Martxoaren 8an mobilizazio jendetsuak egin dira eskualdeko herrietan. Tolosan bi mobilizazio egin dira arratsaldean, bata Itaiak deituta eta bestea Tolosako Asanblada Feministak deituta, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean. Aiztondoko Mugimendu Feministak bat eginda, manifestazioa egin dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatu eta Villabonako Errebote plazaraino.
Tolosaldeko mugimendu feministak argi du: «Bizitza eredu honek ito egiten gaitu». Gaur egungo jendartean indibidualismoa nagusitzen ari dela uste dute feministek eta hori «basatia» dela eskema heteropatriarkal, zuri eta kapitalistan kabitzen ez diren gorputz eta identitateentzat. «Eredu hau jasanezina da eta horri aurre egiteko antolakuntza beste biderik ez dugu; elkarrekin geure kolektibo, auzo, herri, bulego eta ikastetxeetatik lan egitea dagokigu orain. Antolakuntza feminista da gure garra», aipatu dute gaur Tolosako Asanblada Feministako kideek, Martxoaren 8ko mobilizazioaren amaieran.
Mugimendu feministak aspaldian ahoan darabilen leloa gogoratu eta aldarrikatu zuten, hau da, «feminismoa dela bide bakarra bizitzak erdigunera ekarri eta benetan bizitzea merezi duen bizimodu bat eraikitzeko». «Gure bizitzak politizatzea dakar horrek. Egunerokotasuna da gure borroka-eremua; egunero arautzen dituzte gure gorputzak eta prest egon behar dugu botere horiek identifikatzeko eta errotik eraldatzeko. Gatazka saihestezina da sistema itogarri honekin bukatzeko».
Aiztondoko Mugimendu Feministatik uste dute eskubide urraketak geroz eta handiagoak direla eta inoiz baino beharrezkoagoa dela kalera ateratzea. «Intersekzionalitatea kontuan hartuz, beste hainbat gai jarriko ditugu mahai gainean». Bailarako gainerako feministekin batera saretzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute Aiztondoko emakumeek. Akain talde feministak, berriki, bailaran zabaldu duen inkestaren emaitzak eman ditu ezagutzera gaurko manifestazioan. Inkesta bete duten emakumeen %97,5ek inoiz jasan du eraso matxistaren bat. Ezagunak izan dira erasotzaileen erdia eta erasoen %45a kalean gertatu dira. Erasotutako emakumeen %77,5k ez du inoiz salaketa formalik jarri eta %17,5k ez dio inoiz inori ezer kontatu.
Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bildu aurretik, Asteasun egin dituzte lehenengo ekitaldiak. Udaletxeko ikus-entzunezko gelan Nekane Txapartegi herritarrak kartzelan egindako margolanak erakutsi dituzte. Ondoren adierazpen instituzionala irakurri du Pili Legarra alkateak eta ekitaldia amaitzeko Amaia Agirre herritarrak prestatutako hiru bertso kantatu dituzte elkarrekin.
Zizurkilgo plazan bildu dira, ondoren, bailarako feminista guztiak. Eta manifestazioa abiatu aurretik irradaka dantzatu dute. Soka dantza honekin, herriko emakumeek zendu berri den Bernarda Usabiaga herritarra omendu nahi izan dute. Haren erraldoiak hartu du plazaren erdigunea. Gero abiatu da manifestazioa Joxe Arregi plazatik eta Villabonako Errebote plazan amaitu da.
ZAINTZA ERDIGUNERA
Zaintza eta zaintzaren aterkipean dauden afera guztiak ekarri dituzte gaur gogora Martxoaren 8ko protesta ekitaldietan. «Gaur-gaurkoz, jendartearen zaintzarako diseinatutako sistemak emakumeon gain-esplotazioa du oinarri-oinarrian; emakume migratuena, bereziki». Honenbestez, batzuen zaintzak beste batzuen esplotazioa ekar ez dezan, ardurak kolektiboa behar duela izan uste du Tolosako Asanblada Feministak eta horretarako zaintza sistema publikoa, doakoa eta integrala exijitu dute.
Emakumeenganako indarkeria eta erailketak ere aipatu dituzte eta bereziki gogoan izan zuten Tolosako inauterietako talde erasoa. Egoera hauek normaltzeko arriskuaz hitz egin dute asanbladatik, «are gehiago orain, diskurtso faxistek, misoginoek, homofoboek eta sexistek hartu duten indarrarekin». Horregatik euren hitza auzitan ez jartzeko eta mugimendu feministaren ahotsa aitortzeko eskatu dute. Erakundeei ere luzatu diete mezua: «Indarkeria matxistaren aurka bultza egin behar dute, bultza benetan, bultza botoei begiratu gabe eta bultza konpromisoz».
Antolakuntza feministaren aldeko aldarria eginez bukatu dute gaurko elkarretaratzea Tolosan: «Gure feminismoak askotarikoa behar du, emakume guztiei eta euren errealitateei zabalik egon behar du, denok dugu gure lekua borroka eta iraultza honetan. Elkarrekin, elkartuta, indartsuak gara edozein giza eskubideen galera gerarazteko».