Tolosaldean euskararen kaleko erabileraren datuak jaso dituzte elkarlanean Galtzaundi Euskara Taldeak eta Uemak. Elkarlan hori 2017tik dator. Orduan Galtzaundi eskualdean zabaltzeko prozesua hasita zegoen, eskualdeko 28 herrietan eragiteko asmoz. Horrekin batera pare-parean tokatu zitzaien Uemak bere mankomunitateko kide ziren udalerrietan euskararen kale erabileraren neurketa egin nahi zuela. «Guk ikusten genuen 28 udalerrietan lanean hasi nahi bagenuen oso aproposa zela herri horietako kaleetan euskarak zer egoera zuen jakitea, guk genituen hipotesiak zientifikoki sostengu bat izan zezaten», azaldu du Igor Agirre Galtzaundiko kideak. Uemarekin akordioa egin zuten, mankomunitateko kide ez ziren herrietan ere neurketak egiteko, eta bide horretatik jarraitu dute 2021eko kale neurketan.
Hemendik aurrera bost urtez behin egiten jarraituko dute kaleko erabileraren neurketa. «2021ean 93 herritan adostu da kaleko erabileren neurketa egitea, horietako 87 Uemako kideak dira, eta gainerakoak Uemako kide ez diren Tolosaldeko herriak dira», zehaztu du Maier Ugartemendia Uemako teknikariak. «Horrez gain, Soziolinguistika Klusterrak ere iazko udazkenean egin zuen Euskal Herriko kale erabileraren neurketa, eta horren emaitzak maiatzean jasoko ditugu. Horrela ikuspegi orokor bat izan ahalko dugu».
Datu orokorrei dagokionez, Tolosaldeko kaleetan euskararen erabilera 2021ean %60,4koa da. «Horrek esan nahi du kaleetan gehien entzuten den hizkuntza euskara dela, eta hori, zalantzarik gabe, berri ona da, gure eskualdea euskalduna baita, eta horren isla da datua», esan du Ugartemendiak. 2017ko datuekin alderatuta, gorakada bat izan da, %4koa. «Beraz, zorionekoak gu, eskualde honetako kide izateagatik». Herriz herri xeheago aztertzerakoan, txanponaren bi aldeak daude. Herri batzuetan, bereziki handienetan eta erdaldunagoak direnetan, erabileran igoera izan da. Aldiz, herri euskaldunagoetan, arnasgune deitzen zaien horietan (euskararen ezagutza %80tik gora denean), orokorrean beherakada bat sumatu da. «Beraz, gazitik eta gozotik izan du neurketak», esan du Ugartemendiak.
Maier Ugartemendia: «Kaleetan gehien entzuten den hizkuntza euskara da, eta hori, zalantzarik gabe, berri ona da»
Arnasguneetan jasotako joeraren arrazoia normalean ez da bakarra izaten. Udalerri euskaldunen eta arnasguneen egoera soziolinguistikoan orokorrean bilakaera bat izan da azken urteotan. «Garbi ikusi da mugikortasun handia izan dela, bai nondik jaso dituzten biztanleak herri horietan eta bai zer hizkuntza ohiturak izan dituzten», esan du Ugartemendiak. «Baita arnasguneak diren herrietako biztanleek zer-nolako mugikortasuna izan duten kanpora joaterakoan ere, eta handik zer hizkuntza ohiturak ekarri dituzten. Horrez gain, kultur kontsumoaren faktorea ere badago, migrazioak ere badu eragina,...». Euskaldunen izaeran ere aldaketa izan da: ezagutza jaitsi da herri hauetan, baita lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua ere, eta horrek gero erabileran eragina du.
Egindako neurketa behaketa zuzena dela, eta ez dela inkesta ekarri du gogora Agirrek: «Etxeko erabilerarena inkesta bidez egiten da, eta eskualdean datu hori %48koa da. Hau da, etxean baino gehiago egiten da kalean euskaraz. Hori da gure eskualdean ezarrita dagoen arau sozial bat, euskaraz egitearena; kalera ateratzean etxean ez ditugun ohitura batzuk ditugula, baina kontuan izan behar da zenbat denbora egiten dugun etxean eta zenbat kalean».
Neurketan jasotakoaren arabera, orokorrean haurrak dira euskara gehien egiten dutenak. «Askotan haurrak edo gazteak erdaraz entzuten ditugunean deigarria egiten zaigu, baina fokua beraiengan jartzen dugulako izaten da. Gero datuetan ez da hainbeste islatzen gure kezka edo ezinegon hori», esan du Ugartemendiak. Elkarrizketan haurren presentzia dagoen ala ez ere neurtu da, eta hauek presente daudenean ere helduek gehiago egiten dute euskaraz. Adinari dagokionez, Tolosan ere patroi bera jarraitzen dela nabarmendu du Agirrek. «Hori aldatu egin da urteetan zehar, eta herri handienetan argi eta garbi. Duela 30 bat urte Tolosan, akaso Villabonan ere bai, euskara gehien egiten zutenak helduenak ziren, eta hori da panorama txarrena hizkuntza baten biziberritze prozesuan. Oraintxe dugun panoramak, soziolinguistikaren aldetik, baikor izatera bultzatzen gaitu».
Uemako Maier Ugartemendia eta Galtzaundiko Igor Agirre. I.G.L.
