Duela bi hamarkada pasatxo, Iñauterikeriak izeneko maketa grabatu zuen Juantxo Zeberiok, inauterietako kantuen bertsioekin. Gaur egun, Astelenita iluntzean, antzeko zerbait egiten du, zuzeneko saio batean, herriko zenbait musikarirekin batera.
Non du jatorria Iñautesessions proiektuak?
Juantxo Zeberio: Ni inauterietan igo nintzen lehen aldiz eszenatoki batera, 16 urterekin. Gurdi bat zen, eta zenbait senide eta lagunekin batera aritzen nintzen, piano zahar bat hartuta. Inauterietako kantuak eta abesti entzutetsuak uztartzen genituen. Handik urte batzuetara, Jaime (Garces) eta biok kuadrillako lagunekin hasi ginen konpartsa ateratzen, baina playback-a egiten genuen. Urte batzuetan, geldirik egon ginen. Guk zerbait musikatua egin nahi genuen, baina ez zen erraza gure ideia kuadrillakoenera moldatzea. Haiek gauza bat nahi izaten zuten, eta guk beste bat.
Duela hamar bat urte hasi ginen Iñautesessions proiektuarekin. Urtebete lehenago, Baigorriko Zpeiz Mukaki taldeko dantzariez mozorrotu ginen. Beraiek inauterietara etorri ziren, lagun izaten duten musika taldearekin batera. Goizean, etengabe aritu ginen dantzan, baina arratsaldean teklatua jotzea erabaki nuen. Horrela hasi ginen buruan genituen saio musikatuak egiten.
Horretarako, beharrezkoa izan zen musikariak biltzea.
Zeberio: Erraza izan zen. Itsaso (Etxebeste), Arru (Ion Arruebarrena) Antton (Telleria) eta laurok, lehendik ezagutzen genuen elkar, zenbait proiektu elkarbanatu izan ditugulako.
Nola aldatu da emanaldia?
Itsaso Etxebeste: Urteroko zita bihurtu da guretzat. Gogotsu eta ilusioz gainezka egoten gara, eta entseguetan eta egunean bertan sortzen den giroa oso berezia izaten da. Harreman estua dugu taldekideok, eta konpromisoz aritzen gara; konfiantza ere geroz eta handiagoa da gure artean.
Zeberio: Lehen urteetan, zenbait moldaketa idatzi nituen, inauterietako abestienak. Emanaldi herrikoia egitea izan da beti gure asmoa, baina aldi berean, musikalki interesgarria; publikoarentzat, fundamentuzko egitura duen saio bat. Inprobisazioak bere lekua du, noski, baina... Hasierako urteetako moldaketak sinpleagoak ziren, eta baliabide aldetik ere mugatuta geunden; musika-ekipo txiki bat genuen; azken urteetan, handiago bat izaten dugu, Molaturen eskutik, baita soinu teknikari bat ere: Alberto Irurzun.
Ez dugu agertoki bat nahi. Kalean izaten den giroa sentitu nahi dugu. Egia da, azken urteetan, tranpaldo txiki baten gainera igotzen garela, baina hori publikoko azken ilaratan egoten direnek ikusten ez dutelako da.
Jaime Garces: Kalean bertan jotzeko sortu zen taldea, eta hori mantendu nahi dugu.
Zeberio: Betidanik dugun komando izaerari eutsi nahi diogu.
Egitarau ofizialetik kanpo, inauterietako une berezi horietako bat bilakatu da.
Garces: Bai. Herritarren artean inpaktua izan du, eta askok badakite gaur 19:00etan Raku tabernaren kanpoaldean kontzertua eskainiko dugula. Badira gu ikustera urtero joaten direnak; batzuk, akaso, hiruzpalau kantu entzun eta joan egiten dira.
Zeberio: Oso ederra izaten da.
Nola prestatzen duzue saioa?
