A-15 errepidea erabat itxiko dute igande gauean

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 11a, 15:59

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aglomeratua konpontzeko lanak direla eta, A-15 errepideko trafikoa erabat etengo da martxoaren 13tik 14rako gauean. Bestalde, GFAren errepide-sareari eragin diezaioketen lur-mugimenduen jarraipena egiteko Bide Azpiegituretako departamentuari balio diezaiokeen tresneria geoteknikoa instalatzeko obrak egingo ditu, Tolosan, martxoaren 12tik 13ra bitartean. 

A-15eko mozketa gaueko ordutegian egingo da, martxoaren 13ko 22:00etatik martxoaren 14ko 05:30era. Aglomeratua konpontzeko lanak direla eta, Andoainerako noranzkoan, A-15-141 lotunetik egingo da etena, eta A-15 errepideko erabiltzaileak Berastegiko loturan atera eta GI-2130 errepidetik Tolosaraino joan beharko dira N-I errepidea hartzeko.

Iruñerako noranzkoan, Andoaingo Sorabillako A-15-156 lotunetik egingo da etena, eta A-15eko erabiltzaileek Sorabillako loturan biratu beharko dute, N-I errepidean sartu, eta, ondoren, GI-2130 errepidean, Tolosatik eta Ibarratik barrena. Ondoren, A-15era itzuli ahal izango dira Berastegiko loturan. 
 
Ibilgailu astunei N-I errepidea erabiltzea gomendatu zaie, aldundiak jakinarazi bezala.
 
N-I, Tolosa
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepide-sareari eragin diezaioketen lur-mugimenduen jarraipena egiteko Bide Azpiegituretako departamentuari balio diezaiokeen tresneria geoteknikoa instalatzeko obrak egingo ditu, Tolosan.  Martxoaren 12tik 13ra bitarteko gauean zenbait kontrol-tresna muntatuko dira  N-I errepideko 436+325 kilometro puntuen artean, Gasteizko noranzkoan. Kokapen hori 436 irteeratik metro gutxira dago, Gasteizerako noranzkoan.
Irteera horrek Gruas Santa Lucia edo El Matadero industrialdera ematen du, Tolosako udalerrian.
 
Obra horiek martxoaren 12ko (larunbata) 09:30etik martxoaren 13ko (igandea) 19:00etara arte luzatuko dira, eta N-I errepideko eskuineko erreia itxita egongo da Gasteizko noranzkoan, obren eragina barne hartzen duen 200 metro inguruko tartean.
 
2022ko martxoaren 13ko (igandea) 19:00etatik aurrera, desmuntatu egingo dira obren behin-behineko seinaleak, eta zirkulaziorako irekiko da Gasteizko noranzkoko galtzadako zirkulazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!