Perretxiko hostopila

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2022ko ots. 10a, 10:48

Ataria Irratiko errezeten tartean, erraz egiten den errezeta eman digu oraingoan Aintzane Artolak. On egin!

Hostopila edo hojaldre pasteltxo bat egingo dugu gaurkoan, perretxikoz osaturik. Shiitake perretxikoak erabiliko ditugu. Shiitakeak onddoak dira baina kultibokoak eta hortaz urteko edozein garaitan topa ditzakegu. Egia esan, perretxikoak jateko modu erraz bat da, afari erraz bat prestatzeko aukera ematen du, nahiko azkar egiten baita.

Lehenik, perretxikoak garbituko ditugu. Lokatz edo hondar apurtxo bat baldin badute, saiatuko gara hori traputxo batekin kentzen, uretatik pasa gabe, hezetasunik izan ez dezaten. Behin garbi ditugula, xaflatan moztuko ditugu.

Jarraian, zartagin batean tipulina eta baratxuriak jarriko ditugu, laukitxo txikitan prest ditugula. Zartagin bero-bero batean olio apurtxo bat botako dugu, bi koilarakada edo, eta baratxuri eta tipulina su-eztitzen jarriko ditugu. Bost bat minuturen buruan prest izango ditugu. Orduan, bertan gehituko ditugu lehendik prestatu ditugun perretxikoak xaflatan. Honako momentua ona izan daiteke gazteko. Behin ikusten dugunean perretxikoak bigundu egin direla, beste bost bat minutuz izango ditugu su-ertainean. Momentu honetan ardo zuria gehituko diegu, ardo txuria erreduzitu arte sutan utziko ditugu. Azken momentuan perrexila gehituko diogu. Perrexila freskoa baldin bada, askoz hobeto.

Bitartean, hostopila orea gune lau batean zabalduko dugu. Erdigunea tenedore batekin zapalduko dugu, puztu ez dadin. Behin hau eginda dugunean, perretxikoak bertan botako ditugu eta orearen kanpoaldea apurtxo bat barrualdera tolestuko dugu. Azken batean, erdialdean geldituko diren perretxiko horiek bilduz. Jarrain, arrautza batekin margotuko dugu, lehenik margotuko dugu ikusten den hojaldre parte hori. Eta azkenik, sobera dugun arrautzarekin, perretxikoen gainera botako dugu. Horrela labera sartzerakoan perretxikoak ez dira lehortuko.

Labea 200 gradutan prestatuko dugu. 10-15 minutuz, gehienez, izango dugu gure errezeta labean. Labera sartzerakoan, aukeran sesamo haziak gainetik bota ahal dizkiogu, zaporea emateaz gain apaindu ere egingo baitute. Jateko prest izango genuke.

OSAGAIAK

- Hostopil orea bat.

- Shiitake perretxikoak (200 gr.).

- Tipulin bat.

- Bi baratxuri hortz.

- Perrexila.

- Gatza.

- Arrautza bat.

- Ardo zuri kopa bat.

- Oliba olioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!