ELKARRIZKETA

«Esperientzia pixka bat badu eta abila bada, ez nuke zalantzarik izango eta pausoa ematera animatuko nuke»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 16a, 11:58

Ezagunen baten bidez jakin zuen Leader diru laguntzen berri Mikel Lasa bidania-goiaztarrak. Autonomo gisa iturgin lanerako sortu du bere enpresa, eta bi diru laguntza lortu ditu.

Leader diru laguntza eskatu zenuen 2019an.

Goi mailako modulu bat egin nahi nuen, eta ordurako jada banuen lan esperientzia pixka bat, eta instalatzaile moduan karnetak ere banituen. Ikasketak aurrera eramaten ari nintzela, autonomo moduan jartzeko aukera ari nintzen aztertzen. Ikasketak Dual moduan egin nituen, eta horrela ikasi eta lanean aritzeko aukera nuen. Behin autonomo moduan hastea erabakita, Leader diru laguntzen berri izaten ahalegindu nintzen eta horrela aurkeztu nintzen.

Iturgin moduan zure enpresa sortu duzu.

Leader diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko enpresa plan egiteko eskatu zidaten. Nire asmoak zeintzuk ziren gutxi gorabehera jakin ahal izateko eta nire lana zein izango zen zehazteko. Tolosaldea Garatzenekin batera egin nuen enpresa plana, eta hori aurkeztu nuen, eta onartu egin zidaten. Diru laguntzak emango zizkidatela esan zidaten, eta autonomo jarri eta lanean hasi nintzen.

Zein motatako diru laguntza izan da zurea?

Nire kasuan Leader programan bi ardatzetatik jaso nuen laguntza. Bat ekimen eta sortzaile moduan, eta bestea enpresa sorreratik jaso nuen. Oraindik autonomoa ez nintzenez, diru laguntza ziurtatu ahal izateko eskatu zidaten enpresa plana.

Erraza izan zen paper kontuak egitea?

Paper kontuak beti izaten dira luzeak eta zailak. Ez dira guztiz errazak izan, baina hori hasieratik pentsatzen nuen horrela izango zela, beste arlo askotan ere ez dira errazak izaten eta. Diru laguntza jasotzerakoan ere zatituta ematen dute diru laguntza, eta nolabait esateko hasierako inbertsio guztia norberak bere poltsikotik jarri behar du. Gero iristen da dirua, baina hasierako bultzada emateko berandu ematen ote dituztenaren sentsazioa izan dut.

Merezi du diru laguntza eskatzeak?

Bai. Noski merezi duela. Azken finean dezenteko kopurua da, eta hasiera guztiak ez dira errazak izaten eta behar da. Erreminta guztiak edota kotxe bat erosi behar dituzu, eta guzti horri aurre egiteko oso ondo datorren diru kopurua da.

Ekintzaile moduan enpresa sortu eta laguntzak eskatzera animatuko zenuke jendea?

Gure sektore honetan behintzat lan bolada onean gabiltza, ezta lanik falta. Hain justu, alderantziz esango nuke, hau da, jendea falta da lanerako. Esperientzia pixka bat badu, eta aurrekontuekin-eta lana antolatzen abila bada, nik ez nuke zalantzarik izango eta pausoa ematera animatuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!