Tolosaldea IKTrentzat orain arteko emaitzarik onenak

Imanol Garcia Landa 2022ko martxoaren 24a

Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuten Tolosaldea IKTko igerilariak.

Junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketan parte hartu dute Tolosaldea IKTko 25 igerilarik asteburuan, Gasteizen, orain arteko emaitza onenak lortuz.

Taldeka, junior mailan lehen postua lortu zuten, mutiletan lehenak eta nesketan bosgarrenak izanik. Absolutu mailan hirugarren izan dira orokorrean, lehenak mutiletan eta laugarren nesketan. «Oso gustura geratu gara igerilariek egindako lanarekin», esan du Joseba Zubeldia entrenatzaileak. «Tolosaldea IKTko marka asko egitea lortu dugu, bai banaka zein errelebotan, eta hori esanguratsua da».

Banakako emaitzei begira, absolutu mailan hamahiru domina lortu zituzten: bi urrezko, bost zilarrezko eta sei brontzezkoak. Juniorretan hemezortzi domina izan ziren: bederatzi urrezko, sei zilarrezko eta hiru brontzezko. Enaitz Goñik lortu zituen absolutu mailako bi urrezko dominak, 800 metro estilo librean eta 200 metro bizkar estiloan. Goñi juniorra denez, maila horretan ere urrezko bi domina jantzi zituen. Junior mailako beste urrezko dominak ondorengo igerilariek lortu zituzten: Nahia Sarasolak hiru, Unai Zubeldiak bi, eta Igor Arrigainek eta Markel Garmendiak bana. «Lortutako emaitzek bide onetik goazela erakusten digute», zehaztu du Zubeldiak.

Hurrengo txapelketa junior eta absolutu mailako Espainiako Txapelketa da, open mailan jokatuko dena. Apirilaren 9tik 13ra izango da, klubeko hamar igerilariren parte hartzearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!