Garces: Urtero gai berri bat aukeratzen dugu mozorrorako, eta horrek eragina izaten du moldatutako kantuetan, erritmoari edo estiloari dagokionez. Aurreko urteko kantu zerrenda errepasatzen dugu eta abesti berriak gehitzen edo lehendik genituen batzuk kentzen aritzen gara.
Etxebeste: Urte batean Berri Txarrak taldea izan zen gaia; beste batean, Hertzainak. Talde horien kantuak inauterietako kantuekin josi genituen.
Zeberio: Inauterietako abestiak ditu oinarri, eta horiek kantu entzutetsuekin uztartzen ditugu. Instrumentu bakoitzarentzat moldaketak egiten aritzen naiz ni; lan handia eskatzen du.
Bertsioez gain, zuen kantu propioa ere baduzue, 'Astelenita' izenekoa.
Garces: Sei bat urte izango ditu.
Zeberio: Gurea izango zen kantu bat nahi nuen, iluna, 80ko hamarkadara eramango gintuena, funky estilokoa, eta, era berean, Astelenita iluntzerako egindako modukoa izatea. Inoiz ez dugu berez den bezala jo, baina orain grabatuta dagoenez, ez dago aitzakiarik. [Barreak]
Horrelako musikariekin erraza izango da akatsik ez egitea.
Zeberio: Tolosan, eta oro har Euskal Herrian, ohikoa da musika jantzia edo jasoa eta musika herrikoia uztartzen dituzten musikariak elkartzea, eta esango nuke hori dela gure taldearen indarguneetako bat. Niretzat gozamen hutsa da urtero egun batean horrelako taldekideekin aritzea, ez soilik soinu bikaina izango duela badakidalako, baita sortzen duten giroagatik ere.
Garces: Antton, Arru, Itsaso eta Juantxo dira oinarria, eta horrelako musikariekin oso erraza izaten da gainerakoen lana. Huts egiten badute edo galtzen badira ere, gutako inor ez da gertatutakoaz jabetzen.
Zein sentsazio izaten dituzue Astelenitako emanaldian?
Garces: Egun horretan kontrolatu egiten naiz. [Barreak]
Etxebeste: Ardura bat da, eta urduri egoten gara.
Garces: Zilegi da urduritasun eta tentsio puntu hori izatea.
Etxebeste: Bi orduz aritzen gara, abestiak errepikatu gabe.
Zeberio: Hamasei bat kantu izaten dira, batzuk bikoitzak.
Etxeko haurrek ere parte hartu dute azken urteetako emanaldietan. Etorkizuna ziurtatuta du taldeak, beraz?
Etxebeste: Oso aberasgarria da, bai gure artean, baita publikoan ere, belaunaldi desberdinetako jendea ikustea. Publikoa hain zabala izaten denez, guztiengana heltzeko aukera izaten dugu.
Zeberio: Inauterietan, hala ere, ekitaldi asko betikotu egin dira, eta horrek berarekin presioa dakar, behartuta sentitzen zarelako urtero zerbait eskaintzera. Nik ez dut halakorik nahi. Naturalki sortu genuen proiektua, baina baliteke urteren batean ezer ez egitea erabakitzea, eta hurrengo urtean berriro kalera irtetea. Honek ez du adinik, eta hemendik hogei urtera ondo egonez gero, jotzeko gogoz egongo gara.
Garces: Behartutako zerbait denean, freskotasuna galtzen du, animo aldetik ere bai.
Zeberio: Guk hori sentitu genuen, eta horregatik erabaki genuen urtero mozorroa aldatzea.
Etxebeste: Motibazio aldetik ere asko laguntzen du horrek.
IÑAUTESESSIONS TALDEA
Ion Arruebarrena Arru (saxofoi altua), Patxi Bidart (saxofoi tenorra) Pello Belaskoain eta Xabi Diez (tronpetak), Itsaso Etxebeste (baxua), Antton Telleria (bateria), Juantxo Zeberio (teklatua eta moldaketak) eta Cesar Roca, Malentxo Zeberio eta Jaime Garces (ahotsak).