Umore onez itzuliko dira talaiak eta txantxoak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 24a, 07:58

Abaltzisketan txantxoek eta Amezketan talaiek herriko etxe atari guztiak bisitatuko dituzte; herritarrei inauteri giroa zabalduz, musika, dantza eta alaitasuna banatuko dituzte.

Indartsu itzuliko dira inauteri egunetara Abaltzisketako txantxoak eta Amezketako Talaiak. Urte bateko etenaren ostean, makil hotsak ozen entzungo dira Txindokiren magaleko bi herrietan. Amezketan larunbat eta igandez ibiliko dira herrian eta herritarren artean umore ona zabalduz, eta abaltzisketarren kasuan, igandea izango dute inauteri eguna. Esnatuko dituzte lo direnak, eta alaituko dituzte triste direnak.

Amezketan bi edo hiru lagunen artean hizketan hasi, eta urtarrilean erabaki zutela aurten atera egingo zirela kontatu du Julen Otamendik: «Aurreko urteetan ateratzen ziren jendeari abisatu genien atera egingo ginela, eta zerrenda egin genuen».

Azkenean 34-35 bat lagun elkartuko dira talai moduan ateratzeko: «Nahikoa jende bagaude, eta poza ematen du». Aurten aurpegi eta oin berriak ere izango dituztela taldean esan du Otamendik: «Iazko urtean ere apuntatu ziren gazte berriak, baina iaz ezin izan genuen egin, eta aurten, berriz ere, apuntatu egin dira».

Otamendik argi utzi nahi izan du taldea ez dagoela itxita: «Egunean bertan ere bakarren batek atera nahiko balu, ez dago arazorik. Ongi etorria izango da».

Herenegun egin zuten entsegua, eta batik bat berriei zuzendua egin zuten, baina dantza «beti berdina» dela, eta «erraza» dela nabarmendu du, eta gaineratu du: «Egunean bertan goizean dantza ikasita atera ginen gu, batere entsegurik gabe. Berriei hori esaten diegu». Etxez etxe behin eta berriz egin ostean asko ikasten dela dio.

Festarako gogoa izatea eta ondo pasatzea garrantzitsua dela esan du Otamendik, baina, «aurrena dantza ondo egin, eta gero festa», zehaztu du.

«Gogoz» daudela dio. «Egun politak izaten dira, eta ondo pasatzen dugu».

Duela sei bat urtetik egunak aldatuta ateratzen dira, eta talde handia elkartzen direnez bitan banatzen dira. Larunbatean, talde bat Amezketako baserrietan ibiliko da, eta bestea Bedaio aldetik. Bedaio aldeko taldeak goizago bukatu izan du, eta elkartu egiten dira Amezketako azken baserrietan batera aritzeko. Igandean, aldiz, talde bat Ugartetik abiatzen da, eta beste taldea Zubillaga auzoko baserrietatik hasiko da, eta behin okindegi parean guztiak elkartu, eta denek batera zeharkatuko dute herrigunea.

Elkartean 07:30ean elkartzen dira talaiak; «kafe bat anis pixka batekin hartzen dugu, pasta batzuk janez, eguna pixka bat pizteko». 08:00ak aldera jada taldeetan banatu, eta martxan jartzen dituzte oin, beso eta makilak. Bukatzeko ordurik ez dute izaten Amezketan. «Urte batean agian ordubietarako bukatzen dugu, eta hurrengoan lauretan».

Amezketan bakoitzak bere arropak izaten ditu janzteko, eta jada prest ateratzen dira etxetik; orain dela hiru edo lau urtetik, garai bateko ohiturari tiraka, txapelak dituzte berezi. «Aurrena lau txapela sortu ziren, eta gero beste lau. Zortzi ditugu guztira. Txapela horiek guztiak batera ondo jasota egoten dira», argitu du Otamendik.

Amezketan baserri askotan etxeko ateak zabaltzen dizkiete, gosaria ez bada hamaiketakoa eskainiz: «Aurten ez dakigu etxeetan nola hartuko gaituzten. Batzuk esan ditugu beraien etxeetara lasai joateko». Kezka apur bat badute: «Espero dugu guztiek ondo hartuko gaituztela».

ENTSEGUEN BEHARRIK EZ

Abaltzisketan eguna ia gainera etorri zaiela kontatu du Maialen Senperenak, Txantxoei musika jartzen dien herritarra da bera: «Urtero jakiten dugu txantxoak aterako direla, baina normalean hitz egin gabe egoten da, eta beti azkeneko egunetan ibiltzen gara». Entseguen beharrik ere ez dutela adierazi du Senperenak: «Hor ateratzen diren dantzariek jada ondo dakite». Dantzari gehienak duela bi urte atera zirenak izango direla esan du, eta «agian bat edo beste berriak sartuko dira».

Iaz ezin ziren txantxoak atera Abaltzisketan, eta horregatik, «nagikeria gehiago» ematen duela uste du. «Urte bat huts egin, eta hoztu egiten dela iruditzen zait, baina hasi bitartekoa izango da». Herriko etxe atari guztietatik pasako dira: «Nik uste dut igandea guztiontzat dela berezia, eta behin goizean elkartu eta gero, denok izango gara gogoarekin».

Abaltzisketarren kasuan 06:45 aldera elkartzen dira herriko udaletxean. Bertan izaten dituzte txantxoen arropa guztiak gordeta. «Jantzi, guztiok prestatu, eta denbora ematen duen bitartean entsegu pare bat edo hiru egin, eta 08:00ak aldera abiatzen gara», zehaztu du Senperenak.

Urteroko ibilbidea egingo dute. Herriko etxe guztiak pasatzen dituzte, eta dagoeneko ibilbidea guztiz itxia dute eta herritarrek ere badakite txantxoak nondik nora ibiliko diren. Hasi Orendain aldeko baserrietara joanez hasten dira. Gero 10:30-10:45 alderako herrira inguratzen dira, «igandea denez, eta meza izaten denez, mezatik ateratzen direnei egiten zaie dantza», kontatu du Senperenak. Herriguneko etxeetara bisita egiteko aprobetxatzen dute, eta jarraian Gaintza aldera kokatuta dauden baserrietan jotzen dute atea. Bukatzeko, 12:30-13:00ak alderako, Larraitz aldera gerturatzen dira. Bertan ere ermitan meza izaten da, eta bertaratuei harrera egiteaz gain, Larraitz auzoko etxe eta baserriak bisitatzen dituzte.

Zortzi dantzarik osatzen dute taldea. Mozorro deitzen dieten pertsonaia ere tartean ibiltzen da, eta baita saskia pasatzen duena ere. Talde guztiak, ordea, Senperenak jartzen duen musikaren erritmora egiten du dantza. Egun polita izaten dela dio trikitilariak, baina, nekatu ere egiten direla; «goizean goiz hasi eta egun guztia geratu gabe ibiltzen gara, eta nekatuta bukatzen dugu. Baina, herriko etxe guztiak pasa, jende ezberdina ikusi eta eguraldiak laguntzen badu jendea kanpotik ere etorri izan da, eta egun oso polita da».

Herrian txantxo giroa sumatzen dela kontatu du: «Jendea galdezka hasita dago aurten aterako garen. Aspalditik datorren ohitura da eta gure herrian ez dira festa asko izaten eta polita da. Txantxoena bada egun berezia, jendeak oso gustukoa du egun hori, eta esango nuke guztiak zain daudela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!