Platano budina

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2022ko martxoaren 24a

Platanoak pasatzen direnean zer egin? Organikora bota aurretik bada azkenburuko osasuntsu bat egiteko aukera. On egin!

Gaurkoan azkenburuko bat prestatuko dugu. Aukera osasuntsua izateaz gain gehiegi heldu diren platano horiei erantzuna emateko modua ere bada.

Lehenik, hiru arrautzak bol batean ondo-ondo irabiatuko ditugu. Ondoren, platanoak gehituko ditugu. Horretarako, platanoak zuritu eta sardexka batekin zanpatuko ditugu. Modu honetara, gure orea prestatzen hasiko gara. Jarraian, jogurtak eta esnea gehituko ditugu. Espatula baten laguntzarekin orea prestatzen hasiko gara orduan. Ondoren, laranja-lore edo azahar esentzia gehituko dugu. Laranja-lorea gustukoa ez badugu, bainila esentziagatik ordezkatu dezakegu.

Hurrengo pausoan irina gehituko dugu, pixkanaka-pixkanaka. Kontuan izan behar dugu irina, orea bati gehitzen diogunean, hobea dela aireztatua botatzea. Horretarako, irina espumadera batean jar dezakegu eta gure oreari pixkanaka gehituz gero hobeto geratuko zaigu. Horrela irin-pinportak ekidingo ditugu. Dena nahastuko dugu, orea homogeneizatu bat lortu arte.

Ondoren, labera sartuko dugu gure errezeta. Horretarako, labea prest izango dugu 160 gradutan. Eta noski gure orea laberako egokia den ontzi batean botako dugu; aurretik, ontziaren paretak gurina edo olio apurtxo batekin igurtzi ditugula, ondoren moldetik erraz atera ahal izateko. Labera sartu eta 160 gradutan, 40 minutuz izango dugu bertan.

Egina dagoen egiaztatzeko, laban bat sartu eta garbia ateraz gero prest izango genuke gure gaurko errezeta: platano budina. Labana zikina edo hezea ateraz gero, gure errezetak labean minuturen bat gehiago behar izango du.

Jan ahal izateko, hoztu behar da; hozkailuan sartu daiteke. Moldetik atera eta jateko prest izango genuke gure merienda edo azkenburukoa. Azukrerik gehitu ez diogunez, abrikot marmelada gainetik botata oso goxoa geratzen da. Norberak bere gustura presta dezala!

 

OSAGAIAK


- Lau jogurt natural.

- Bi platano (oso heldu).

- 3 arrautza.

- 40 gramo gari-irina.

- 60 mililitro esne.

- Azahar edo laranja-lore koilarakada bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!