Neurketa 2021eko maiatzetik abendura egin dute eta nabarmendu behar da Tolosaldeko herritarren erabilera baino gehiago, Tolosaldeko kaleetako neurketa egin ahal izan dutela. Izan ere, garai batean ez bezala, joan-etorrian bizi da euskal herritar asko, eta ondorioz geroz eta ohikoa da jaiolekua bat izatea, bizilekua bestea eta lantegia hirugarren batean izatea. Horrez gain, astialdian herri batetik bestera oso erraz mugitzen da jendea. Horiek horrela, neurketa honetan behatu diren guztiak ez dira eskualdeko herritarrak izan. "Beraz, aproposagoa da Tolosaldeko edo herriz herriko kaleetako erabileraz hitz egitea, tolosaldearren edo herri bakoitzeko herritarren erabileraz hitz egitea baino", esan dute Uemak eta Galtzaundik.
Emaitza orokorrei begira nabarmentzekoa da kalean neurtu diren 100 hiztunetatik 60 pasatxo entzun direla euskaraz, %37,2 gazteleraz eta %2,5 beste hizkuntza batzuetan. Egindako neurketetan guztira 52.081 hiztun behatu dituzte. EUSTATen datuen arabera 2021. urtean Tolosaldeak 48.058 biztanle ditu, eta haietatik %74 dira euskaldunak (datu hori 2016koa da). Beraz, esan daiteke, Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, behaketa fidagarria gauzatu dela Tolosan, %99ko konfiantza mailarekin eta datuek ±1 puntuko errorea baino txikiagoa ematen dutela elkarrizketen lagin osoarentzat: 0,56koa zehazki esateko.
Bilakaera
Bilakaerari dagokionez, esan behar da lehen behaketa hartan %56,5koa izan dela neurtutako euskararen erabilera eta gaur egun %60,4koa dela. Adin tarteari dagokionez, 2021eko neurketan haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak %78ko erabilerarekin. 2017tik 2021era euskararen erabilera lau puntu igo da, baina gazteen hizkuntza erabileran puntu bat egin du behera. Nagusien hizkuntza erabileran, igoera nabarmena ikusi daiteke, zazpi puntukoa.
Datuei erreparatuta, garbi ikusten da Tolosako haurren egunerokoa nagusien egunerokoa baino askoz euskaldunagoa dela. Haurrek elkarren artean bost elkarrizketatik lau euskaraz izan dira, aldiz helduek elkarrizketen erdiak. Haurrek inguruan duten eragina elkarrekin dituzten elkarrizketetan ikusten da: nagusien arteko elkarrizketen %51 dira euskaraz, aldiz haurrekin hizketan ari direnean, %76. Haurrak elkarrizketan parte aktiboa ez denean %69ra jaisten da erabilera. Haurrek helduengan eragin izugarria dutela ondorioztatu daiteke beraz, eta 2017ko emaitzekin alderatuz, 24 puntuko diferentzia zena, zazpi puntura jaitsi da 2021ean.
Sexuaren araberako euskara erabilerari erreparatuta, Tolosaldeko kaleetan behatutako emakumeen euskara erabilera %62koa izan da eta gizonezkoena %61ekoa. Adin tarte guztietan gertatzen den fenomenoa da emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago darabiltela.