Lau domina infantil mailako igerilarientzat

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 16a, 11:58

Tolosaldea IKTko Nahia Garridok hiru domina eta Mattin Zubeldiak domina bat lortu dituzte Espainiako Txapelketan.

Tolosaldea IKT taldea «oso pozik» itzuli da asteburuan jokatu duten infantil mailako Espainiako Txapelketatik. Lau domina lortu dituzte, horietatik hiru zilarrezkoak, hirurak Nahia Garridok lortutakoak, eta bestea, brontzezkoa, Mattin Zubeldiak bereganatu duena. «Beste behin aurrerapausoa egiten ari garen sentsazioarekin itzuli gara», esan du Joseba Zubeldia entrenatzaileak. «Nahiko marka onak egin ditugu, eta aurreko postuetan sartu diren igerilariak izan ditugu».

Garridok lau probetan parte hartu zuen. Lehen egunean 800 metro libreak egin zituen, bederatzigarren postua lortuz. Ondoren, bere proba nagusietan, 100 eta 200 metro bizkarretan, bigarren postua lortu zuen. Ezustekoa 100 metro tximeleta estiloan iritsi zen, sekulako marka eginez kanporaketan, 1.03,71, eta horrekin 15 urteko Euskadiko errekorra lortuz. Finala ez zen nahi bezala atera, eta azkenean bigarren postua lortu zuen. Garrido nesken arteko bigarren onena izan zen sailkapen orokorrean.

Zubeldiak 200 metro bizkarrean hirugarren postua lortu zuen, 2.07,56 markarekin 15 urteko Euskadiko errekorra eginez. 100 metro bizkarrean, irteeran irristatu arren, laugarren egin zuen, bere marka hobetuz. 200 metro estiloetan 11. egin zuen bere adinekoen artean eta 400 metro libreetan 9. izan zen, bietan marka pertsonala eginez. Zubeldia mutiletan hirugarren onena izan zen sailkapen orokorrean.

Irene Sagarnak 100 metro libreetan parte hartu zuen, eta 39. bukatu zuen. Sagarnak 4x100 metro libreetan parte hartu zuen Garrido, Leire Prados eta Izaro Urkolarekin batera. Denek marka pertsonala egin zuten eta 12. bukatu zuten sailkapenean. 4x100 metro estiloetan, Garrido, Sagarna, Urkola eta Malen Zubeldia aritu ziren eta 17. egin zuten sailkapenean.

Asteburu honetan junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketa izango dute, eta guztira 25 igerilari joango dira Gasteizera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!