Aurrera begira
«Herri erdaldunenetan euskararen erabilerak gora egitea pozgarria da zalantzarik gabe, eta hori bada eskualdean egiten den lanaren ispilu», esan du Ugartemendiak. Bestalde arnasguneetan izandako bilakaerak kezka sortu du. «Kontuan hartu behar da arnasgune hauek euskararen birikak direla, edozein hizkuntzak iraungo badu beharrezkoak dituela, bertan hizkuntza eroso bizi delako, birsortzen delako eta transmititzen delako». Arnasguneetan beheranzko bilakaera hori gelditzea da helburua, eta beste udalerriak ere erakartzen joatea eta gorakada horri eustea. «Beraz, alde batetik, zorionekoak gu eskualde euskaldun bateko herritarrak garelako. Harro egoteko moduko datuak ditugu, edozein eskualdetan ez dituztenak, baina era berean ardura berezi batekin jokatu behar dugu, gurea bezalako eskualdeak ezinbestekoak direlako hizkuntzaren biziraupenerako. Erronka da euskaraz erabiltzen jarraitzea, bizitzaren edozein arlotan euskaraz bizi daitekeela erakustea», azaldu du Ugartemendiak.
Galtzaunditik irakurketa hori partekatzen dute. «Euskararen egoera eskualdean ona da, eta ikusten da espazioak irabazten ari dela. Baina aldi berean ari da berea galtzen. Ez dugu alarmistak izan nahi, baina hobe da aurretik ikustea dagoeneko joerek esaten digutena», esan du Agirrek. «Oraindik ez gaude egoera txar batean, eta leku batzuetan hobetzen ari da, baina nahiko genukeena da arnasguneetan beheranzkoa den joera hori eten, eta goranzko bidean jartzen badugu, hobeto. Eta batez ere, herri erdaldunenetan tendentzia mantendu».
Igor Agirre: «Hobea da orain osasuntsu gaudela zerbait egiten saiatzea, eta ez kaleetan arazoa zerbait nabaria izatean»
Helburu horiek lortzeko bidean «hizkuntza politika partekatuak» behar direla gaineratu du Agirrek. «Eta beharrezkoa da herri guztiek eta jende guztiak eskualdean partekatzea honek esku hartze bat behar duela. Hobea da orain osasuntsu gaudela zerbait egiten saiatzea, eta ez kaleetan arazoa zerbait nabaria izatean». Bide horretatik, herrietara joango dira, datuak aurkeztu, aztertu, herritarren iritzia jaso, eta eragin beharreko eremuak identifikatzeko. Ugartemendiak ere lanketa egin behar dela dio, bai herrietan eta bai eskualdeari begira: «Aurrerapausoak emateko aukera dugu, eta non hobeto hemen baino; eskualde euskalduna da, arnasgune asko dituena».
Hilero elkartzen dira euskara teknikariak, Galtzaundiko teknikariak eta Uemakoak, eta gai horiek jorratzen dituzte. «Iruditzen zaigu kale erabileraren neurketaren gaia ez dugula bakarrik arlo teknikora eraman behar, beste eremu askotara zabaltzeko diskurtsoa ere badela», esan du Agirrek. «Gizarte eragile askok izan behar dute honen berri eta inplikatu behar ditugu normalizazioan. Ea hemendik bost urtetara denon artean lortzen dugun datu pozgarriak erakustea, erabilerak berriro gora egin duela eta herri txikietako beheranzko joera moztu dela esanez».
52.000 hiztunen datuak
Euskararen erabileraren 2021eko kale neurketa egiteko 52.000 hiztunen datuak jaso dituzte Tolosaldean. «Lagina oso esanguratsua da, horrek indarra eta nolabait fidagarritasuna ematen dio», esan du Maier Ugartemendia Uemako teknikariak. Fidagarritasuna izateko elkarrizketa eta solaskide kopuru gutxieneko bat behar izaten da. Bestalde, Igor Agirre Galtzaundiko kideak dioenez, «neurketa egiteko formula honek jarraikortasuna ekartzen du. Benetan interesgarria joerak nabarmentzea da. Formula honek esaten digu momentu jakin batean herri horien kaleetan entzuten zen hizkuntza zein zen».
Boluntarioak ibiltzen dira kalean zehar jendearen elkarrizketak zein hizkuntzetan diren jasotzen. Mugikorrerako aplikazio bat dago horretarako, eta elkarrizketa horiek entzutean, aplikazioan jasotzen da zenbat hiztun dauden, zer hizkuntzetan, itxuraren arabera zer sexuetakoak diren eta gutxi gorabeherako adin tartea. «Neurketa erabat anonimoa da, eta horregatik saiatzen gara boluntarioak herritarrak izatea. Are gehiago herri txikietan, boluntarioek arreta eman ez dezaten», esan du Ugartemendiak. Neurtzaileek ezin dute esan neurtzen ari direla, eta bestetik, neurtzaileak berak izaten dituen elkarrizketak ez dira kontatzen. «Ematen diren datuak ez dira herri bateko herritarren erabilerarenak, baizik une horretan herri batean dauden pertsonena. Ez zaio inori galdetzen nongoa den», zehaztu du Agirrek.
Herri txikietan neurketak egiteak zailtasuna du, proportzioan jaso beharreko elkarrizketa kopurua handiagoa baita, eta horietan normalean jendea ez da horren erraz topatzen kalean. Uematik eta Galtzaunditik neurketan parte hartu duten boluntarioei eskerrak eman dizkiete egin duten lanarengatik.