Arepak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2022ko mar. 10a, 12:13

Hego Ameriketatik etorritako arto irina dauka oinarrian errezeta honek. Bakoitzak bere gustura egokitzeko aukera ematen du eta erraz egiteko modukoa da. On egin!

Kolonbian eta Venezuelan oso ezaguna den jakia da arepa delakoa. Lehenik eta behin, arto irin zuriaz hitz egingo dugu. Ez dugu erabiliko normalean hemen erabiltzen dugun arto irina; erabiliko duguna arto zuria da. Hau, erdi egosita erosten da. Inguruan salgai dagoen markarik ezagunena Pan da. Kiloka saltzen dute; salgai egoten da horia eta zuria. Kasu honetan, guk, gaurkoan, zuria erabiliko dugu.

Gurina pomada eran lortu beharko dugu. Biguna egon beharko du, koipe iturri bezala erabiliko dugulako. Horretarako, onena tarte batean hozkailutik kanpo uztea da. Behin bigun dagoela, orea egiteko perfektu geldituko zaigu.

Hurrengo pausoan gurina, irina eta gatzarekin nahastuko dugu. Ondo nahastuta dugunean gazta ere gehituko diogu. Horretarako, gazta birrinduta izango dugu. Osagai guztiak nahastuta solidoa den orea prest izango dugu. Ore honi pixkanaka-pixkanaka ura gehitzen joango gara. Ura epela egon behar da. Bueltak ematen hasiko gara, ez dugu beldurrik izan behar eskuak orean sartzeko. Hasieran errazagoa suertatuko zaigu espatula bat erabiltzea baina ondoren eskuekin ederki moldatu gaitezke. Azken batean, orea plastilina bigun bat bezala geratu behar zaigu. Hau da, eskuetan ez da oso itsaskorra gelditu behar.

Behin orea prest dugunean, forma ematen hasiko gara. Eskulanen tartea izango da honenbestez. Eskuak bustiko ditugu, orea eskuetan ez itsasteko eta forma erraz emateko. Jarraian, gure orea bolatxoetan banatuko dugu. Modu honetara ziurtatuko dugu tamaina antzeko arepak egingo ditugula. Honela, plantxan denak antzeko denboran egingo dira. Ondoren, zanpatuko ditugu hanburger itxura eman arte. Ez ditugu oso lodiak egingo (2 zm), etxeko plantxak ez baitira oso potenteak. Horrela lortuko dugu barrutik ere ondo eginda egotea. Disko baten itxura emango diegu, izkinetan borobil formarekin.

Azkenik, plantxa bero-bero batean, olio tantatxo bat bota, ez itsasteko eta buelta eta buelta pasako ditugu; bi aldetik ondo eginez. Hobea da 3-4 buelta ematea bertan lehortzen uztea baino. Gerta daiteke bestela, alde bat erretzea eta erdikoa ez egitea. Horrela kanpotik kurruskari eta barrutik bigun geratuko zaizkigu.

Bere horretan jateko prest egongo lirateke baina gazta-zale amorratuak garenez, erditik irekiko ditugu eta gazta xerra bat sartuko dugu eta plantxan berriro berotu txiki bat eman eta barruko gazta urtuko da. Mundiala benetan!

OSAGAIAK


- 250 gr arto irin zuria.

- 200 gr gurina.

- 80 gr gazta (urtzen dena, adib, mozzarela edo emmental).

- 380 ml ur epel.

- Gatza.

- Gazta xerrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!