Graduatu ondorengo lorpena

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 3a, 07:57
Janire Otamendi eta Maddi Dorronsoro. J. ARTUTXA

Unibertsitate Ministerioak EHUko lau graduatu saritu ditu karrera amaierako sari banarekin eta horietako bi eskualdekoak dira; Abaltzisketako Janire Otamendi eta Berrobiko Maddi Dorronsoro.

Urtero, Unibertsitate Ministerioak unibertsitate ikasketak bikain egin dituztenak saritzen ditu Unibertsitate Hezkuntzako Karrera Amaierako Sariarekin. Azken edizioan, 2016-2017 ikasturtean graduatu zirenei dagokienean, Euskal Herriko Unibertsitateko lau tituludun daude 171 sarituen artean, eta horietako bi eskualdekoak dira. Abaltzisketako Janire Otamendi Jauregik (Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua) Zientzien eta Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren adarretako bigarren saria eskuratu du eta Berrobiko Maddi Dorronsoro Olamusuk (Gizarte Antropologiako Gradua) Gizarte eta Lege Zientzien adarreko hirugarren saria.

Hau ez da Otamendik lortzen duen lehen aintzatespena. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan bikaintasunez graduatu zen; izan ere, promozioko espediente akademikorik onena berea zen eta, horregatik, Kutxaren Ikasketa Amaierako Sarietako bat eman zioten. Bere GRALak bigarren saria lortu zuen Gipuzkoako Ingeniarien Elkargoak ematen duen XVI. Felix Sopelana Memorialean. Graduatu ondoren, Kontrol, Automatizazio eta Robotikako Ingeniaritzako Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta promozioko espediente akademikorik onena lortu zuen. Masterra amaitzear zegoela, Indar Electric SL enpresan hasi zen lanean. «Urtebete egin nuen bertan eta oso esperientzia interesgarria izan zen; asko ikasi nuen», azaldu du. Baina, Unibertsitate Ministerioak emandako beka batekin, doktorego tesi bat hasteko aukera sortu zitzaion, «eta aukera hori aprobetxatzea erabaki nuen». Doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitateko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailean egiten ari da.



Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Gizarte Antropologiako Gradua bikaintasunez amaitu eta Kutxaren Ikasketen Amaierako Saria eskuratu ondoren, Dorronsoro Eskoziara joan zen ikasten jarraitzera. Gizarte Antropologiako ikerketa master bat egin zuen Aberdeengo Unibertsitatean, eta hura ere bikain amaitu zuen. Ondoren, The Leverhulme Trust beka jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean Gizarte eta Politika Zientzietako beste ikerketa master bat egiteko. Ondoren, Europar Batasuneko boluntario izan zen European Solidarity Corps (ESC) elkartean, Materan (Italia). Eta iaz Euskal Herrira itzuli zen, Labayru Fundazioko ikertzaile gisa lan egiteko. Bertan, azken hilabeteetan, Gipuzkoako inauterien katalogoa egin du Eusko Jaurlaritzarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!