Diru laguntzak, landa herri eta auzoetako bizilagunentzat

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 16a, 11:59

Tolomendi Landa Garapen Elkartearen helburua landa eremuan ekintzailetza sustatzea da. Herritarrengana iritsi nahi dute, eta ezagutzera eman nahi ditu langabetu, autonomo eta enpresei bideratutako diru laguntzak.

Tolomendi Landa Garapen Elkarteak eskualdeko landa eremuko herri txikietako eta auzoetako bizilagunei zuzendutako diru laguntzak daudela eman nahi du ezagutzera. Landa garapenera bideratzen diren laguntzak dira Erein eta Leader programak, eta proiektu publiko zein pribatuek jaso ditzakete laguntza horiek.

«Udalek oso ondo ezagutzen dituzte, informazio zehatza dute eta badakite zein proiektu mota laguntzen diren», dio Imanol Olano Tolomendiko teknikariak. «Herritarrengana iritsi nahi dugu, edo pribatu esaten zaien horiengana», zehaztu du.

Eskualdeko herri txiki edo landa auzo bateko bizilaguna den langabetu batek, autonomo batek edo enpresa batek diru laguntzak jasotzeko aukerak dituela jakinarazi nahi die herritarrei Tolomendi Landa Garapen Elkarteak: «Enpresa handi zein txiki, proiekturen bat izanez gero, edo langabezian dagoen batek aktibitate batekin hasi nahiko balu diru laguntzak badaude», esan du Olanok. «Enpresa bat sortzeko, edo lehendik dagoen enpresa bat handitu, gaur eguneratu edota egin beharreko inbertsioetarako ere diru laguntzak daude», gaineratu du.

Diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko hasi gabe egon behar dute proiektuek; «baina esku artean mota honetako asmo edota ideiaren bat izanez gero, mesedez deitu dezatela Tolomendira informazio eske», eskatu du teknikariak.

Ekintzailetza sustatu nahi dute landa herri eta auzoetako biztanleengana, eta horiengana iritsi nahi dute, «jakin dezatela aukerak daudela eta diru laguntzak dituztela». Herri horietan dauden aktibitateak mantendu nahi dituzte, edota zergatik ez, sortu.

Martxoaren 25a da diru laguntzak eskatzeko azken eguna. Proiektu txiki bat eta bideragarritasun plan bat aurkeztu behar ditu interesa duenak, eta baita aurrekontu txiki bat ere.

Hala eta guztiz ere, informazio zehatzagoa nahi duenak inongo zalantzarik gabe Tolomendi Landa Garapen Elkartera jo dezake. 943 655 097 telefono zenbakira deituta jarri daiteke harremanetan, edota tolomendi@tolomendi.eus helbide elektronikora idatzita. Horrez gain, informazio orokorra Tolomendi.eus webgunean ere zintzilikatuta dute.

Informazioaz gain, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dute Tolomendiko teknikariek diru laguntza horiek bideratzeko, eta jarraipena egiten diete. «Azken batean eskualdera ahalik eta diru laguntza gehien ekartzea da helburua», azpimarratu du Olanok.

Iaz, 930.000 euro

2021ean, Ereindik bi proiektu publiko eta lau pribatu lagundu ziren, eta lau lanpostu berri sortu zirela jakinarazi du. Guztira, 303.404 euro jaso zituen Tolosaldeak. Aldiz, Leader laguntzekin, udalen hamabi proiektu lagundu ziren, eta aktibitate ekonomikoari lotuta bi proiektu. Etxebizitza lerro bat ere badago, eta hor lau baserri birgaitze lagundu ziren lehen etxebizitza bihurtzeko. Guztira 626.935 euro iritsi ziren eskualdera. Honenbestez, landa garapen laguntzetatik 930.000 euro jaso zirela nabarmendu du.

Garbi utzi nahi izan du, kasu honetan, lehen sektorearekin lotu gabeko proiektua behar duela izan laguntzetara aurkezteko. Horientzat beste laguntza lerro bat dago, baina, esaterako, nekazalturismo batek eska dezake.

Esparrua zabala da, eta bigarren edo hirugarren sektoreko edozein aktibitate izan daiteke: iturgina, galdaragintza, turismo edo ostalaritzako proiektua, artisau bat... Inbertsio lagunduetan, puntuazioaren arabera, beti ere, %30-40 arteko laguntzak eskuratu ohi direla argitu du Olanok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!