Udan haur sahararrak harreran hartzeko programa abian da

Ataria 2022ko martxoaren 9a

Haur sahararrak Tolosaldean, udan eginiko irteera batean.

Parte hartu nahi duten familiek martxoaren 27a baino lehen eman beharko dute izena; aurten 8 urteko gaztetxoak etorriko dira uda pasatzera.

Udan haur sahararrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programa, bi urtez etenda egon ostean, aurten egitea erabaki dute. Aurten bai! Aurten elkartuko gara leloa jarri diote kanpainari, eta orain familiak behar direla esan dute, udan berriro ere eskualdeko herrietan haur sahararrak ikusi ahal izateko.

Tolosaldean bertako udalek kudeatzen dute ekimena, Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin. Haur saharar bat harreran hartu nahi duten familiek martxoaren 27ra arte izango dute izena emateko aukera. Azaldu dutenez, aurten 8 urteko neska-mutilak izango dira gurera etorriko direnak, lehen aldiz saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik irtengo direnak, alegia. Helburua da gutxienez 15 familiak izen ematea. “Tolosaldeko herri guztietako plazetan ea basamortuko haurren irribarreak itzultzeko aukera dugun”, esan dute. 

Bestalde, martxoaren 18, 19 eta 20an Oporrak Bakean programaren berri ematen duen erakusketa jarriko dute Tolosako kultur etxean. Martxoaren 18an, berriz, ekimenaren berri emateko bileray egingo dute, 18:00etan, eta interesa duten herritar guztiei bertaratzeko gonbita luzatu diete.

Zalantzak argitzeko Oporrak Bakean programaren edo Tolosaldea Sahararekin elkartearen webguneetara jo daitekeela esan dute, edo bestela, 645 71 07 89 telefono zenbakira ere idatzi edo deitu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!