Ikastetxeetan ere inauterizaleak

Leyre Carrasco 2022ko otsailaren 27a

Ostegun Gizenean Anoeta, Tolosa, Ibarra, Berrobi eta Villabonako ikastetxeetan ospatu zuten inauterien hasiera, eta Ostiral Mehean Adunak, Larraulek, Zizurkilek, Asteasuk eta Alkizak hartu zuten lekukoa.

Tolosako plazan ez ezik, eskualdeko txikienek ere inauterien hasiera ospatu dute hainbat ikastetxeetan egin dituzten jaialdietan. Txupinazoarekin batera, lehenak izan ziren Anoetako herri ikastola, Tolosako Herrikide, Samaniego eta Laskorain ikastetxeetan, Ibarrako Uzturpe ikastola, Berrobiko eskola eta Villabonako Fleming ikastetxea. Mota guztietako mozorroak ikusi ahal izan ziren tartean; animaliak, pailazoak, ipotxak, indiarrak eta irlandarrak, besteak beste. Musika eta dantza egin ostean, indarrak berreskuratzeko txistorra pintxoa jan zuten.

Ostiral Mehean, berriz, Aduna, Larraul, Zizurkilgo Pedro Maria Otaño, Asteasuko Pello Errota eta Alkizako ikastetxeen txanda izan zen. Musika eta dantza ez ezik, antzerkia, Loatzo Musikako eskolak eskainitako konpartsa eta kalejiraz gozatzeko aukera ere izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!