ELKARRIZKETA

«Arazoei irtenbideak eman baino, partxeak jarri dituzte»

Ataria 2022ko mar. 23a, 07:58

Ikasle greba deitu dute biharko Ikasle Abertzaleek, 'Hezkuntza erreformak gelditu' lelopean; Tolosaldeko Ikasle Abertzaleek Donostian egingo den mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu dute.

Tolosaldeko Ikasle Abertzaleak Donostian izango dira, bihar, 12:00etan, Ibaetako Aulariopetik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko. Erreforma berrien aurka egitera doazela kontatu dute Oier Beloki Tolosa (Ibarra, 2005) eta Uxue Zubiria Alicostes (Ibarra, 2005) Ikasle Abertzaleek.

Hezkuntza eredu berrien aurka agertu zarete. Zein eragin dute?

Uxue Zubiria: Hiru erreforma berri aplikatuko dira: Lomloe bigarren hezkuntzan, Losu eta Bizikidetza Legeak unibertsitatean eta LH Plana lanbide heziketan. Guk Tolosaldean Lomloe landu dugu, ikastetxe gehienak bigarren hezkuntzakoak izanik, honetan zentratu gara.

Oier Beloki: Lan egiteko bakarrik ikasten dugula uste dugu. Zazpi ordu sartzen ditugu egunero ikastetxean, eta edukia barneratu beharrean, buruz ikasten dugu nota bat lortzeko. Finean, lan mundurako beharrezko jakintza da ikastetxean irakasten dena, eta ez eguneroko arazoak kudeatzen: izan etxetik joan eta etxe baten kudeaketaren gaineko jakintza, diruaren kudeaketa, etxeko lanak...

Zubiria: Bestetik kontrol sozialaren areagotzea ere nabaria da, hauekin Alexia, Iniki edo antzeko aplikazioekin ikasleria kontrolatuta edukitzen dute, eta era honetara gurasoak segituan dira gure atzerapen, hutsegite, noten... jakitun. Bizi ohitura konkretu batzuk barneratzea ahalbidetzen dute kontrol mekanismo hauek, lan mundurako entrenamendu bat izango balira bezala.

Beloki: Balore aurrerakoien fartsa izango genuke baita ere, hau da, balore aurrerakoi batzuk inposatzen dizkigute (berdintasuna, inklusibitatea...) baina gero, hauen aurrean kritika egiteko gaitasuna ukatzen digute. Balore batzuk lantzen diren arren, hauek zalantzan jarri eta ikastetxean kritikoki baloratzeko espaziorik ez dago. Gainera, horiek ez datoz bat ikastetxearen errealitatearekin, berdintasunaz hitz egiten digute, ikasle eta irakasleen artean ez denean betetzen.

Zubiria: Azkenik, aldaketa errealerako ezintasuna dugu. Hezkuntzaren arazoak ez dira arazo partzialetara mugatzen, hortaz, aldaketa partzialetara mugatzen den hezkuntza erreforma batek ezintasuna du hezkuntza sistema hobetzeko. Arazoei irtenbideak eman baino partxeak jarri dituzte. Hori gutxi ez, eta gu egiten gaituzte arazo horien arduradun eta errudun.

Zuen etorkizunak kezkatzen zaituzte?

Beloki: Egun hezkuntzaren egoera kaskarra da oso, eta hezkuntza erreformek bizi dugun miseria betikotzea eta formalizatzea helburu duten honetan, ikasleria antolatu eta kaleak hartu ezean egoera okerrera joango da. Erreforma ziklo baten erdian gaude, beraz, ezin da berandutu erreforma prozesu honi aurre egiteko baldintzak sortzea.

Zubiria: Bihar, hezkuntza erreformak salatzeko hartuko ditugu kaleak. Argi eta garbi adierazteko langile klasearen beharrak ez daudela erreforma horietan islatuta, are gehiago, erreforma horien ondorioak langile klasearen gain eroriko direla. Beraz, bestelako hezkuntza eredu baten beharra dugula aldarrikatuko dugu, hezkuntza sistema sozialistaren beharra. Hau da, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua. Jakin badakigu honakoa ez dela egun batetik bestera lortuko dugun hezkuntza eredua, horregatik gaurtik hasi behar dugu horretan lanean, geroz eta beranduago orduan eta zailagoa izango baita aurretik dugun bidea.

Zein balorazioa egin duzue erreforma horien aurrean?

Zubiria: Egun bizi dugun krisi testuinguruak hezkuntza ere goitik behera zeharkatu du. Hezkuntza modernizatu eta datorren ziklo ekonomikora egokitzeko helburua dute erreformek. Baina ez dira hezkuntza prozesua hobetzeko aplikatzen, gizartean ematen diren aldaketei egokitu eta etorkizuneko langile produktiboak hezteko baizik.

Beloki: Langile klaseko familien bizi baldintzak okertu diren bitartean, erreformen bidez, ikasleria are gehiago kolpatuko da. Hezkuntzaren arazoak konpontzera datorrela esaten badigute ere aldaketa estetikoak bakarrik egingo dituzte, arazoak betikotuz eta sakonduz.

Nolakoa behar du izan proposatzen duzuen hezkuntza sistemak?

Beloki: Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua aldarrikatzen dugu. Sistema kapitalistaren beharrak alde batera utziz, sozialista izango den eredu batean egokitua izango da, denok edukitzeko hezkuntza jasotzeko eskubidea, eta ez izateko lanera bideratuta egongo den hezkuntza eredu bat, baizik eta heziketa pertsonalerako izango den hezkuntza bat.

Autobusa antolatu duzue Donostiako mobilizaziora joateko.

Zubiria: Autobusean apuntatzeko epea pasa da, baina lineako autobusak daude eta jendeari bertan joateko gonbita luzatzen diogu. Autobusak Alegiatik hasiko dute beraien ibilbidea, Tolosatik, Iruratik eta Villabonatik ere pasako dira, Donostiara iritsi arte. Donostian mobilizazioa 12:00etan hasiko dugu Ibaetako Aulariopetik. Beraz, bertara joateko lineako busa ere izango da: 10:40ean aterako da Zezen Plazatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!