean lan baldintza guztiek ezin hobeak izan behar dutenik; are gutxiago, enpresa horretara ikastera bazoaz. Hala ere, egia da urte luzetako prozesua dela egonkortasuna topatzea.

Zu, berriz, Maddi, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Gizarte Antropologian graduatu zinen. Zer moduzko urteak izan ziren?

Dorronsoro: Ikasle gutxi ginen. Lehen mailan, filosofia ikasketak egiten zituztenekin batera geunden ikasgelan, eta guztira, 60 bat ikasle izango ginen. Bigarren mailatik aurrera, 20 ikasle inguruk jarraitu genuen antropologia ikasketekin. Eta orduan, laugarren urterako oso talde txikia ginen, eta irakasleekin gertuko harremana izaten genuen; izenez ezagutzen ginen. Hori asko eskertzen da, eta zentzu horretan, pribilegiatuak izan ginela esango nuke, onerako eta txarrerako.

Gero, Eskozian bi master burutu zenituen, eta Europar Batasuneko boluntario ere izan zinen, Italian. Zer moduzko esperientziak izan ziren?

Dorronsoro: Graduatu ondoren, ingelesez ikasten jarraitu nahi nuen. Atzerrira joateko ilusioa nuen, eta zenbait gomendio jaso ondoren, Aberdeenera eta Edinburgora joan nintzen, ikerketa master bana egitera. Nire gustuko gai bat aukeratu eta hutsetik hasita garatzeko aukera izan nuen, nire ikerketa propioa gauzatu ahal izateko. Oso gustura aritu nintzen.

Behin lan horiek amaituta, eta lasai egotea zer den ez dakidanez, Europar Batasunean boluntariotza lana egiteko izena ematea erabaki nuen. Matera hirian egon nintzen, sei hilabetez, migratzaileei laguntzarako elkarte txiki batean. Lehenago, landu izan nuen 'migrazio irregularra'-ren gaia, baina betidanik nuen jakin-mina errealitatean hori nolakoa zen ezagutzeko. Asko irakurri izan nuen horri buruz; bertatik bertara bizitzea, ordea, erabat ezberdina da. Boluntario asko ezagutu nituen, eta gure proiektuak elkarrekin partekatzeko aukera izan genuen. Handik bueltan, Gipuzkoako Inauterien Katalogoa egiten aritu naiz, Labayru fundazioan.

 

Janire Otamendi: «Baliteke askok bilatutako lanpostua gustuko ez izatea, eta mendian behorrak zaintzea nahiago izatea; oso ondo iruditzen zait»



Janireren kasuan bezala, ikasketa hauek burutzeak lagundu dizu?

Dorronsoro: Bai. Pertsonalki ikaragarri eragin dit antropologiak; arrastoa utzi dit gauzak ikusteko eta ulertzeko garaian. Janireren kasuan bezala, zenbait arazoren aurrean, beste modu batean pentsatzen lagundu dit. Aukera eman dit planteatu ere egiten ez ditugun gauza asko beste perspektiba batetik gainbegiratzeko, horiek zalantzan jartzeko alegia. Gauza asko ziurtzat hartzen nituen lehen, eta hori aldatu egin da.

Beti gustuko izan ditut Giza Zientziak, eta jakin-min handia izan dut horien inguruan. Kasu horretan, antropologiak erreminta batzuk ematen dizkizu zerbait uste dugun bezalakoa ez dela ohartzeko. Askotan, oso garrantzitsua izaten da gauden tokitik pauso bat atzera eman, eta aurrean duguna ikuspegi kritiko batekin aztertzea. Ezagutzen dugun errealitatea ez da unibertsala, eta gauzak sinesteko, ulertzeko edota egiteko modu asko daude. Ondorioz, hausnarketarako ateak zabaldu dizkit antropologiak, baita une jakinetan zein hitz erabili ondo pentsatzeko ere.

Zeintzuk dira datozen urteetan dituzuen asmoak?

Otamendi: Ni doktoretzako bigarren ikasturtean nago, eta hori amaitzea da orain dudan helburua.

Baduzu irakasle izateko asmorik?

Otamendi: Aukera posibleetako bat da, bai. Bestela, gustura egingo nuke lan ikerketa zentro batean edo enpresa batean. Orain asko ikasten ari naiz, eta etorkizunera begira behintzat ez dut aterik itxi nahi.

Zuen iritziz, zer egin dezake gizarteak aurrera begira, aipatu dituzuen baldintzak eta egoerak aldatzeko?

Dorronsoro: Oro har, lan munduari dagokionez, prekarietate handia dago gazteen artean, eta ez da ez gogo faltagatik, ezta prestakuntza faltagatik ere. Gaur egungo gazte askok, graduatu ondoren, master bat egiten dute, eta gehienek hiruzpalau hizkuntza menperatzen dituzte, eta berdin dio zein alorretan. Lanbide Heziketaren kasuan, erdi-mailako edo goi-mailako graduak egiten dituztenak ere prestatutako ikasleak dira.

Otamendi: Formula ugari daude gazteak lan mundura sartzeko bideratutakoak. Hori oso ondo dagoela iruditzen zait. Hala ere, egonkortze bat lortu arteko prozesua oso luzea izaten da. Ondo dago formulak egotea, baina beharrezkoa da ere horiek ondo erabiltzen jakitea.

 

Maddi Dorronsoro: «Bide ugari egoten dira, baina guztiak ez dira izaten zuzenak; bidezidor asko daude eta askotan ez dakizu zein den amaiera»


 


Zer esango zeniekete belaunaldi berriei, ikasketen eta lan munduaren inguruan? Aholkuren bat akaso?

Dorronsoro: Duela 30-40 urteko belaunaldiekin alderatuta, gure gurasoenekin alegia, gaur egungo egoera erabat bestelakoa da. Aldaketa ikaragarria gertatu da; ulermen faltan ere nabaritzen dut hori. Askok ez dute ulertzen nola den posible, bere semea edo alaba modu batera edo bestera prestatuta egonda ere, lanpostu egonkorra aurkitu ezinik ibiltzea. Bestalde, badira gazteak egonkortasun hori topatu dutenak eta oso gustura daudenak. Askotarikoa da panorama hemen; beste leku batzuetan, erabat bestelakoa da.

Otamendi: Hori kontuan izanda, ez kikiltzeko eta gustukoen dutena egiteko gogoari eusteko esango nieke, urte luzez ariko baitira gero lanean. Ez dute etsi behar.

Dorronsoro: Ikasketetako urte horietan, izan bi, lau, bost edo zazpi, gustuko dutena egin dezatela. Gero, beti izango dute tartea gustuko ez duten hori egiteko.

Otamendi: Ikasketak amaitu ondoren, baliteke askok bilatutako lanpostua gustuko ez izatea, eta mendian behorrak zaintzea nahiago izatea. Oso ondo iruditzen zait.

Dorronsoro: 18 urterekin gauzak zuriak edo beltzak ikusten ditugu. «Hau ikasiko dut eta gero honetan egingo dut lan», pentsatzen dugu askotan. Gero, baina, hasten zarenean edo amaitzera zoazenean, baliteke ez gustatzea. Bide ugari egoten dira, baina guztiak ez dira izaten zuzenak; bidezidor asko daude, eta askotan ez dakizu zein den amaiera. Badira ere existitzen ez zirela pentsatzen ditugun lanpostuak.

Otamendi: Urteek aurrera egin ahala, lan egiteko aukerak handituz doazela jabetzen zara; hau da, lanpostuen sorta askotarikoa dela. Beti egongo da zerbait gustuko izango duzuna eta noizbait aurkituko duzuna.

 

2021EKO LANBIDE-JARDUERA DATUAK (IKASKETEN ARABERA)

OINARRIZKO IKASKETAK EDO GUTXIAGO

- Guztira. %35,4.

- Gizonezkoak. %45,9.

- Emakumezkoak. %26,8.

BIGARREN MAILAKO ETA ERDI-MAILAKO IKASKETAK

- Guztira. %57,2.

- Gizonezkoak. %60,9.

- Emakumezkoak. %52,9.

GOI-MAILAKO IKASKETAK

- Guztira. %79,2.

- Gizonezkoak. %79,1.

- Emakumezkoak. %79,3.

Iturria: Eustat.

 

%87 2021eko lanbide-datuak


Eustatek emandako datuen arabera, 2021ean, 25 eta 44 urte bitarteko biztanleen %87,6 aritu zen lanean. 16 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, %29,1. Bietan ere, gizonezkoen portzentajea altuagoa zen emakumezkoena baino, alde txikiarekin.

Erlazionatuak

Graduatu ondorengo lorpena

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 api 03 Abaltzisketa   Berrobi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!